Atzo Elgoibarren izan nintzen, Barren aldizkariak gonbidatuta. Han, hemezortzi lagunen artean, nire gaixoaldiaz hitz egin nuen, hartarako erabilita liburuaren aurkezpenean prestatutako argazkiak. Ordubete pasatxo izan zen guztira, galde-erantzunak barne.
Banuen gogoa Elgoibarrera joateko, hainbat alditan ezin joana izan bainuen gaixorik egon bitartean. Eta han lagun artean sentitu nintzen: Jasone, Alberto, Imanol, Alex, Pello, Maite eta beste batzuk. Aurrekoetan bezala, hainbat momentutan isildu egin behar izan nintzen, emozioak hartaratuta. Mahaitik, baina, konturatu niontzen beste batzuk ere halaxe zeudela. Normala, horrelako gaiak jorratzen direnean.
Nik bukatutakoan, Jasonek heriotzaz egin zidan galdera. Eta erantzunaren barruan, kontatu nien anekdota bat gero konturatu nintzen, etxera bidean bere garaian ez nuena kontatu.
Pasadizo ahaztua
Valdecillara joan aurretik, Galdakaon izan ginen Bego eta biok, eta Jesus Ojangurenekin hitz egin genuen. Egun hartan lehen aldiz, aipatu zigun mini-alotransplantea, eta gaixoak zer aukera zituen hiltzeko; %15 bat, gaizki gogoratzen ez badut.
Hitz egindakoan, beheko solairura joan ginen, txanda hartzera hurrengo hitzordurako. Jende asko zegoen ilaran. Ni jarri egin nintzen, eta Bego iilaran ipini. Esku artean Patxi Zubizarretaren” liburu bat neukan, Usoa, eta hura irakurtzen hasi nintzen. Baina, halako batean, begira geratu nintzen liburuko azalaren irudi ederrari, eta heriotzaren ideia etorri zitzaidan:
Eta hiltzen banaiz nola esango diet nire lagunei eskerrik asko, eta maite ditudala?
Ideia horrek harrapatu, eta tristura mugagabe batek estali ninduen. Orduan konturatu nintzen negarrez ari nintzela, Bego etortzearekin batera. Hura berbetan zetorren, jendetza haren gainean seguru asko, baina berehala konturatu zen ni ez nengoela entzuten.
Zer gertatzen zaizu, laztana? Patxo bat eman zidan, eta burua ferekatu.
Nola edo hala, kontatu nion zer etorri zitzaidan burura, heriotzaren orduan lagunak eta hurbilekoak nituela gogoan. Garbitu begiak, sartu liburua poltsan, eta abiatu ginen automobilerantz.
Urtebete eta erdi pasata, badaukat erantzun bat orduko galderarentzat: hiltzen banaiz, jakizue izugarri maite zaituztedala, eta betiko eskertuko dizuedala oparitu didazuen adiskidetasuna.


