Bizkaia maite

Atzo arratsaldean txango ederra egin genuen. Paula eta Kontxa beribilean hartu, egun hauetan gure ama eta Mikelena Esteñibarren baitaude astea pasatzen, eta Bizkaiko zenbait leku polit bisitatu genituen.
Ziortza

Lehenik eta behin Ziortzara joan ginen, eta han monasterioa bisitatu. Ondoko argazkia hantxe atera genuen, monasterioaren klaustroan. Ezkerretik eskuinera, hor dituzue Miren, Fatima, Kontxa, Paula, Bego eta Mikel. Han ginela, hainbat erromes iritsi ziren, ostatu bila, Ziortza Done Jakue bidean baitago, kostaldeko bidean.

Ziortza utzi eta Ansotegi hotelera joan ginen, gure amek ikus zezaten antzinako burdinola, gaur egun hotel bihurtua. Ez genuen hutsik egin, izugarri gustatu zitzaien-eta nola berriztu duten behialako burdinola. Freskagarri bat hartu, eta osteratxo bat egin genuen hango bidegorrian zehar, eguraldi ona lagun.

Gero Ziortzabeitian izan ginen, eta kafe gozo bat hartu genuen orain hilabete baino gutxiago Miren egondako udalekuen egoitzan. Hara ere erromes talde bat iritsi zen, aprobetxaturik 60 litera dituztela aterpetxean. Andre batek esan zigunez, urtetik urtera gero eta erromes gehiago iristen dira, batez ere Interneten ezarri zutenetik kostaldeko bidearen berri. Guretzat ezustekoa izan zen, ez genuen uste-eta hainbeste jende ibiliko zenik bide horretatik. Antza denez, Debatik etortzen joaten dira Ziortzara, eta hurrengo etapa Ziortza-Gernika izaten dute.

Aprobetxaturik gerttu geundela, Barinagarako bidea hartu, eta, lehendabizi, Iturbe baserria bisitatu genuen, Jose Maria Arizmendiarrietaren jaiotetxea. Kanpotik ikusi besterik ez genuen egin. Gero bai, Barinagara joan, eta hura bisitatu genuen, Bego emazteak gidaturik, txikitan bera eta bere familia udaro joaten baitziren hara uda pasatzera, urte haietan osaba Benito baitzuten abade Barinagan. Han Mari Errota agurtu genuen, Jose Maria Arizmendiarrietaren arreba, eta baita Gregori, Txasio pilotarien ama, zeinek oparitu baitzigun sorta bat albaka usaintsua.

Ansotegi

Bidaia bukatu aurretik, eta etxera bidean berriz, Trabakuan sartu ginen, eta han Josu Mendizabalek afari gozoa prestatu zigun: Gernikako piperrak, onddoak, kroketak, hegaluze paparrak, pellak, eta beste jaki gozo jan genituen.

Barinaga

Trabakua

Gaueko 23:30ean iritsi ginen etxera, pozik, aseturik, eta umore onean. Bizkaiak merezi du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Aupa Martin!

Hasieran uste genuen pare bat ordu ikusita nahikoa izango zela, neskatilak berehala aspertuko zirelako, baina kia, bost ordu eta erdi egin genituen han, eta ezin gaztetxoak ipini etxera bidean, hain gustura ari baitziren plato hartan, artisten eta teknikarien artean!

Joan den ostegunean Donostian izan ginen, Miramonen, ikusten nola grabatzen zen Martin telesailaren atal bat. Bego, Miren eta hirurok joan ginen, eta Mirenen beste bi lagun, Maddalen eta Ainhoa. Inoiz esan dut gurean oso gustura ikusten dugula Martin telesaila, eta horregatik, neskatilek pozez zoratzen hartu zuten Bea Zabalondo lagunaren gonbita.

Izan ere, bai Eneko Olasagasti zuzendariak nola Aitor errealizatzaileak eta hango artista guztiek sekulako harrera egin ziguten, amoltsu neskatilekin, eta arretatsu gurekin. Oso ondo pasatu genuen. Mila esker Beari eta Martin egiten duzuen talde osoari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Armstrong

Aspaldiko partez, atzo patxadaz irakurri nuen “El País”:http://www.elpais.es/index.html egunkaria. Astelehena zen, eta sakon irakurri nituen kirolak, niretzat El País baita kirol egunkaririk onena inguru hauetan. Noski, atzokoan Lance Armstrong txapeldunaren azken balentriak orrialde asko bete zituen.
Baina denetan artikulu batek eman zidan atentzioa, Alejandro Lucíak idatzitakoak. “Al límite humano”:http://www.elpais.es/articulo/elppordep/20050725elpepidep_6/Tes zuen izena, eta, besteak beste, aztertzen zuen Armstrongen egitandia medikuntzaren ikuspegitik, minbizia bizi izan dugunoi ekar diezagukeen onuragatik. Honela zioen pasarte batek: — Su hazaña refleja la capacidad del cuerpo humano de adaptarse al entrenamiento físico, por muy deteriorado que sea su estado previo. Gracias a los avances de la biomedicina, la tasa de supervivencia de muchos tipos de cáncer ha aumentado muy significativamente en los últimos años. Así, un importante desafío al que se enfrenta la medicina del siglo XXI es el de mejorar la calidad de vida y el estado físico en el que quedan todos aquellos que consiguen vencer al cáncer y a otras enfermedades crónicas. Y en ello el entrenamiento físico tiene mucho que aportar.

Argi dago Armstrong gai izan bada zazpi Tour irabazteko minbizia garaituta, gu ere gauza garela bizimodu normala egiteko, uko egin barik eguneroko kirol jarduerari, berau apala izan arren. Eskerrik asko, Lance!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Atarikoen bazkaria

Halaxe da, hamalau bat urte igaro dira lehen bazkaria egin genuenetik Berrio-Otxoa kaleko 41. atariko bizilagunok, hemen, Elorrion. Luze iritzita, erabaki genuen beste bat egin behar genuela, oraingo honetan partaide bat gehiagorekin, Miren ere gurekin izango zen-eta.
Eta halaxe egin genuen larunbat eguerdian. Hiru mahai jaitsi atarira, eta, hantxe bertan jarri ginen hamaika lagun, atari horretan bizi garen guztiak. Aitor izan genuen sukaldari eta antolatzaile nagusi, eta Joseba laguntzaile primerakoa.

Hasteko zizka-mizkak jan genituen; gero, entsalada eta kokotxak; ondoren azpizuna, eta, bukatzeko ostopila, bikaina. Ondo hasi ditugu oporrak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Folksonomia

Lehenengo del.icio.us atera zen. Gero, Flickr. Eta orain Tagzania. Azken honetaz beste egun batean hitz egingo dut, Euskal Herriko enpresa batek sortu baitu, CodeSyntaxek, eta dagoeneko hautsak harrotu baititu Interneten. Kontua da hirurek lan egiten dutela etiketak erabilita, eta horien bidez, sortzen ari direla beste modu bat, erabat bestelakoa, informazioa antolatzeko.
Halakoa da etiketek sarera ekarri duten iraultza zer hitz berri bat sortu da izendatzeko informazioa kudeatzeko modu hori, non erabiltzailea den jaun eta jabe. Hitz hori da folksonomia.

Folksonomia da elkarren arteko mailaketa bat, norberak aukeratutako etiketak erabilita. Modu errazagoan esanda, neologismo hori erabiltzen da izendatzeko jende multzo bat hasten dena bere kasa elkarlanean informazioa kategoriatan antolatzen. Sailkatzeko metodo formaletan ez bezala, fenomeno hori jeneralean agertzen da komunitate ez hierarkikoetan, hala nola webgune publikoetan, eta ez talde mailakatuetan. Nola informazio antolatzaileak diren berorren lehen erabiltzaileak, folksonomiak sortzen ditu emaitza batzuk zeinek ispilatzen duten zehatzago populazio horrek zer modelo kontzeptual duen informazioaren gainean.

Definizioa

Bai del.icio.us, nola Flickr, eta Tagzania folksonomiaren adibide argiak dira. Badira beste adibide batzuk.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Cibelle-ren zain

Azken bost asteburuotan bapo gozatu dugu musikaz Elorrion, Musikaire jaialdiei esker. Datorren hau izango da, gainera, azken asteburua aurten. Azkena bai, baina ez makala gero! Izan ere, Cibelle dator Elorriora, Brasildik etorri den izar distiratsua. Nik, behintzat, sekulako gogoa dut Cibelleri entzuteko, eta desiratzen nago gaua noiz helduko, herriko plazan lasai jarri, eta artista brasildarraren arteaz gozatzeko. Horregatik, hain zuzen, gaur ohi baino lehenago jaitsi beharko gara kafea hartzera Piponera, plaza jendez mukuru egongo baita.

Gehiago jakin nahi duzuenok, bai Musikairez eta baita Cibelle-ren gainean, Sustatun duzue informazio gehiago. Ondo segi, eta gauera arte, gonbidatuta zaudete-eta Elorriora etortzera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Sugeak

Bi loba ditut Ameriketan. Ane
Guatemalan dago, CPR
batean, oihanaren erdian, El Tesoro herriskako jendeari laguntzen hainbat proiektutan. Jon, berriz, Milwaukeen dabil, AEBetan, master bat egiten. Biei suertatu zaie sugeei aurre egin beharra. Ez batak ez besteak ez dute erraz ahaztuko han bizi izandakoa. Anek sugeari

Iritsi berritan, bazihoan Ane oihanean barrena, atzean bere familiako jendea zuela. Matxetea hartu, eta zis-zas, zis-zas, aurrera. Halako batean, suge itzel bat bidezidorrean. Ez bat eta ez bi, Anek ospa egin zuen atzera, ikaratuta ikusitakoarekin. Orduan hango aitak hurbildu eta esan zion: “Ez, Ane, horrela ez. Hitz egin behar diozu sugeari, eta esan, mesedez, bidea libre uzteko, pasatu beharra duzulako”.

Jon, berriz, Arizona aldean zebilen, Koloradoko arroilean, Euskal Herrirantz itzuli aurretik, opor laburrak aprobetxatzen. Egun batean berak eta bere lagunak erabaki zuten arroilan behera jaistea, hango parajeak ezagutzeko. Han, ordea, kontua beste modu batean izaten da, ez hemen bezala: lehendabizi aldapan behera egiten da, baina bueltarako bidea beti da erripatsua, gorantz.

Auskalo Anek zer pentsatu zuen hori entzundakoan, baina bigarren aldiz suge bat agertu zitzaionean, erabaki zuen egitea bere aitak esandakoa. Txistua irentsi, eta esan zion sugeari, ahal zuen eta amoltsuen: “Aizu, suge, egingo zara alde batera, eta utziko didazu bidea libre, mesedez?”. Eta Ane aho bete hortz geratu zen: sugeak alde batera egin zuen, lasai asko. Eta Anek ere aurrera, pozik eta sinestu ezinik gertatutakoa.

Jon eta kriskitin-sugea

Gorantz zetozela, halako batean zarata arraro bat entzun zuen Jonek. Hala ere, segitu zuen bidean gora, konturatu zen arte bide erdian, beragandik metro batera, kriskitin-suge bat zegoela, tente eta mehatxukor. Berak kontatzen zuenez, denbora dezente behar izan zuen sugeak eragindako izuikara gainetik kentzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Oñati

Atzo “Oñatin”:http://www.oinati.org/pub/eusk/index.php izan nintzen, Arrasate Argitan taldeak liburu bat aurkeztu baitzuen, bikaina, Oñatiren gainean. Argazki liburua da, 192 orrialdekoa, argazki zoragarriak ditu, baina ez hori bakarrik, izan ere, bost artikulu ere badakar liburuak, zein baino zein politagoa. Sinatzaileak dira Idoia Etxeberria, Kirmen Uribe, Juan Luis Arsuaga, Miquel Desclot, Alexandre de la Cerda eta William Douglas. Eta horietaz gain, liburuak hainbat aipamen jasotzen ditu Euskal Herriaren gainekoak, historian nor izan den jendeak eginak, denak bost hizkuntzatan, liburu osoa bost hizkuntzatan egina baita. Azken emaitza izugarri gustatu zait. Uste dut oñatiarrak pozik egon daitezkeela, orain edonon erakusteko moduan daude-eta beren herri ederra.

Hala ere, liburuak badu baina bat, nire iritzian behintzat: testuak agertzen dira ez beltzean, baizik eta beltzaren matiz batean, gris tankeran, eta horrek nabarmen oztopatzen du irakurketa. Pena da, zeren testuak onak dira, baina jende askok ez ditu irakurriko, letraren tamaina txikia denean nekagarria delako, oso, testu horiek kolore grisean irakurtzea.

Baina

Aurkezpena bera oso ondo egon zen, nahiz eta hasieran bero handia pasatu genuen. Jende asko zegoen han. Sartu baino ez Antonio Murillo agurtu genuen, nire ikasle ohia. Berak eman zigun ale bana Begori eta bioi. German Barrena ere agurtu genuen, Gertu moldiztegiko nagusia eta aspaldiko laguna. Baita Jose Felix Diaz de Tuesta laguna, proiektu honen arimetako bat eta zeremonia maisua.

Aurkezpena

Barrurago, Idoia Etxeberria agurtu genuen, Berriako kazetari fina, eta liburuko testu bateko egilea. Geroago, Andoni Salamero irakasle zumarragatarrak aho bete hortz utzi gintuen denok, irakurri zuenean Idoiaren testua, oso modu adierazgarrian eta bizian irakurri ere. Entzuten ari ginela, Pello Zabala ikusi genuen, bera ere arreta handiz jarraitzen aurkezpenak. Haien ondoan, **Iñaki Mendiguren eta Sarah Turtle senar-emazte itzultzaileak. Jerardo Elortza ere han zen, adi-adi entzuten. Baita Jose Mari Eraña, gure aspaldiko laguna. Eta argazkilari moduan, Gotzone Elu** lagun hondarribitarra. Musika ere, soka laukote batek jo zuen, dotore.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Asteburu ederra

Joan den larunbat honetan burdinola batean egin genuen lo. Hobeto esanda, lehen burdinola izan zen, baina orain moldatua dago, eta hotela da. Ansotegi du izena, eta Etxebarrian dago, Markinatik bizpahiru kilometrora. Leku polita, asteburu bat pasatzeko. Euskaldunak etxean sentituko dira Ansotegin, jabeak saiatzen baitira giro euskalduna sortzen.


Ansotegi erabat birmoldatua dago, baina gordetzen du burdinolaren nortasuna. Haren arrastoak nabarmenak dira eraikinaren edozein tokitan. Hala ere, hotel modernoa da, 15 gelarekin. Gurea aipatu behar izatekotan, esango dut gela oso polita zela.

Ondo-ondotik, gainera, pasatzen da bidegorri bat, eta lotzen ditu Markina eta Etxebarria paseo eder askoan. Jende ugari ikusi genuen paseatzen, eta ez da harritzekoa. Guk ere oinez egin genuen Markinarako joan-etorria, herrian jaiak zirela aprobetxatuz.

Ederto gosaldu genuen igande goizean, baina larunbatean ez ginen hain gustura irten afaritik: lehen hiru platerak oso onak izan ziren, baina okela eta postrea… ez hain onak.

Eragozpenak

Beste eragozpena aurkituko duzue hotelaren webgunean: flash mordoa du, baina nekagarria da, eta bat ere eraginkorra ez erreserbak egiteko. Aspertu ginenean batetik bestera ibiltzen, ezin erreserba eginik, telefonoz deitu genuen, eta kito.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin

Miren itzuli egin da

Atzo egun berezia izan zen guretzat: hamar egun etxetik kanpo eginda, Miren alaba jasotzera joan ginen Bolibarrera. Mirenek Ziortzabeitia aterpetxean igaro ditu hamar egun, Ziortzako monasterioaren ondoan, Bizkaian, musika udaleku batean, eta hor biolina lantzen izan da beste berrogei neska-mutikorekin batera, denak Hego Euskal Herrikoak.
Elorriotik bera joan zen bakarrik, beste lagunik barik, eta, horregatik, gogorra egin zitzaion hasieran egonaldia. Hala ere, ederto gainditu zuen hasierako etxemina, eta pozik itzuli da, harro egindako lanarekin. Lagun asko egin ditu, asko ikasi du biolinarekin, baita taldean jotzen ere, eta irakasle zoragarriak izan ditu.

Atzo, egonaldia amaitzeko, kontzertu bat eskaini ziguten Bolibarko elizan, jendez beteta (gurasoak eta lagunak denak), eta txalo zaparrada handia jaso zuten denon partetik. Eurak pozik, eta gu are eta pozikago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina