Irujo

Nahi nuen Aimarrek irabaztea, eta azkenean berak irabazi, 22-18, baina oraindik ez dut garbi ikusten nola eskuratu duen txapela, goizuetarra oso gaizki hasi baita. Partida arraroa izan da, oso, eta gauean berriro ikusi beharko dut, ulertzeko zer gertatu den.

Sariak banatu ondoren, berriz, atentzioa eman didate Irujoren hitzek: “hasierako beroaldia pasata, kontuan hartu behar dut txapeldunordea izatea ez dagoela bat ere gaizki”, edo horrelako zerbait. Alegia, finala amaitu eta hamar minutu baino pasatu ez direnean, bere buruan buelta ematen hasi dela hartutako zartakoari.

Eta horrela behar da. Irujo gaztea da oraindik, baina erakutsi du, beste behin, txapeldun handia dela, eta ezbeharrean ere badakiela burua jasotzen. Zorionak, bada, txapeldunari eta txapeldunordeari!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Hitzak

Anjel Lertxundiren gaurko zutabea irakurrita, erabaki dut aipamen bat egingo niola, eta, aldi berean, lotura eskaini, bere artikulura. Joan naiz Berriara, eta aurkitu dut lotura bat kilometrikoa, 214 letra eta zenbakikoa.
http://www.berria.info/iritzia/zutabea_ikusi.php?Saila=IRITZ
IA&Iturria=BERRIA&Data=2005-06-05&Produktua=BERR
IA&Edizioa=00&Orria=007&Kont=029&Sinadura=AN
JEL%20LERTXUNDI&Zint=%3Czintiloa%3Ehitz%20beste%3C/zinti
loa%3E Atentzioa eman dit, larregikoa iruditu baitzait. Horregatik, TinyURL bat egin dut lotura horrekin, eta beste hau atera zait, 24 karakterekoa: — http://tinyurl.com/9eldv
Lotura biek leku berera garamatzate, Anjel Lertxundiren zutabera. Ni esaldi honekin geratu naiz, baina gomendatzen dizuet irakurtzea:
Gerrak ez dira lurraldeak konkistatuz bakarrik egiten. Hitzak konkistatzen dira lehendabizi manipulatu, eraldatu, arma bihurtu, gero gainerako konkistak zuritzeko.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Jon Arretxerena literatura ote?

Eztabaida polita izan dugu Ibon Egañak Gara egunkarian egindako adierazpen batzuen harira. Baina eztabaida horrek oraindik izan lezake jarraipenik, beste kontu baten harira: zer den, eta zer ez den literatura.

Ikusten dut Ibanek eta Ibonek listoia goi jarri nahi dutela lliteratura zer den definitzeko orduan, baina ahaztu egiten zaie beste faktore bat: irakurlea. Literatura ez du egiten idazleak bakarrik, baita irakurleak ere.

Bere erantzunean, Iban Zalduak zalantzan jartzen du Jon Arretxeren lanak literatura ote diren. Nik gauza bat esango dizuet: Tubabu kaleratu zenean, Jonen lehen liburua oker ez banabil, oso gustura irakurri nuen; niretzat izan zen oso esperientzia berezia liburu hura irakurtzea. Jon Arretxeren eskutik, zeharkatu nituen Saharako basamortua, eta Afrika beltzaren lurralde zoragarriak. Bera estu zebilenean, ni ere, halatsu; eta pozik zihoanean, berriz, nik ere lagundu egiten nion pedalei eragiten.

Horregatik, Tubabuk beti izango du leku bat nire altxor literarioan, eta ez dut zalantza izpirik hori literatura dela, bidai literatura. Sinpleegia naizela? Baliteke, baina nik neuk agintzen dut neure ondarea antolatzeko orduan, pribilejio hori dugu-eta irakurleok geure gauzekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Woodstein

Watergate kasua bere gorenera iritsi zenean, 1974an, EUTGn ari nintzen ikasten, Donostian. Gogoan dut nola, gutxi iritzita hemengo egunkariek zenbat idazten zuten eskandalu hartaz, LExpress aldizkaria erosten nuela, eta han irentsi Watergatez idatzitako guztia. Liburua gaztelaniaz kaleratu zenean ere, ia-ia jan egin nuen.

Miretsi egiten nituen Woodward eta Bernstein kazetari gazteak. Geroago jakin nuen askok deitzen zietela Woodstein, pertsona bakarra bailiran, hainbeste zabaldu baitzen bien arteko talde lanaren oihartzuna. Urte asko pasatu dira harrezkero, eta aldi horretan bakoitzak bere bidea egin du, baina, egun hauetan gertatu den moduan, gure oroimenean Watergate kasuak batu ditu berriro, oraingoan jakinarazi delako nor zen Deep Throat.

The Washington Post egunkariak blog bat sortu du jakin bezain laster Vanity Fair aldizkariak publiko egin zuela nor zen Deep Throat, kazetariei informazioa ematen ziena.

Blog bat “Eztarri urratuaz”

Bloga oso bizia da, irakurterraza, eta informazio mordoa ematen du zenbat hauts harrotu den Mark Felt zaharraren inguruan. Uste izatekoa zenez, izugarri igo dira salmentak gai horren inguruko liburu eta materialenak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Kamil eta Jonmikel

Jonmikel Intsaustiren mezu bat jaso dut Poloniatik, Wroclaw hirian baitago, Fagorren fabrika batean. Orain bost urte Londresen ezagutu genuen elkar, Institute of Basque Studies erakundeak eratutako euskal aste batean, artean bera Errioxako Unibertsitatean zebilela, eta ni Goienan.
Jonmikelek dio orain dela hiru aste irakurri duela nire liburua, nahiz eta, aurretik, bazekien nire esperientziaren berri, Sustatun irakurrita. Baina, horrekin batera, kazetari poloniar baten berri ematen dit: — Mezu honen helburua, aspaldiko partez goraintziak bidaltzeaz gain, zure kasua duen Poloniako Telebista Publikoko (TVP) Kamil Durczok kazetariaren berri ematea da. Ez dakit zein nolako minbizi izan duen, baina tratamenduaren kontra adorea jarriz, aurrera atera da eta berriz ari da telebistan lanean. Nire neskalagunak esan zidanez, berak lanean jarraitu zuen telebistan tratamendua jaso bitartean… eta sintomak nabariak izan zirenean, orduan ikus-entzuleei esan zien bere gaixotasunen berri. Bueno, zure kasuarekin gertatu den bezala, liburu bat ere atera berri du.

Liburuaren izenburua euskaraz da “Bizitza irabazi”, Jonmikelek diostanez. Pozten naiz Kamil Durczok osatu eta berriro lanera itzuli delako, eta pozten naiz berriro Jonmikelen berri izan dudalako. Hilabete pare bat barru Euskal Herrira itzultzeko esperantza du, beharbada betiko hemen geratzeko. Hitz eman diogu elkarri, berriro elkartuko garela kafe baten inguruan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Obszenoak gara blogariok?

Joan den larunbatean, Gara egunkariaren Mugalari gehigarriak erreportaje interesgarri bat zekarren, Urtzi Urrutikoetxeak idatzia, blogak eta literatura gai hartuta. Bertan Xabier Mendiguren Elizegi, Julen Gabiria eta Volgako Batelariak elkarrizketatu zituen Urtzik. **Ibon Egañaren** esaldi batek eman zidan atentzioa:
Blog pertsonal batzuek badute zerbait streaptease intelektual eta ez hain intelektualetik. Niri obszeno xamarrak iruditzen zaizkit asteburua eta zaletasunak kontatzeko baliatzen diren blog horiek.

Beraz, idazle batek ateratzen badu autobiografia bat, non kontatzen dituen, besteak beste, nola pasatzen dituen asteburuak, eta zer zaletasun dituen, hori literatura da; baina blogari batek gauza bera egiten badu, obszeno samarra da?

Obszenoak iruditzen zaizkio Ibon Egañari Anne Frankek bere egunerokoan idatzitakoak? Ala egunerokoak ez dira obszenoak, baldin eta idazten badira ez publikatzeko baldintzarekin? Eta berdin autobiografiak?

Bere lagunekin elkartzen denean, Ibon Egañak ez du hitz egiten asteburuez eta zaletasunez? Horretaz hitz egitea obszenoa da? Ala hitz egitea ez da obszenoa, baina idaztea bai, batez ere idazten den hori publikatzen bada Interneten?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 11 iruzkin

Dena doa ondo

Atzo Valdecillako ospitalean izan ginen, kontsulta eguna genuen-eta. Jendez lepo zegoen ospitalea, eta baita Hematologia saila ere. Medikuak hartu gintuenean, ustekabe txiki bat izan genuen, eta, zorionez, horretan geratu zen.

Bi frogaren emaitzak eraman genituen guk Galdakaotik: PET delakoa, eta eskanerra; eta biak ondo zeuden. Hirugarren frogaren emaitza, aldiz, hantxe zeukan medikuak, nire izeneko karpetan, eta zen kimerismoa. Kimerismoa da froga bat, eta egiten da odolean, neurtzeko nire hezur-muinean zer proportziotan dauden nire arrebak transplantean emandako zelulak eta nireak, azken horiek transplantearen aurretik neuzkanak.

Kontua da papera irakurri zuela denok entzuteko moduan, eta zioen nire hezur-muinean zeuden zelulak zirela “%100 hartzailearenak,” hau da, nireak. Urtebete lehenago, berriz, %95 jatorriz nire arrebarenak ziren. Beraz, zerbait txarto zegoen. Medikua berehala konturatu zen, eta esan zuen “hau ez dut sinisten; seguru okerren bat dagoela hemen”, bestela, zerbait txarraren adierazgarri izango litzateke-eta.

Laboratoriora deitu, eta nire analisiaren berri eskatu zuen. Handik bost minutura, teknikari bat agertu zitzaigun, jatorrizko paperarekin. Horrek zioen zelulak zirela “%0 hartzailearenak”. Edo, beste modu batera esateko, “%100 Fatimarenak”. Ezin hobeto, beraz. Laboratoriokoen hutsa izan zen, papera berriro idazterakoan. “Ez dakit zergatik idatzi behar izaten duten berriro analisiaren emaitza —esan zuen Conde doktoreak—, onena izango litzateke dokumentu originalaren kopia bat egitea; bestela, hutsak egiteko aukerak askoz ere handiagoak dira”. Baina, burokraziak agintzen du han ere.

Kontua da eginda genituen hiru frogak ondo daudela, eta, oraingoz, nire gorputzean ez dela gaixotasunaren arrastorik ageri.

Galdetu zidanean zer moduz nengoen, esan nion ondo nabilela, baina lehen aldiz aipatu nion prednisona hartzen hasi nintzenetik izugarri igarri dudala libidoaren beherakada, hau da, gogoa sexuaz gozatzeko. Eta harritu egin zen: “Hara, bada jeneralean kontrakoa gertatzen da, prednisona hartzearekin batera, jendea katxondo jartzen da. Zenbait kasutan, 80 eta piku urteko gizonei ematen dizkietenean kortikoideak, gero bere onetik irtenda ibiltzen dira emakumezko erizainekin, erabat lotsabakotuta”. Eta barre egin genuen.

Kortikoideak eta libidoa

Ez kezkatzeko, gauza asko hartu ditudala: kimioa, ziklosporina, prednisona, eritropoietina, etab, etab,, eta batzuetan sustantzia horiek elkar eragiten hasten direnean, gure gorputza has daitekeela gauza arraroak sentitzen. Eta horrena izan daitekeela.

Laburbilduz: ondo nabil, oraindik segitu beharko dut prednisona jaisten, baina oso poliki, eta azaroan bueltatzeko Valdecillara. Bitartean, kontrol txikiak Galdakaon egingo ditut, Jesus Ojanguren doktorearekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 7 iruzkin

Trackback

Joan den ostiralean hiru trackback jaso nituen Faroan. Batetik Igorringok aipatzen ninduen La Cocteleran egin duen blogean, aurreko batean erantzun bat utzi niolako. Bestetik, Mikel Larreategik eta Imanol Sorianok ere kuku bat egin zidaten, Gipuzkoako Foru Aldundiari egindako gutuna dela eta. Hori ikusita —aurretik ere jaso ditut hainbat trackback—, erabaki dut nik ere ikasi behar dudala nola egin loturak trackback bidez.

Trackback

Zer da, baina, trackback
delako hori? Trackback da aipamen bat, eta egiten da blog batean, beste blog bati buruz. Eman dezagun nik aipatu nahi dudala neure blogean Gari Araolazak bere blogean idatzi duen artikulu bat, non proposatzen digun blogari euskaldunoi egin dezagun Google Bombing bat. Bi modutan egin dezaket hori: hementxe bertan aipatuta, lotura baten bidez; eta ping bat bidalita, trackback egiteko, Garik jakin dezan nik aipatu dudala bere artikulua. Kasu horretan ping hori da mezu txiki bat, eta doa nire blogaren zerbitzaritik Teknosexuaren zerbitzarira.

Trackback bidez, gehiago lantzen da blog komunitatearen sarea. Izan ere, bidaliz gero trackbackak zerbitzari zentral batera, bisitariek irakurtzea dute gai baten inguruan idatzi diren mezu guztiak.

Trackbacka 2002ko abuztuan sortu zen Movable Type 2.2 plataformaren barruan. Hala ere, hasi omen zen garrantzia hartzen, beste plataforma batzuk ere hasi zirenean erabiltzen. Coreblog-ek ere onartzen du trackbacka, bai, behintzat Eibar.org eta Goiena.net komunitateek darabiltzaten bertsioek. Kasu horietan trackbacka eskuz egin behar dugu. Beste plataforma batzuek, La Coctelerak, esaterako, modu automatikoan egiten dute.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Drogaren eragina

Hollywoodeko poliziak argazki hauek ipini ditu bere webgunean, erakusteko zer kalte eragin ditzakeen drogak pertsonengan.

Kasu horretan argazkiak pertsona berari atera zaizkio. Hamar argazki dira, hamar urtean aterata, pertsona atxilotu duten bakoitzean, nahiz eta argazkien arteko tarteak ez diren berdinak beti. Hurrengo argazkira joateko, klik egin argazkian bertan edo alboan dagoen loturan.

Argazkiak egiazkoak badira, ikaragarria da hamar urtean pertsona horrek izan duen bilakaera drogen ondorioz, baina ez naiz ausartzen besterik esaten, argazkietatik aparte, informazio oso gutxi dudalako emakume horren gainean. Bakarrik dakit, poliziak esanda, drogaren eta prostituzioaren ondorioak nozitu dituela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

RTF

Aspalditik erabiltzen dut RTF formatua —Rich Text Format— testuak gordetzeko eta bidaltzeko, batez ere etxeko ordenagailuan. Mac OS X sistemara aldatu nintzenetik, Text Edit nire idazteko programak formatu horretan gordetzen ditu dokumentu guztiak, RTF du-eta lehenetsia. Dokumentu horiek beste inori bidaliz gero, jasotzaileak ez du bat ere oztoporik berau irekitzeko edozein programarekin. Fakultatean, aldiz, Windows sistemaren agindupean egiten dugu lan. Eta hor elkarri bidaltzen dizkiogun dokumentu guztiak dira edo .doc (gehienak) edo pdf. Baina azken aldi honetan gure arteko gutxi batzuk hasi dira lan egiten software librearekin euren ordenagailu eramangarrietan. Horregatik, orain astebete-edo erabaki nuen nire dokumentu guztiak gordeko ditudala RTF formatuan, eta formatu horretan bidaliko ditudala.

Onartzen dut erraza dela Microsoft erraldoiaren itzalean ibiltzea, monopolioa denez gero, Office adibidez, de facto formatu unibertsala bihurtu delako. Baina jendeak begirunea merezi du, Word erabili nahiz ez. Eta horretarako RTF oso egokia da.

Harrigarria bada ere, Microsoftek berak sortu zuen RTF formatua 1987an, plataforma desberdinetan erabil zedin.

Rich Text Format

Text Edit erabiltzen dudanean, artikulu hau idazteko adibidez, konturatu ere ez naiz egiten RTFrekin, dokumentua gordetzen dudanean, berez gordetzen baitu formatu horretan. Word erabiltzen badut, ordea, gordetzerakoan aukeratu egin behar dut .rtf formatua. Horrelakoetan, itxuraz ez da ezer aldatzen, dena geratzen da berdin-berdin.

Beste inoiz hitz egin dugu etiketaz Interneten, edo netiketaz, Jabi Zabalak erabili izan duen moduan. Uste dut kontu hau ere etiketaren barruan sartzen dela, gizalege kontua ere badelako. Gustu baduzue, zuek ere gonbidatuta zaudete RTF formatua erabiltzera, adibidez, testuren bat atxikitzen duzuenean zuen blogaren artikuluetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 7 iruzkin