Mondragoetik bueltan

Atzo arte ez nuen jakin izan eztabaida luzatu dela Anjel Lertxundi eta Jose Luis Lizundiaren artean, lehenak idatzitako zutabe baten harira. Irakurria nuen zutabea, eta baita Lizundiaren lehen erantzuna, baina ez atzetik etorri ziren beste biak. Atzo arte.

Egia esan, irakurri nuenean Lizundiaren lehen erantzun hori, pentsatu nuen harrosko zetorrela euskaltzaina. Ez zuen, bada, salatu Lertxundi, oriotarra “asko ezagutzen ez dituen gaietan” sartzen zelako? Bigarren artikuluari, berriz, beste tonu bat dario, baina gurasokeria puntu batekin.

Niri ere, “ez dut blogik irakurtzeko astirik” esanda, hasi zait azaltzen ez dakit noizko erabakia, aurrekariak garbi izan ditzadan. Eskertzen diot Lizundiari ahalegina, baina Euskaltzaindiaren erabakiak gorabehera, nik garbi daukat Mondragoen jaio nintzela, horrela deitzen diotela nire gurasoek, horrela sentitzen dudala nik, eta horrela segituko dudala deitzen, nahiz eta onartzen dudan Arrasate ere hor dagoela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Geek

Orain denbora asko ez dela, Gari Araolazak harritu gintuen bere blog ederrarekin, Teknosexua, zeinek azpititulu moduan baitauka “geek euskaldun baten memoriak”. Baina zer da berba hori, geek?

Euskaltermen begiratu dut, eta begira zer dioen. Geek: “Internetekin zoratuta dagoena, ahal duen denbora guztia sarean murgilduta ematen duena”. Nahiko definizio neutroa.

Baina beti ez da horrela izan. Begiratu dut beste hiztegi batean, The New Hackers Dictionary, eta hor aurkitu dut beste definizio bat, askoz ere negatiboa: gizartean integratu gabea, kirasduna, eta horrelako beste lore batzuk.

Seguru nago Garik beste definizio bat emango diola hitz horri. Nik, behintzat, ez dut ikusten bera lehen definizioaren barruan, eta are gutxiago bigarrenean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin

Debagoieneko blog komunitatea

Jaio berri da Debagoieneko blog komunitatea. Lehendik Faro hau aurkeztu genuen martxoaren 22an, baina joan den ostiralaz gero, sarean dago blog komunitate horren lehen taldea:

  • Piperrautsa. Mikel Irizarrek egingo du, iritzi emailea Euskadi Irratian eta Argian. Mikelek izen bereko zutabe bat du Goienkaria astekarian.
  • Arrosak latan. Leire Kortabarria kazetari oñatiarrak izango du horren ardura. Gustuko du Leirek idaztea, eta blog hau sortu du “espresiobide pertsonal moduan”.
  • Mathiasen kopilotua. Edu Mendibil kazetari bergararrak ipini dio izena blog honi, omentzeko kirol hegazkin batean Moskuko Plaza Gorriraino egin zuen gazte alemaniar hura.
  • Zinema. Antonio Zabalak sortu du blog hau, zinema kritikaria Goienkarian.

Blog komunitate hau Debagoienean sortu da, Goiena.net-ek babestuta, baina asko zor dio Eibar.org komunitateari, hura baita aitzindaria eremu horretan. Gustatzen zait blog berrien itxura, dotorea eta bateratua, bat dator-eta Goiena.net-en irudi korporatiboarekin.

Badakit laster blog gehiago etorriko direla, horretan baitabil Iban Arantzabal buru-belarri. Ea blog komunitate oparoa osatzen dugun!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Patxitraperoren pokastiña

Joan den ostiral gauean afari-bilera izan genuen geurean. Julen Gabiria etorria zen elkarrizketa bat egitera, eta lanak bukatuta, afari gozoa egin genuen, Julen bera, Mikel Irizar eta Fatima arreba ere tartean zirela.

Kafe orduan, huntaz eta hartaz hitz egin genuen, ordu txiikiak iritsi arte, eta tartean euskal blogosfera izan genuen mintzagai. Eguneko berrikuntza aipatu genuen orduan, “Patxitraperoren lehen pokastiña.”:http://patxitrapero.blogspot.com/2005/03/blogosfera-santua.html Ordenagailua jaitsi, eta entzun egin genuen. Barre ederrak egin genituen, gero! Zorionak, Patxi, eta segi umore horrekin!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Esteñibarren, elurretan

Elur asko zegoen atzo Esteñibar baserrian, Elorrion. Bazkalostean irristatzera irten ginen, eta gustura ibili ere. Mikel, Miren eta Joxe saiatu ziren aldapan behera, besteok txilioka animatzen genituen bitartean.

Ezkerretik eskuinera, Joxe, Elene txikia, Ima, Miren (prest jaisteko), Bego, Mikel eta Fatima.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Non dago Ertzaintza?

Aurtengo neguan sei ekaitz izan ditugu, elur ekaitzak alegia, eta baita egun benetan hotzak. Eta ia beti, arazoak izan ditugu Kanpazar mendatea igarotzeko, auto ilara luzeak. Kanpazar ez da mendate garaia edo zaila igotzeko; beraz, zer dela eta halako arazoak?

Ertzaintza garden bihurtu da, ez balego bezala. Orain, elurra hasten denean, inork ez du kontrolatzen nork igo ahal duen eta nork ez, inork ez die esaten kamioizaleei itxaroteko behean, bidea garbitu bitartean ezin izango dutela igo. Eta, noski, inork esaten ez badie ezer, kamioizaleek aurrera egiten dute, nahiz eta gero, zeharkatuta geratzen badira, mundu guztiak jaso kalteak beraien atzean.

Aurten arazo ugari izan ditugu Kanpazarren, bai, baina gehienak izan dira antolakuntza eskasagatik, ez berez elurra tonaka egin duelako. Eta, nire iritzian, Ertzaintzak zerikusi handia izan du horretan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Mokoroaren esapideak

Atzo irakurri nuen CodeSyntax enpresaren webgunean nola sarean ezarri diren Justo Mokoroak Ortik eta Emendik liburuan bildu zituen esapideak eta lokuzioak, guztira 92.000. Altxor hori Hiru.com webgunean dago orain, denon eskura.

CodeSyntaxek prestatu du datubasea, web intgerfazea eta bilaketa-sistema, eta, egia esatera, probatu dudanean, oso ondo dabil. Beraz, zorionak, beste behin CodeSyntaxi egindako lan txukunagatik, eta zorionak Eusko Jaurlartizari denon esku ipintzearren horrelako lan erraldoia. Nik dagoeneko ipini dut webgune hori gogokoen zerrendan, seguru nago-eta sarri erabiliko dudala.

Ereduzko Prosa Gaur izan zen sekulako ekarpena euskaraz lan egiten dugunontzat. Baita Erabili.com-ek gure esku ipini dituen baliabideak. Zer esanik ez, Intza Proiektua, edo Justo Mokoroaren hau. Noiz ipiniko du Euskaltzaindiak Mitxelenaren hiztegia denon esku sarean?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Elizarekin egin dut topo

Herenegun pare bat kontrol nituen Galdakaoko ospitalean: kardiologian eta hematologian. Hara bidean, ordea, El Gallora iritsi nintzenean, Erletxe pasata Gasteizko bidea hartu behar den tokian, abade edadetu batek sekulako zartakoa eman zidan atzean bere autoarekin, hiru bat ibilgailu geldirik genundenean, eskuinetik zetozen ibilgailuak noiz pasatuko zain. Nire atzeko kolpeleungailua lurrera joan zen, eta atzeko atea mailetuta geratu. Bizkarrean min leun bat igarri nuen.

Abadeak azaldu zidan zer gertatu zitzaion, eta han ondoan geratu ginen biok, aseguruaren paperak betetzen. Gorroto ditut horrelako tramiteak egin behar izatea, baina ni izaki gazteena, neronek egin behar idazkari lanak. Geroago, hematologoak larrialdietara bidali ninduen, badaezpada, “kolpe horiek batzuetan gerora uzten baitituzte ondorioak”. Horrela, bada, larrialdietara joan, plakak egin, eta bi ordu zain egonda, traumatologoak esan zidan ondo nengoela, nahiz eta seguruenik atzo eta gaur molestia handiagoak izan.

Ilusio handia nuen Jesus Ojangureni eta Josune Urrutiari liburu bana emateko. Lehena da nire medikua Galdakaon, eta bigarrena, erizaina. Eta momentua iritsi zenean, istripuak istripu, plazer handia izan nuen liburuak haien esku utzita. Beraiek ere gustura hartu zuten oparia. Jakinaren gainean zeuden kaleratu nuela liburua, hainbat jendek esana baitzien telebistan ikusi nindutela, edo irratian entzunda.

Liburua opari

Miatu ere miatu ninduen Jesusek, eta ondo aurkitu. Hori bai, gomendatu zidan prednisona gehiago hartzeko, kortikoide mota bat, ahoan ditudan sintomak konpontzeko, hortxe agertzen baitzaizkit oraindik ere erretxazo arrastoak.

