Aurkezpena Bilbon

Atzo iluntzean Bilbon izan ginen, liburua aurkezten. Likiniano liburu-dendan egin genuen aurkezpena, 25 bat lagunen aurrean, tartean senitartekoak, lagunak, eta propio etorritakoak.

Bertaratu ginenean —Begorekin eta Mirenekin joan nintzen, azken honek derrigorrean joan behar baitzuen— Iban Arantzabal eta Julen Gabiria hantxe zeuden, gertu. Julenek Olaia zuen ondoan, bere neska laguna, eta irakaslea Labayru Ikastegian. Oraindik gauza asko dituenez ikusteko Elorrion, geratu ginen asteburu batean biak etorriko direla egun pasa egitera gurekin.

Ia zortziak arte denda zabalik egon zen; beraz, ezin tramankuluak ipini aurkezpena egiteko. Halako batean, ordea, bertako arduradunak hasi ziren liburu apalategiak mugitzen batera eta bestera, gurpildunak baitira, eta, ipuinetan bezala, bat-batean lekua egin zen. Amen jesus batean agertokia eta entzuleen lekua prest zeuden. Likinianokoek oso ondo dute dena prestatuta liburu-denda horrela moldatzeko.

Hasi aurretik, hainbat Ansolatar agertu ziren, Begoren aldeko familia. Baita Juan eta Ramon, nire anaiak, aprobetxaturik bilera bat zutela Bilbon. **Iñaki Fernandez de Ganboak eman zidan ezusteko atsegina, nire lankide ohiak. Angel Bidaurrazaga ere hantxe izan zen, Euskara zuzendaria Bizkaiko campusean, EHUn, eta internauta ezaguna. Beste blogari ezagun bat, Jabi Zabala,** ondo lagunduta, eta bizarrarekin, ez ezagutzeko moduan. Beste batzuk ez nituen ezagutzen, tartean bi gazte, Igela literatura taldekoak izan zitezkeenak, baina hori ez dakit seguru, bukaeran ez nuen-eta aukerarik izan beraiekin hitz egiteko.

Bertaratuak

Mahaian Julen Gabiria, Iban Arantzabal eta hirurok izan ginen. Julen hasi zen, antolatzaile nagusia, eta berba politak esan zituen liburuaren gainean. Baita Iban Arantzabalek. Ni sentitu nintzen bi printzeren artean, etorkizunean zeresan handia emango duten bi mutil argi eta miresgarriak. Nire txanda iritsitakoan, argazkien gaineko gorabeherak kontatu nituen, hasi eta buka. Gustura sentitu nintzen, oso leku bildua zelako, eta hurbil sentitu nintzelako hango jendearekin.

Aurkezpena amaituta, trasteak bildu, apalategiak beren lekuan ezarri, jabeak agurtu, eta trago pare bat jo genuen Bilboko Zazpi Kaleetan. Miren lo iritsi zen Elorriora, aurpegian irribarre bat zuela.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

7 erantzun Aurkezpena Bilbon-ri

  1. egilea: Juan Luis Azkarate

    Kaixo eta zorionak weblog diseinu berriagatik. Oso oso ona da goiko marrazki hori, mundiala.

    Weblogak direla eta, hainbat gogoeta egitera natorkizue. Lehengunean nire lankide batek honako esaldi hau bota zuen, literalki: “Joxe Aranzabal obsesionatuta dago weblog-ekin”, eta honek zer pentsa eman dit. Eta gero, zuen argazkia ikusi dudanean, domeka arratsalde batean, weblog ikastaro batean. Enfin…

    Ez ote da moda hutsa izango weblogen kontu hau?; hainbeste jende dago gauzak adierazteko irrikan?; eta orain arte, nola askatzen zuten gauzak adierazteko premia?; non idazten zuten, tabernetako komunetako paretetan?; nondik ataratzen dute denbora weblogak elikatzeko?

    Gainera, nire ustez oso gaitza bada weblog kolektibo baten interesa mantentzea, askoz gehiego pertsonalena. Esaterako, Joxe bertan idazten ez duenetik, niretako sustatu.com-ek asko galdu du.

    Ia nola irtetzen den goiena.com-eko esperimentu hau. Zorte on.

  2. egilea: Iban Arantzabal

    Aupa Juan Luis,

    Zurea irakurri eta… Ño! Seguru blogari ona zinatekeela! Komunikazioan era bazabiltza-eta… Egunen batean egin behar dugu berba biok. Esperimentu honen gainean jardungo dugu eta erakutsiko dizut zein den asmoa, zelan egiten dugun, zein baliabide ditugun… Sustatu jarraitzen duzula badakit, eta orain blog pertsonalak ere jarraitzen badituzu bejondeizula! Horixe da, azkenean nahietako bat, irakurtzea. Orain handiagoa da erronka: Jendeak idaztea. Badakizu nirekin zelan kontaktua egin. Laster arte.

    Iban

    Oh.: Joxe, eskerrik asko lorengatik, baina ez da hainbesterako. Zu bai portatu zinela artista baten moduan. Hurrengoak ere horrela ateratzen badira ez da makala izango. Animo!

  3. egilea: Juan Luis

    Iban: blogzalea zalea naiz, noski. Egongo gara.

  4. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Juan Luis! Saiatuko naiz zure puntuei erantzuten:

    • Diseinua. Egia da Faroak oso diseinu ona duela. Niri, behintzat, izugarri gustatzen zait. Eta hori da Maite Rementeriaren meritua.
    • Obsesioa. Nik esango nuke Joxe oso gustura dabilela blogekin, baina ez obsesionatua. Egunero idazten dut zerbait, baina etxera natorrenean, ez beste inon. Nire denbora librean, alegia. Beraz, zure lankide batek besterik esan badizu, ez kezkatu. ez da-eta horrela. Eta domekei dagokienez, jendeak ez al ditu aprobetxatzen domekak gustuko jarduerak egiteko: Urbiara joan, Anoeta nahiz San Mamesera, edo inguruko sagardotegira? Gu ez gara oso diferenteak blogak nola egiten diren ikastera joatearren.
    • Interesa. Hedabide guztiek dituzte zikloak, gorabeherak, eta Sustatu ez da salbuespena. Erreferentzia bihurtu da euskal blogosferan, eta erreferentzia izaten segituko du. Besteok, gure kontura hasi garenok, beti izan beharko dugu gogoan zertan ari den Sustatu.
    • Juan Luis, blogaria. Ibanek bezala, nik ere uste dut blogari ona izango zinatekela, Juan Luis. Lehen aipatu dugun ikastaroan, hain zuzen, zure izena aipatu genuen, eta denak bat gentozen horretan. Ondo idazten duzu, eta txispa daukazu. Inoiz animatzen bazara, izugarri poztuko naiz, eta denok irabaziko dugu.

    Besarkada handi bat.

  5. egilea: Juan Luis

    Kaixo, Joxe, ez zenuen zertan erantzun beharrik. Ironiaz beteriko posta zen, besterik gabe.
    Eta ni blogari? enuke ezetz esango…
    Eta bide batez, galdera bat, zeri deitzen zaio Coreblog? goiparteko franja hori?
    zorionak Maite Rementeriari eta eskerrik asko zuei.

  6. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Juan Luis! Coreblog da erreminta bat, software librean egindakoa, eta balio du blogak egiteko. Zope softwarearen gainean dabil. Faroa, adibidez, eraiki da Coreblog erabilita. Goiena.net-ek sortuko dituen gainerako blogak ere Coreblog erabiliko dute, euskaraz.

    Gehiago jakin nahi baduzu horretaz, klik egin hemen

  7. egilea: Luistxo

    Gaur Jabi Zabalarekin izan naiz Bilbon Euskal blogofera gaur kontuaren inguruan, Deustuko Littera taldeko lagun batzuekin. Jabik, mezu honetakoa irakurrita, bizarra moztu du. Baina ondo lagunduta etortzeari ez dio uko egin. Nik ere esan dezaket, ederto lagunduta etorri dela gaur. Laster argazkiak esklusiban Pronton… edo Pronton ez bada, Ingelesen Hilerrian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude