ETB1, potrojorran

Gaur bazkalostea negargarria izan da ETB1ean. Sautrela ikusten ari ginela, Patxi Zubizarreta idazlearen aurpegia izoztu egin da, eta horrela iraun du lau bat minutuz.

Handik bost minutura, berriz, Pokemon hasteko zela, izoztu egin da berriro pantaila, eta horrela egon da, izoztuta, arratsaldeko 15:07tik 15:26ra, hau da, 19 minutu. Susmoa dut euskarazkoan bakarrik gertatzen direla horrelako hutsak, huts luzeak eta errepikakorrak esan nahi dut.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Zumar galdua

Orain hiru bat aste, Miren alaba zuhaitzak ikasten ari zela, aprobetxatu egiten genituen txango laburrak zuhaitzen ostoak bildu, eta gero koaderno batean txukun-txukun pegatzeko, bakoitza bere izenarekin. Bat, ordea, ezin aurkitu inon: zumarra.
Orduan pentsatu nuen gure ezjakinagatik ez genuela aurkitu zumarrik, berau ez genekielako antzematen. Baina orain jakin dut Jakoba Rekondori esker, XX. mendearen 80. hamarkadan zumarrak ia erabat desagertu zirela gurean, grafosia gaitzak jota.

Dena dela, baten batzuk geratuko dira bazterretan, atzo bertan Bertatik Bertara saioan donostiar batek behin eta berriro aipatu zuen zuen Donostian bazegoela zumarrik. Beraz, oraindik badut itxaropena Euskal Herrian bertan ikusiko dudala zumarrik, Kanarietara joan beharrik gabe.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Gustavo

Ia hogei urte neraman Gustavoren berririk gabe. Googleri eskatu nion laguntza, eta hark eman. Baina ez nago seguru aurkitu dudan pertsona hori nire Gustavo den, edo beste bat. Dena hasi zen 1985ean, Israelen. Han, Mishmar Hanegev kibutzean Gustavo ezagutu genuen, mutil bat argentinarra, beste judu askorekin antzera hara joan zena Israel ezagutu eta hebraiera ikastera. Gustavo mutil garaia zen, ile luzearekin, atsegina, berba errazekoa, peronista, eta Maradona zale amorratua. Lagun onak egin ginen.

Handik urtebetera-edo, bera Frantzian zegoela eta gu Euskal Herrian, deitu egin zigun. Ezkondu egin behar zen eta, nola bere familiatik inor ez zen etorri behar —ez zuten-eta onartzen ezkontza—, eskatu zigun ea Bego eta biok joango ote ginen Nice hirira, orduan gu baikinen berarentzat familia bakarra, emaztegaiaz gain. Noski, joan ginen, eta ni izan nintzen Gustavoren aitaponteko bere ezkontzan. Hiru bat egun igaro genituen elkarrekin Nicen, oso politak.

Harez gero, baina, ez dugu elkarren berririk izan. Joan den astelehena arte. Gustavoz gogoratu, eta erabaki nuen haren izen-deiturak idaztea Googlen, ea zer gertatzen zen. Eta zerbait gertatu zen, alafede:

Galdetu Googleri

  1. Aurkitu nuen pdf bat, non Gustavo aipatzen zen, bere izen-deiturekin. Han esaten zuen moduan, Gustavo hori multinazional bateko buru zen Buenos Airesen, eta pdf hartan agertzen zen berari egindako elkarrizketa bat, komunikazioaren gainean.
  2. Berriro Googlen, idatzi nuen konpainia horren izena, eta Buenos Aires. Hara! Hantxe agertu zen Gustavo, korbata eta guzti, ile motz eta gogorrarekin. Sudurra eta aurpegiera antzekoa zuen, baina ezin seguru esan bera zenentz.
  3. Idatzi nion mezu bat, webgune hark aukera ematen zidan-eta hari zuzenean idazteko. Esan nion nola ezagutu nuen Gustavo, nolakoa zen, nola izan nintzen haren aitaponteko Nice hirian, etab.
    Mezua bidali eta ordubetera, postontzian nuen erantzuna. Ezin bizkorrago, kontuan hartuta enpresa bateko buru batek bidalia zela. Halaxe zioen:
    Lamentablente no soy yo. Vivi en isarel hace 20 años (en un kibutz) pero no te conozco, no me case en Nice y no soy fanatico de Maradona. El unico otro Gustavo (…) que conozco hace 20 años que no lo veo y no tengo contacto alguno con el ni manera de contactarlo. Me fije en la guia telefonica y, al menos en Buenos Aires, no figura. Buena suerte en tu busqueda!

Erantzuna, berehalakoan

Berak dio ez dela guk bilatzen dugun Gustavo, baina aitortzen du 1985ean Israelen izan zela, kibutz batean. Kointzidentzia asko dira: bi pertsona, herrialde berekoak, izen-deitura berdinekin, eta urte berean Israelen izatea, kibutz batean. Eta batak bestearen berri ez izatea.

Oraindik ez dut oso garbi pertsona hori gure Gustavo den edo ez. Bi aukera daude:

Bera da, ala ez da?

  1. Ez da Gustavo, berak dioen moduan. Haren izen-deitura berdinak ditu, baina ez da bera. Gerta liteke.
  2. Gure Gustavo da, baina erabaki du urte haiek, eta orduko lagunak, iraganeko kontua direla. Bera orain enpresa bateko buru da, beste gauza batzuk esaten ditu, eta beste bizimodu bat darama, erabat bestelakoa. Beraz, ez zaio interesatzen berriz harremana egitea gurekin.

Bata zein bestea izan daitezke egia. Ni, behintzat, pozik geratu naiz, Googlek esperientzia polita eskaini didalako bilaketa horretan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

MCC kontraerasoan

MCC taldeak erabaki du erantzutea Interneten-eta jasotzen ari den erasoei, azken aldian areagotu egin baita bere kontrako jazarpena sarean. Eraso horietako askotan lotu egiten dira Euskal Herriko kooperatibak eta ETA talde armatua. Estrategia aldaketa

Bi modutan erantzungo du MCCk oraingoan, bere webgunearen gaztelaniazko bertsioan iragarri duenez:

  1. Auzitegietan. MCCk auzitara eramango ditu bera edo bere taldeko kooperatibak ETArekin lotzen dituztenak. “Gure kooperatiba oinarriak —dio aurkezpenak—, humanismo etikoan sustraiturik, erabat daude inposizioaren eta intolerantziaren kontra, eta, beraz, era guztietako indarkeriaren kontra, non sartzen baita ETArena”.
  2. Azalpenak emanda. Aurkezpen bat prestatu du PDF formatuan, bere webgunean zintzilikatu duena, azaltzeko bezeroei zer dagoen benetan Arrasateko kooperatiben atzean. Aurkezpenak hainbat kontzeptu erabiltzen ditu, aspalditik lotuak kooperatiba mugimenduarekin: kooperazioa, enplegua, garapena, erantzukizun soziala, elkartasuna, eta demokrazia parte hartzailea. Argi dio, halaber, kooperatibak ez direla lerratzen politikan, eta horretarako Jose Maria Arizmendiarrieta kooperatiben sortzailearen hitzak aipatzen ditu.

    MCC aspaldi zebilen kezkatuta sarean bere aurka esandakoekin. 2002an Ciber Euskadik jasotzen zuen kezka horren berri. Eskertzekoa da, beraz, halako batean, erantzutea erabakitzea, nahiz eta oraindik haren erantzuna lotsakor samarra iruditu zaidan.

Aurkezpenak aipatzen ditu, halaber, zenbait pertsona ezagunen adierazpenak kooperatiben gainean, eta gogorarazten digu Zaragozako Unibertsitateak eta Joan Paulo II zenak goratu egin zituztela kooperatiben sortzaileak.

Erantzun lotsakorra

Izan ere, MCCk bost hizkuntzatan du bere webgunea, baina bakarrik gaztelaniazkoan zintzilikatu du aurkezpena (¡¡Boicot a las cooperativas de Mondragón!!), goian aipatu duguna. Komunikazioaren aroan, ez dut garbi ikusten horrelako enpresa talde batek ezkutatu nahi izatea bere nazioarteko bezeroei zer gertatzen den eta taldeak nola erantzungo duen arazoaren aurrean. Bestetik, estatu espainiarrean Euskal Herriko kooperatibek bezero asko dituzte euskaraz, katalanez eta galegoz hitz egiten dutenak. Horiek ez dute merezi azalpen bat beraien hizkuntzetan?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 13 iruzkin

Perla bat

Orain pare bat hilabete-edo, Aste Santuko oporretatik bueltan, hitz egiten ari nintzela Arantza Ozaetarekin, esan nion zein gustura irakurri nuen Patxi Salaberri irakaslearen liburua Euskal Klasikoen Atarian, eta bereziki aipatu nion Axularrek Gero liburuan Irakurtzaileari idatzitako lehen paragrafoa:
Egun batez, konpainia on batean, euskaldunik baizen etzen lekuan nengoela, ekarri zuen solasak, izan zen perpausa, etzuela deusek ere hanbat kalte egiten arimako eta ez gorputzeko ere nola egitekoen geroko uzteak, egunetik egunera, biharretik biharrera luzatzeak; eta on zatekeiela gauza hunetzaz liburu baten, euskaraz, guztiz ere euskararik baitzen etziakitenentzat, egitea; eta hartan, gero dioenak bego dioela erakustea. Orduan lehenengo aldiz, Tenerifeko hotel haren balkoian, aurkitu nuen testu horren xarma. Arantzak baietz esan zidan, ume euskaldun guztiek ikasi beharko luketela buruz, nola espainiarrek ikasten duten Don Kijoteren hasiera.

Handik gutxira, Anjel Lertxundik erabili zuen paragrafo hura, zutabe zoragarri bat egiteko. Zoritxarrez, ez nuen gorde del.icio.us-en, eta gaur ezin loturarik eskaini. Eta aste honetan, beste horrenbeste egin du Bernardo Atxagak Argia aldizkarian.

Testu horrek badu zerbait, bai, eta akaso, Arantza Ozaetak zioen moduan, umeek ez ezik, larriok ere ikasi beharko genuke, eta gero jolas egin berarekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Galizia

Gazteagoak ginenean, Triunfo aldizkaria irakurtzen genuen astero-astero. Han, luma zorrotzak aurkitzen genituen, eta haien bidez aire garbia arnasten genuen frankismoaren giro ustelean. Besteak beste, Eduardo Haro Tecglen, Manuel Vazquez Montalban, Alfonso Sastre, Diego Galan, Miret Magdalena, eta beste asko aurkitzen genituen han. Haietako batzuk joan dira. Beste batzuek, berriz, aurrera segitzen dute. Eduardo Haro Tecglenek adibidez. 81 urte inguru ditu, baina haren bolaluma beti bezain zorrotza da gaur egun ere. Irakurri bestela zer idatzi duen Fragaren inguruan, igandeko bozketa dela eta. Horrela bukatzen du bere artikulu laburra:
(A Fraga) se le conoce desde que empezó su carrera, se han oído sus miles de discursos y sus docenas de libros, sus apoyos a Franco: no engaña a nadie. Los que le han votado no están engañados por él: son como él.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Landak

Asteburu hau Landetan igaro dugu, Le Vieux Port izeneko kanpinean. Berez Messanges herrian dago kanpina, baina askoz ere hurbilago Vieux Boucau herritik. Hamahiru lagun izan gara han, zortzi pertsona larri, eta bost neska-mutiko, tartean, noski, Miren alaba eta bere laguntxoak.

Bi etxetxo alokatu genituen kanpinean, egurrezkoak, eta, nola eguraldia zoragarria izan den, primeran ibili gara denok, gaztetxoak batez ere: igerilekuan, hondartzan, katamixarrak harrapatzen, untxiak zelatatzen…, dibertimendu asko izan dute. Larriok ere, antzerako parezido. Indarberrituta itzuli gara, ematen du-eta astebete egin dugula etxetik kanpo.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin

Agur, Lourdes!

Lourdes Arkotxa hil zaigu gaur goizean, minbiziak jota. Bera zen Musikaire elkarteko lehendakaria, eta joan egin zaigu gu konturatu orduko. Oraindik ahoa ireki ezinik nabil, harrituta, zein bizkor joan den dena.

Orain hilabete eta erdi, asko jota, Lourdesi tumor bat aurkitu zioten urdail partean, eta, badaezpada, ebakuntza egitea erabaki zuten, ikusteko nolakoa zen. Antza denez, hantura gaiztoa zen, eta gorpuz osoan zuen hedatua.

Lourdesek Arrasateko Udalean egiten zuen lan, informatikari, musika zalea zen oso, eta horregatik sartu zen Musikaire elkartean buru-belarri, eta baita Arrasate Musikalen ere. Mendizalea ere bazen, eta horregatik egiten zait gogorragoa haren heriotza, ebakuntza egitera joan zenean, oso itxura ona baitzuen.

Eskerrik asko guztiagatik, Lourdes, opari ederra izan da zu ezagutu izana. Zuri, berriz, Joseba, besarkada bero bat. Eutsi goiari!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Osasunaz jakiteko, jo Internetera

Nik egin nuen linfoma diagnostikatu zidatenean, eta konturatzen naiz nire inguruan jendeak ere horixe egiten duela: Internetera jo informazioa jasotzeko osasunari buruz. Hala ere, ez nuen uste Internet hain agudo bihurtuko zenik hedabiderik fidagarriena osasunaren gaineko informazioa bilatzeko orduan. Baina horrela da: Nielsen/Net/Ratings enpresak orain kaleratu ditu zenbait datu AEBetan, eta hor dio:

  • Kontsumitzaileen %42k uste osoa dute Interneten, osasunari buruzko informazioa bilatzerakoan. Bestelako medioetan, berriz (telebista, irratia, egunkariak eta aldizkariak) medio horietan konfiantza askoz ere txikiagoa da: %16.
  • Kontsumitzaileen %85ek bi webgunetan edo gehiagotan begiratzen dute osasunari buruzko informazioa jasotzeko.
  • Erantzun zutenen artean, %65ek esan zuten ohitura dutela Internet kontsultatzeko, bai medikuarengana joan aurretik, eta baita ondoren ere.

Eta Interneten, nora jotzen du jendeak? Batez ere —dio estudio horrek— gai jakinak lantzen dituzten lekuetara (minbizia, bihotzekoak, Alzheimer…), osasun zerbitzuen hornitzaileetara, gobernuen webgunetara eta enpresa farmazeutikoen webguneetara.

Hortaz zabalago jakin nahi duenak, hemen
egin dezake klik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Musikaire

Aurten berriro dator Musikaire(eusk)/orria.html Elorriora. Ekainaren erdialdetik, uztailaren bukaera arte, asteburu guztietan era guztietako musikak izango ditugu aukeran (errenazentista, klasikoa, gaur egungoa, folka…), baita antzerkia, dantza eta kale animazioa ere. Hori guztia Elorriok dituen jauregi, ermita, plaza eta txoko paregabeak aprobetxaturik.
Zerbait bereiztekotan, aipatuko nuke “Ilê Aiyê”:http://www.ileaiye.com.br/ taldea, Bahiako inauterien soinua ekarriko baitu Elorrioko kaleetara, bere danbor, dantza eta erritmo biziekin. Nabarmentzekoa ere, uztailaren 1etik 4ra bitartean izango diren dantzaldiak, lau egun horietan lau dantzaldi eskainiko baitira: hip hopa, gaur egungo dantza, Mexikoko aireak eta Kukai-Ttanttaka taldearen azken lana: “Otehitzari Biraka”.

Guztira 18 ekitaldi izango dira, zein baino zein ederragoa. Ni pozik zoratzen nago Musikaire badatorrelako Elorriora, eta lerro hauen bidez gonbidatu nahi zaituztet Elorriora etortzera. Ikusiko duzue zer den ona.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina