Egun berezia izan zen atzokoa, bai. Ikusita mara-mara egiten zuela
elurra, erabaki genuen lehen orduan abiatzea Donostiara bidean. Nola
Kanpazar itxita zegoen kamioientzat, badaezpada Durangotik zehar joan
ginen. Han sartu autobidean, eta,, bat ere arazo barik, Donostiara. Lau
lagun gindoazen: Bego emaztea, Idoia koinata, Aitor koinatua eta
laurok.
Donostian, elurra, elur fina. Bi elkarrizketa telefonoz: Donostiako
Herri Irratia eta Loiolako Herri Irratia. Eguerdia iritsi zenean,
prentsaurrekoa. Hantxe ziren Berria, DV, ETB, Deia, RNE eta Efe
agentzia. Euskaraz batzuekin, gaztelaniaz besteekin, ondo joan zen
prentsaurrekoa. Bi momentutan, hunkitu, eta isildu. Bestela, ondo.
Mahaikideak ere, eskuzabal portatu ziren nirekin.
Donostiako aurkezpena
Entzuleen artean, aurpegi ezagunak: Gotzon Egia, Imanol Irizar, Patxi
Irizar, Izaskun Irizar eta Mikel Iturria, blogari fina eta lehen
artikulu hura, Medikuak esan dit minbizia dudala, gaztelaniara itzuli
zuena. Gero Mikel gurekin geratu zen bazkaltzen, Donostian bertan. Oso
bazkari atsegina izan zen.
Arratsaldean beste bi telefono dei: Euskadi Irratia eta Gara, goizean
beste toki batera joan baitziren, nahaste baten ondorioz. Eta
Arrasatera heldutakoan, beste bat gehiago, SER katea, Irundik. Beraz,
egun emankorra Donostian.
Arrasaten, berriz, bete egin zen hitzaldi aretoa Monterron jauregian:
105 bat pertsona ziren han, adi-adi entzuten. Mahaian, Mikel Irizar,
Iban Arantzabal eta hirurok. Hor ere, mahaikidek oso eskuzabal nirekin.
Ni, berriz, nahiko ondo, pare bat momentu kenduta, non hitza joan
zitzaidan, hunkituta.
Arrasateko aurkezpena
Bukaeran, 48 liburu saldu genituen, eta erosle asko mahaira etorri
ziren, nik sina niezaien liburua. Inoiz egin barik nengoen
horrelokorik, eta esan behar dut une polita izan zela. Adibidez, mutil
bat agertu zen, Zarautzetik etorria, eta eskatu zidan eskaintza bat
egitea bere amarentzat, bereiztu berria baitzen, eta hura animatzeko.
Getariko neska batekin batera etorri zen, Rakel, propio aurkezpena
entzutera.
Bukatutakoan, trago bat jo, eta geratu ginenak jatetxe txinatar batera
joan ginen, egunari amai polita ematera. Handik bueltan, autoa hartu,
eta Kanpazar aldera, poliki-poliki, izotza zegoen-eta bazterretan.
Pozik iritsi ginen horratio, egun betea izan baitzen, merezi duten
horietakoa.
Aurkezpen ostekoa
Eta bukatzeko, albiste bat, Donostian eta Mondragoen iragarri genuena. Gaurtik aurrera, Faro berria daukat, Goiena.net-en barruan: www.goiena.net/blogak/faroa Baina
horretaz, bihar gehiago.
Faroa goiena.net-en