Beste hitzordua kirurgia kardiobaskularrean nuen, ikusteko nola doazen gauzak tronbosiaren ondoren. Rodriguez doktoreak agindu zidan Sintrom uzteko, baina galtza berezia oraindik beste lau hilabetez erabiltzeko, ezker hankan janzten dudana,.

Agur, Sintrom

Maiatzean, gainera, tronbofilia bat egingo didate, odol azterketa berezi bat, ikusteko ea ezer dudan nire odolean tronbosia eragin lezakeena. Horren gainean Jesus Ojangurenek esan zidan azterketa horrek ez duela, seguruenik, ezer konponduko, bere iritziz, kimioak eta hezur-muinaren transplanteak zerikusi zuzena izan baitzuten ekaineko tronbosiarekin. Orain, berriz, tratamendu berezi haiek amaituta, tronbosi arriskua ere joana litzateke. Hala ere, proba egin behar, badaezpada.

Zer gerta ere, hurrengoan Volvo handi-mandi horietako bat eramango dut ospitalera, bizkarra zaintzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Aurkezpena Bilbon

Atzo iluntzean Bilbon izan ginen, liburua aurkezten. Likiniano liburu-dendan egin genuen aurkezpena, 25 bat lagunen aurrean, tartean senitartekoak, lagunak, eta propio etorritakoak.

Bertaratu ginenean —Begorekin eta Mirenekin joan nintzen, azken honek derrigorrean joan behar baitzuen— Iban Arantzabal eta Julen Gabiria hantxe zeuden, gertu. Julenek Olaia zuen ondoan, bere neska laguna, eta irakaslea Labayru Ikastegian. Oraindik gauza asko dituenez ikusteko Elorrion, geratu ginen asteburu batean biak etorriko direla egun pasa egitera gurekin.

Ia zortziak arte denda zabalik egon zen; beraz, ezin tramankuluak ipini aurkezpena egiteko. Halako batean, ordea, bertako arduradunak hasi ziren liburu apalategiak mugitzen batera eta bestera, gurpildunak baitira, eta, ipuinetan bezala, bat-batean lekua egin zen. Amen jesus batean agertokia eta entzuleen lekua prest zeuden. Likinianokoek oso ondo dute dena prestatuta liburu-denda horrela moldatzeko.

Hasi aurretik, hainbat Ansolatar agertu ziren, Begoren aldeko familia. Baita Juan eta Ramon, nire anaiak, aprobetxaturik bilera bat zutela Bilbon. **Iñaki Fernandez de Ganboak eman zidan ezusteko atsegina, nire lankide ohiak. Angel Bidaurrazaga ere hantxe izan zen, Euskara zuzendaria Bizkaiko campusean, EHUn, eta internauta ezaguna. Beste blogari ezagun bat, Jabi Zabala,** ondo lagunduta, eta bizarrarekin, ez ezagutzeko moduan. Beste batzuk ez nituen ezagutzen, tartean bi gazte, Igela literatura taldekoak izan zitezkeenak, baina hori ez dakit seguru, bukaeran ez nuen-eta aukerarik izan beraiekin hitz egiteko.

Bertaratuak

Mahaian Julen Gabiria, Iban Arantzabal eta hirurok izan ginen. Julen hasi zen, antolatzaile nagusia, eta berba politak esan zituen liburuaren gainean. Baita Iban Arantzabalek. Ni sentitu nintzen bi printzeren artean, etorkizunean zeresan handia emango duten bi mutil argi eta miresgarriak. Nire txanda iritsitakoan, argazkien gaineko gorabeherak kontatu nituen, hasi eta buka. Gustura sentitu nintzen, oso leku bildua zelako, eta hurbil sentitu nintzelako hango jendearekin.

Aurkezpena amaituta, trasteak bildu, apalategiak beren lekuan ezarri, jabeak agurtu, eta trago pare bat jo genuen Bilboko Zazpi Kaleetan. Miren lo iritsi zen Elorriora, aurpegian irribarre bat zuela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 7 iruzkin

Zaharrago eta zuhurrago

Badaukat lankide bat laster hartuko duena erretiroa. Urtebe eta erdi inguru falta zaio horretarako. Berak ere badu beste lagun bat, erretiroa hartu berri duena. Aurreko batean, biak elkartu eta nire lankideak galdetu besteari zer moduz bizimodu berrian. Bigarrenak erantzun zenbait gauza gustatu ez, baina oparitu diola bere buruari urte sabatikoa, ezer erabaki aurretik.

Gustatu zitzaidan erabakia: gizonak ikusi ditu erretiroan zenbait gauza, eta ez zaizkio gustatu. Hala ere, urduritu aurretik, erabaki du lasai hartzea aldi batez, harik eta ondo jabetzen den arte zer gustatzen zaion eta zer ez erretirotik. Eta gero, erabaki.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina