Liburu bat blogen gainean

Laster ESIC Editorial
argitaletxeak liburu bat aterako da, “Blogs. La conversación en internet que está revolucionando medios, empresas y ciudadanos”, eta hor bost adituk blogak izango dituzte hizpide. Gehiago jakin nahi duenak blogen gainean, hortxe izango du aukera ona.

Honako idazle hauek idatzi dute liburua:

  • Julio Alonso: Blogak eta enpresak.
  • “José Luis Antúnez:”:http://www.ideasapiens.com/blogs/is/ CMSen eragina blogen piztueran.
  • “José Luis Orihuela:”:http://www.ecuaderno.com/ Weblogak eta blogosfera.
  • Juan Varela: Kazetaritza partehartzailea: 3.0 kazetaritza.
  • Octavio Rojas: Blogak eta Harreman Publikoak.

Egileek blog bat sortu dute liburu hau sustatzeko, eta bertan kontatuko dute nola egin duten behar elkarlanean. Horrela irakurri diot Octavio Rojasi.

Nire doktore tesia dela-eta, liburu hau eta beste asko irakurri beharko ditut. Beraz, kaleratzen denean, eskatuko dut.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Txertoa linfoma folikularraren kontra

Lehendabizi Lierni koinatak esan zidan, eta gero Interneten aurkitu nuen berria, propio bilatuta: Nafarroako Unibertsitateko ikertzaile talde batek txerto bat aurkitu omen du linfoma folikularraren aurka, hau da, nik daukadan minbizi motaren kontra, eta txerto hori hartu duten gaixoen %80 ez omen ditu berriz linfoma berak gaixotu.

Nonbait, froga guztiak egin dira linfoma folikularra bigarrengoz izan duten gaixoekin, eta emaitzak onak izan dira, Maurizio Bendandi doktoreak esan duenez. Txertoak ez omen du kalterik egiten inola ere, eta pertsonalizatua da, “oinarritzen baita proteina batean, zeina ateratzen baitzaio gaixo bakoitzari”. Taldeko eledunek esan dute txertoa kimioterapiarekin batera aplikatzen dela, tratamendua eraginkorragoa izate aldera.

Albisteak dio Espainian urtero 40 urtetik gorako 5.000 pertsona gaixotzen omen direla linfoma folikularrak jota, minbizi mota bat zeinak eragiten baitu linfa sisteman, eta hondatzen baititu gaixoaren defentsak.

Datorren astelehenean Valdecillara noa, kontrola egitea tokatzen zait-eta, eta aprobetxatuko dut medikuari galdetzeko zer dakien albiste horren gainean, eta niretzat eraginik izan lezakeen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Steve Jobs-en sekretua

Steve Jobs Apple konpainiako lehendakaria, eta AEBetako enpresa gizonik karismatikoenetako bat, arabiar baten semea da, Fredric Allan Maxwell idazleak argitaratu duenez Dan Gillmor-en blogean. Jobs-en aita biologikoa Abdulfattah Jandali da, zeina 1952an iritsi baitzen AEBetara Siriatik, 21 urte zituela. Beraz, Steve Jobs da orain arabiar-amerikarrik ospetsuena bere herrian.

Iragan ekainean, horrelaxe kontau zien Steve Jobs-ek Standford Unibertsitateko ikasleei:
Nire ama biologikoa —kontatu zien Jobs-ek berak iragan ekainean Stanford Unibertsitateko ikasleei—, nire ama biologikoa unibertsitate ikasle bat zen, ezkongabea, eta erabaki zuen ni adopzioan ematea jaiotzen nintzenean. Hark nahi zuen ni jasotzen nindutenak unibertsitate lizentziadunak izatea, beraz, dena prest zegoen abokatu batek eta bere emazteak ni jaso nazaten. Baina azken unean otu zitzaien neska bat nahi zutela. Orduan, nire gurasoek, zeinak itxaron lista batean baitzeuden, dei bat jaso zuten: ‘haur bat daukagu, ezustean; nahi duzue?’. Eta haiek, baietz. Nire ama biologikoak baimena eman zuen adopzio hartarako, nire gurasoek ziurtatu ziotenean ni unibertsitatera joango nintzela.

Orduko hartan, Jobs-ek ez zuen aipatu nor zen bere aita biologikoa. Hori orain jakin da garbi, nahiz eta Mona Simpson, Jobsen arreba eta eleberrigile famatuak zerbait adierazi zuen, modu ilun samarrean.

Frederic Allan Maxwell-ek, zeinek idatzi baitu beste liburu bat Microsoft enpresako kudeatzaileari buruz, Bad Boy Ballmer, uste du Steve Jobsen nortasunak —haren adimena, sormena, anbizioa, xarma, egomania, ikonoklasismoa eta arriskuak hartzeko zaletasuna— gehiago zor diela bere guraso biologikoei hazi zutenei baino.

Albiste honen berri Bloglinesen irakurri dut, Dan Gillmor-en blogetik ekarria. Hala ere, klik egin dudanean Gillmor-en blogean, desagertua zen handik, jakin ez zergatik. Horregatik ipini dut goiko argazkia horren frogatzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Inoizko eleberririk onenak

Time aldizkariak zerrenda bat argitaratu du, Inoizko 100 Eleberririk Onenak eta hor jasotzen ditu 1923a ezkero ingelesez argitaratu diren nobelarik onenak, Lev Grossman eta Richard Lacayo aldizkariko kritikarien ustez. Horietatik gutxienez 13 euskaratuta daude.

Euskaratuta

Oker ez banabil, 100 eleberri horietatik 13 bat euskaratuta daude; baliteke gehiago ere izatea, denak ez ditut-eta kontrolatzen. Hauek dira:

  • Animal Farm. George Orwell
  • Beloved. Toni Morrison
  • The Big Sleep. Raymond Chandler
  • The Catcher in the Rye. J. D. Salinger
  • The Grapes of Wrath. John Steinbeck
  • The Great Gatsby. F. Scott Fitzgerald
  • Lord of the Flies. William Golding
  • The Lord of the Rings. J. R. R. Tolkien
  • On the Road. Jack Kerouack
  • Red Harvest. Dashiell Hammett
  • The Sound and the Fury. William Faulkner
  • The Spy Who Came in from the Cold. John Le Carré

    Aldizkariak hurrenkera alfabetikoan sailkatu ditu eleberriak. Hala ere, aldizkariko irakurleek egin dute zerrenda bat, eleberririk gogokoenekin.

  • To the Lighthouse. Virginia Wolf

Irakurleen sailkapena

  1. The Grapes of Wrath
  2. 1984
  3. Blood Meridian
  4. Are You There God? It’s Me, Margaret
  5. Lolita

Time aldizkaria baino apalagoa izan behar-eta, nire galdera askoz ere mugatua izango da: zeintzuk dira inoizko 5 eleberririk onenak zuentzat, edozein hizkuntzatan argitaratuak?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Google Scholar eta doktore tesia

Zehaztu guran nabil nire tesiaren izenburua. Igandean beste proposamen bat bidali nion doktoretza ikastaroko irakasleari, baina hark erantzun oraindik zehatzago zedarritu behar dudala arazoa.

Orduan Google Scholar zerbitzuaz gogoratu naiz. Izan ere, oraindik orain Googlek berritu egin du zerbitzu hori, zeinek eskaintzen baitu oso bide erraza literatura akademikoa bilatzeko. Tesiak, liburuak, laburpenak eta artikuluak; denetik aurki daiteke hor.

Blog hitza idatzitakoan, Google Scholar-ek hainbat tesi eta artikulu ekarri zidan begi bistara. Horietako batzuen izenburuak idatzi ditut zerrenda batean, ikusteko nondik nora bideratzen duten tesia zenbaitek: erretorika, enpresa, demokrazia, generoa…

Ariketa ona izan da, zerrenda hori lagungarri izango dut-eta, nire tesia zehazteko orduan. Uste dut sarri joko dudala Google Scholar-era tesia lantzen dudan bitartean. Horregatik, lekutxo bat egin diot nire nabigatzailearen barran, gogokoenen tokian.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Aurkezpenak PDF formatuan

Asteburu honetan lehen aldiz, aurkezpen bat prestatu dut Keynote programa erabilita, Powerpoint bezalako programa bat, Applek atera zuena orain pare bat urte. Gustura aritu naiz berorrekin jolasean, eta gustura geratu emaitzarekin.

Ordea, nahi izan dudanean Powerpointera esportatu, beste lankide batzuei bidaltzeko, ezin. Baina orduan konturatu naiz banuela beste irtenbide bat, eta ona: aurkezpena PDF formatuan gordetzea. Pentsatu eta egin.

Nire laneko ordenagailuan ez daukat Keynote, ez eta programa horrekin aurkezpena egiteko erabili ditudan letratipoak. Hala ere, eta PDF formatuari esker, nire PCan berdin-berdin ikusi dut aurkezpena, xehetasunik galdu gabe. PDF formatua izugarri baliagarria da horretarako. Hemendik aurrera, badakit.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Folioa

Asteburu honetan irakurri dut joan den asteazkenetik irakurtzeko berezita neukan elkarrizketa bat, Berriak Pako Aristiri egindakoa, eta hor perlatxo bat aurkitu dut, folioari buruzkoa:
Elur egin berria bezalakoa da folioa: eskuetan hartzen duzunean, zuri-zuri dago. Esku batean folioa hartzen dudan bakoitzean, beste eskua boligrafo bila hasten da.

Note Book liburuaz ari zen elkarrizketa horretan Pako Aristi, non ipuinak eta gogoetak, denak, neurri berean sartu dituen: folio banatan. Gustatu zitzaidan elkarrizketa, eta liburua irakurtzeko gogoa piztu zidan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Nire doktore tesia

Doktore tesia egien hasiko naiz. Hori izango da datozen urteotarako lan garrantzitsu bat niretzat, nola izango baita beste lankide zenbaitentzat ere: Ane, Beñat eta Maiterentzat, adibidez. Atzo, hain justu, hasi ginen doktorego kurtsoan, Arrasaten.

Atzokoa egun osoko saioa izan zen, Elena Auzmendi Deustuko Unibertsitateko irakasleak gidatua. Ondo gidatua, gainera, gehienok gustura irten baiginen nola azaldu zituen gauzak, eta zelan gidatu zuen taldea. Eguerdian, bazkaltzera irten ginenean, pozik nengoen, argi gehiago ikusten nuelako sartu nintzenean baino.

Arratsaldean, ordea, berriro lainotu zitzaidan ikusmira, batez ere zehaztu behar izan genuenean paragrafo batean tesiaren nondik norakoak. Nik zirt-zart idatzi nuen, ondo zedarrituta egon zitekeelakoan, horrelaxe:
Nire doktore tesiak aztertuko du zer ekarpen egin dion euskal blogosferak euskarazko kazetaritzari, zer eragin izan duten blogek euskal kazetaritzaren estatusa birmoldatzeko orduan, eta blogek zenbateraino erakarri duten jenderik hiritar kazetaritzara.

Tesiaren nondik norakoak

Irakasleak esan zidan oso zabala dela adierazpen hori, hiru gai daudela definizio horretan, eta komeni dela gaia gehiago mugatzea. Elenak arrazoi du, beste ahalegin bat egin behar dut adierazpena gehiago zehazteko. Hemendik aurrera gauzak idatzi eta berridatzi beharko ditut etengabe. Ohitu egin behar molde horietara, zehaztasuna irabazte aldera.

Beste erabaki bat ere hartu dut: noiz edo behin idatzi egingo dut Faroan nire tesiaren gainean —dagoeneko sortu dut atal bat gehiago hemen: “doktore tesia”—, eta zuekin partekatuko ditut estualdiak eta pozak, proposamenak eta iradokizunak. Iritzia galdetuko dizuet, eta entzun zuen esanak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 8 iruzkin

Beste begiratu bat Euskadi Irratiari

Goio Aranak aurkikuntza polita eta esanguratsua egin du Euskadi Irratiak oraindik orain atera duen iragarkian. Niri, berriz, beste zerbait etorri zitzaidan burura Euskadi Irratiaren iragarkia ikusi nuenean Nabarra aldizkariaren orrietan, Euskadi Irratiak oraindik ere arazoak dituela bere publizitatean Maite Artolari aitortzeko dagokion lekua: lehen planoa.

Iaz beste iragarki bat atera zuen, eta han, lehen planoan Manu Etxezortu eta Susana Mujika agertzen ziren, goiz parteko irratsaioetako gidariak, eta atzean esatari tropel anonimo bat. Kartel hark bi akats zituen nabarmen: ez ziren agertzen han zeudenen izen-deiturak, eta ezkutatu egiten zuen ia erabat Maite Artola, garai hartan irratiak zeukan ondasunik interesgarriena.

Aurtengo iragarkian hiru lagun baino ez dira agertzen: Ainhoa Etxebeste Goizak Gaur albistegietako esataria lehen planoan, Manu Etxezortu Goiz Kronika saioko gidaria tartean, eta beste bien atzean, Maite Artola, Mezularia gidatzen duena.

Iragarki horrek aurrekoaren bi akats konpondu ditu: erakusten du zer izen eta zer irratsaio egiten dituzten argazkikoek. Eta, bigarrenik, Maite Artola aurrerago ekarri du Euskadi Irratiaren ordezkari moduan, nahiz eta hor ere hirugarren planoan erakusten duen.

Iragarkiaren argi-ilunak

Euskadi Irratiak arazoren bat du Maite Artolaren aurpegia, zeinek ekarri baitio beste estilo bat irratiari —zorrotza, serioa eta patxadatsua—, irratiaren marka moduan azaltzeko. Hori barruko ezinikusiek eraginda baldin bada, malo.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin

Lauaxeta Elgetan

Atzokoa arrats erezia izan zen. Elgetan izan ginen, Espaloian, Lauaxetaren omenez plazaratu den diskoaren aurkezpenean. Rafa Ruedak eta bere taldeak lagunduta, hamaika kantarik aletu zituzten Lauaxetaren beste hainbeste poema musikatu. Zoragarria.

Ikuskizunak hari bat izan zuen, neska batek kontatu baitzizkigun Estepan Urkiagaren nondik norakoak, jaio zenetik hil arte. Eta bukaeran neskak Edorta Jimenezen laguntza izan zuen. Biak, oso ondo.

Bitartean, baina, abeslarien txanda. Denak aritu ziren ondo, baina bi bereiztuko nituzke: **Eñaut Elorrieta eta Rafa Rueda.** Eñautek abestu zuen Dena emon behar jako hura sekulako indarrarekin; bertsio zoragarria egin du, seguruenik belaunaldi oso bat markatuko duena. Harrituta etxeratu nintzen, zelako indarra eta nortasuna duen mutil horrek. Rafak, berriz, maisuen pare gidatu zuen jaialdia. Iruditzen zait bi horiek, Eñautek eta Rafak, zeresan handia emango dutela oraindik, zorionez.

Baina magia ez zen hor bukatu. Izan ere, Espaloian lagun mordoa aurkitu genituen, batzuk aspaldi ikusi gabeak, Anje Duhalde, Juan Martin Elexpuru, Elena Laka eta Ruper Ordorika kasu. Edorta Arana, Marijo Deogracias, Eneko Azkarate eta Joseba Valles ere hantxe ziren, zein baino zein alaiago.

Etxeratzeko orduan, denok itzuli ginen pozik, baita Miren alaba ere. Erabateko esperientzia izan zen berarentzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin