Mari Treku

Mari Treku hil da, Mattin bertsolaria zenaren alarguna. Inoiz ez nuen ezagutu Mari Treku, baina haren liburu bat irakurri nuen orain hogei bat urte, Mattin, nere gizona, Auspoa argitaletxeak kaleratua, eta izugarri gustatu zitzaidan. Geroztik, hainbat aldiz irakurri ditut haren kronikak Herria aldizkarian. Emakume argia iruditu zitzaidan Mari Treku, adoretsua, eta zentzuduna. Goian bego.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ikuskizun harrigarria

Igande iluntzean zerbait harrigarria gertatu zitzaion Mireni: une batez, telebistan ikusi zuen Felipe Atutxa ginekologoa, zeinek 1995ean bera munduratu zuen Quiron ospitalean, Donostian.

—Begira, Miren. Gizon horrek lagundu zion amatxori zu jaio zinenean. Burutik hartu, eta berak atera zintuen amatxoren maginatik.

—Horrek…?

Gizon burusoil bat zuen pantailan, zuriz jantzita, eta hitz egiten ez-dakit-zertaz. Baina Mirenek hura ezin sinetsirik zegoen. Ama etorri behar baietz esatera. Orain badaki gauza bat gehiago, nahiz eta arraroa egiten zaion.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Superbai

Goio Aranak blog bat sortu du, Superbai, non diseinatzaile mondragoetarra diseinuaz eta bestelakoez arituko baita.

Goio laguna dut, eta garai batean lankide, Arrasate Pressen. 1988an, katea utzi Fagorren, eta Arrasate Pressera etorri zen, ikastaro arin bat eginda MacIntosh ordenagailuarekin nola erabili Pagemaker programa. Harrezkero, hazi egin da Goio: maketatzaile izatetik diseinatzaile izatera pasatu zen, eta, seguruenik, bera izango da euskal diseinatzailerik sarituena nazioartean. Goio Aranaz gehiago jakin nahi duzuenok, Sustatun irakur dezakezue.

Orain arteko mezuetan Goiok gogoeta egin du diseinuaren gainean, eta horretarako erabili ditu begi bistan ditugun elementuak, adibidez alderdi politikoen anagramak, gure herrietako paretetan ikusteko modukoak. Bere iruzkinak aberasgarriak dira, oso. Ahal baduzue, gorde Superbai gogokoenetan. Nik, behintzat, harpidetu dut Bloglines albiste biltzailean, horrek ekar diezadan begi bistara, Goiok zerbait idazten duen bakoitzean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Blogarion besta

Joan den asteazkenean Espaloiak zabaldu zuen deialdia apirilaren 17rako. Egun horretan, bozketa eguna EAEn, euskal blogariok elkartuko gara Elgetan bertan, arratsaldeko 18:30ean.

Beste leku batzuetan bilkura horiei deitzen diete Blogs & Beers, blogak eta garagardoa, baina nik bat egin nahi dut Asier Sarasuak eta Julen Gabiriak hemen egindako proposamenarekin, eta horregatik proposatzen dizuet gure arteko bilkura hauei deitzea BST, Blogak, Sagardoa eta Txakolina, edo modu errazagoan, eta bat egiteko euskaren tradizioarekin, besta, blogarion festa izango direlako.

Apirilaren 17an Elgetan izango naiz, bestarako prest, eta gonbidatu nahi zaituztet blogari guztiak anima zaitezten etortzera. Blog irakurleak edo blogari izan nahi duzuenak ere ongi etorri beroa jasoko duzue.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Elorrio kt 3, laugarren

Gaur jokatu dute Mirenek-eta azken partida ligan. Zelan jokatu, gainera: 16-7 irabazi diote Galdakaoko talde bati.

Aurten ez genuen gauza handirik espero txapelketa honetan, Elorrioko jokalari guztiak hasiberriak direlako. Hala ere, bospasei partida irabazi dituzte, eta, beraz, laugarren sailkapen nagusian. Denok uste genuena baino dezente gehiago. Zorionak, beraz, gure neskei, eta baita Kris entrenatzaileari ere. Ahaztu barik Josi, Rocio eta Eli, horien laguntza ere ezinbestekoa izan baita.

Orain, denboraldia ondo bukatzeko, bazkaldu egingo dugu denok batera, jokalariek, gurasook eta zenbait laguntzailek. Lejarazu tabernan izango da hori, arratsaldeko 14:30etan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Bloglines

Azken aldi honetan Bloglines albiste biltzailea ez dabil oso santu. Azken hiru egunotan, adibidez, ez du bat ere albisterik jaso Faro honetatik, nahiz eta egunero atera dudan zerbait.

CodeSyntaxeko lagunek esan didate Faroaren feedak ondo daudela, beraz, arazoa Bloglinesen bide dago. Beraz, Faroa Bloglinesen irakurtzen duzuenok, pazientzia eta egonarria, laster konponduko da eta. Mila esker.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Elgoibarren

Atzo Elgoibarren izan nintzen, Barren aldizkariak gonbidatuta. Han, hemezortzi lagunen artean, nire gaixoaldiaz hitz egin nuen, hartarako erabilita liburuaren aurkezpenean prestatutako argazkiak. Ordubete pasatxo izan zen guztira, galde-erantzunak barne.

Banuen gogoa Elgoibarrera joateko, hainbat alditan ezin joana izan bainuen gaixorik egon bitartean. Eta han lagun artean sentitu nintzen: Jasone, Alberto, Imanol, Alex, Pello, Maite… eta beste batzuk. Aurrekoetan bezala, hainbat momentutan isildu egin behar izan nintzen, emozioak hartaratuta. Mahaitik, baina, konturatu niontzen beste batzuk ere halaxe zeudela. Normala, horrelako gaiak jorratzen direnean.

Nik bukatutakoan, Jasonek heriotzaz egin zidan galdera. Eta erantzunaren barruan, kontatu nien anekdota bat —gero konturatu nintzen, etxera bidean— bere garaian ez nuena kontatu.

Pasadizo ahaztua

Valdecillara joan aurretik, Galdakaon izan ginen Bego eta biok, eta Jesus Ojangurenekin hitz egin genuen. Egun hartan lehen aldiz, aipatu zigun mini-alotransplantea, eta gaixoak zer aukera zituen hiltzeko; %15 bat, gaizki gogoratzen ez badut.

Hitz egindakoan, beheko solairura joan ginen, txanda hartzera hurrengo hitzordurako. Jende asko zegoen ilaran. Ni jarri egin nintzen, eta Bego iilaran ipini. Esku artean Patxi Zubizarretaren” liburu bat neukan, Usoa, eta hura irakurtzen hasi nintzen. Baina, halako batean, begira geratu nintzen liburuko azalaren irudi ederrari, eta heriotzaren ideia etorri zitzaidan:

—Eta hiltzen banaiz… nola esango diet nire lagunei eskerrik asko, eta maite ditudala?

Ideia horrek harrapatu, eta tristura mugagabe batek estali ninduen. Orduan konturatu nintzen negarrez ari nintzela, Bego etortzearekin batera. Hura berbetan zetorren, jendetza haren gainean seguru asko, baina berehala konturatu zen ni ez nengoela entzuten.

—Zer gertatzen zaizu, laztana? Patxo bat eman zidan, eta burua ferekatu.

Nola edo hala, kontatu nion zer etorri zitzaidan burura, heriotzaren orduan lagunak eta hurbilekoak nituela gogoan. Garbitu begiak, sartu liburua poltsan, eta abiatu ginen automobilerantz.

Urtebete eta erdi pasata, badaukat erantzun bat orduko galderarentzat: hiltzen banaiz, jakizue izugarri maite zaituztedala, eta betiko eskertuko dizuedala oparitu didazuen adiskidetasuna.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Kameleoia

Herenegun Espainiako Gotzainen Batzarrak ezusteko galanta eman zuen: Rouco Varela alde batera utzi, eta Ricardo Blazquez aukeratu zuen buru aldi berrirako. Lehena belatza omen zen; bigarrena, ordea, usoa. Eta denok pozik, PPkoak izan ezik.

Pentsatzen hasita, berriz, argi geratu da, beste behin, nolako ahalmena duen elizak aldez aldatzeko: gobernuan PP dagoela? Rouco Varela. Sozialistak daudela buruan? Ricardo Blazquez. Eta, ez gaitezen engaina, EAJ dela nagusi? Juan Maria Uriarte. Kontua da beti boterearekin ondo konpontzea. Kameleoiak ez dira trebeagoak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Vanessa eta Begoña

Atzo gauean Sorginen Laratza ikusi nuen, zati bat. ETBko bi berriemaile gazte ziren eguneko gonbidatuak: Vanessa Sanchez eta Begoña Cortina. Lehena berriemailea Parisen, eta bigarrena, Londresen.

Bukaeran ezusteko bat eman zieten biei: morrosko bat hurreratu zitzaien, suhiltzaile jantzita. Eta han non hasi zitzaien strip-tease egiten mahai gainean. Begoña Cortinak ez zekien zer egin, eta mutila hurbildu zitzaionean xirri batzuk egin ziezazkion, ematen zuen neska lehertzeko zorian zegoela. Ez zuen ezer esaten, baina haren aurpegiak eta gorputzaren keinuek garbi adierazten zuten disgustura zegoela. Vanessa, ostera, hobeto moldatu zen, umore piska bat erabilita.

Ulertzen dut Begoñaren jarrera, seguru bainago hura ez zela joan programara mutil baten ipurdi olioztatua ferekatzera. Eta pena eman zidan neska hura sufritzen ikusteak…, baina Sorginen Laratzara doanak jakin beharko luke zer aurki lezakeen hor.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Udaberria

Gaur goizean Eskoriatzara iritsi naizenean, hotz egiten zuen fakultateko aparkalekuan: – 2ºC. Zerua, berriz, garbi, eta, han gainean, Kurtzebarri, zuri-zuri. Automobiletik irten eta birigarroaren txioketak hartu nau, alai eta luze. Aurrera egin eta harnasa hartu dut. Eta orduan gogoratu naiz udaberriaz. Datorren seinale ote?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1