Lauaxeta Elgetan

Atzokoa arrats erezia izan zen. Elgetan izan ginen, Espaloian, Lauaxetaren omenez plazaratu den diskoaren aurkezpenean. Rafa Ruedak eta bere taldeak lagunduta, hamaika kantarik aletu zituzten Lauaxetaren beste hainbeste poema musikatu. Zoragarria.

Ikuskizunak hari bat izan zuen, neska batek kontatu baitzizkigun Estepan Urkiagaren nondik norakoak, jaio zenetik hil arte. Eta bukaeran neskak Edorta Jimenezen laguntza izan zuen. Biak, oso ondo.

Bitartean, baina, abeslarien txanda. Denak aritu ziren ondo, baina bi bereiztuko nituzke: **Eñaut Elorrieta eta Rafa Rueda.** Eñautek abestu zuen Dena emon behar jako hura sekulako indarrarekin; bertsio zoragarria egin du, seguruenik belaunaldi oso bat markatuko duena. Harrituta etxeratu nintzen, zelako indarra eta nortasuna duen mutil horrek. Rafak, berriz, maisuen pare gidatu zuen jaialdia. Iruditzen zait bi horiek, Eñautek eta Rafak, zeresan handia emango dutela oraindik, zorionez.

Baina magia ez zen hor bukatu. Izan ere, Espaloian lagun mordoa aurkitu genituen, batzuk aspaldi ikusi gabeak, Anje Duhalde, Juan Martin Elexpuru, Elena Laka eta Ruper Ordorika kasu. Edorta Arana, Marijo Deogracias, Eneko Azkarate eta Joseba Valles ere hantxe ziren, zein baino zein alaiago.

Etxeratzeko orduan, denok itzuli ginen pozik, baita Miren alaba ere. Erabateko esperientzia izan zen berarentzat.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

6 Responses to Lauaxeta Elgetan

  1. egilea: Marijo

    Neu be bat nator zurekin, Joxe. Zoragarria izan zen. Dena dela, saioari amaiera eman zion abeslaria, Petti, aipatu barik laga duzu eta nahiko nuke, zure baimenarekin, aipatu beharreko abeslarien artean sartu. Berak ere, Eñaut Elorrietak egin zuen antzera, sekulako indarrez abestu zuen Amayur Gaztelu Baltza. Niri behintzat, hotzikarak sentiarazi zizkidan haren bluesak.
    Bikain aritu ziren guztiak, eta ni Francis Diez (Dotctor Deseo) abeslariaren autografoarekin itzuli nintzen etxera; pozik!

  2. egilea: Eneko

    Oso gustura egon nintzen atzo Espaloiko emanaldian. Inbidia handia ematen dit Elgetak: Kafe antzoki ederra dute, berau kudeatzen dutenek sekulako lana egiten dute eta egitarau bikaina eskaintzen dute.

    Berandu heldu ginen Edu eta biok eta, ondorioz, ezin izan genuen Gari ikusi eta Eñaut Elorrieta bukatzen zebilen sartu ginenerako.

    Osterantzean, gustatu zitzaizkidan bereziki:

    Xabi Strubel. Abestia bera eta interpretatzeko modu sinple bezain eraginkor eta polita).

    Anje Duhalde. Errobiren garaian izan ezik, sekula ez dut gustuko izan eta interesgarriagoa iruditu zait Mixel Ducauk hartu duen bidea, baina atzo gustatu zitzaidan Duhalderen folk amerikar ukituko kantua).

    Rafa Rueda eta Txuma Murugarren. Pop zalea naiz eta haiekin bat egiten dut abestiengatik, jarrerarengatik, kantak atondu eta konpontzeko moduagatik, ibilbidearengatik… Rafa Rueda maisua iruditzen zait eta beste batzuekin lan egin duenean igarri izan zaie (Zaharregia, Txikiegia bikaina, Mikel Urdangarin tristearen azken lana…

    Petti. Gustatu zitzaidan asko. Ikaragarria da Petti bera fisikoki eta, batik bat, bere ahots indartsu hori, barren barrenetik abesteko modu hori. Norbaitek hunkitu bazuen atzo entzuleria hori izan zen Petti, amaiera ederra emanez hamaikakoari.

    Bukaera

    Musika emanaldia? Performancea? Musikaz lagundutako errezitaldia? Antzerkia, musika eta hitzak nahasten dituen ikuskizuna?… Zer da Ehungarrenean Hamaika?

    Seguruen denetik apur bat, baina, nire ustez, batik bat da musika emanaldia. Lau musikari bikainez osatutako banda batek lagundutako hamaika interprete bikainen musika emanaldia. Eta, hori horrela, uste dut beste modu bateko amaiera behar duela.

    Nik musikarekin amaituko nuke emanaldia: denek batera zerbait abestuta? Akaso sarritan ikusia eta hortera samarra da, baina eraginkorra. Ez dakit, baina entzuleriak “Beste bat, beste bat” eskatuko balu, zer geratuko litzateke?

    Amaiera apoteosikoagoa behar du Ehungarrenean Hamaika-k.

  3. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, bikote! Bistan da gutariko bakoitzak atera zuela zerbait diferente jaialditik. Eta horrek ere esan nahi du bazegoela zerbait denentzat.

    Jaialdia diseinatu zen moduan, iruditzen zait disko horren bidez Lauaxeta askoz errazago iritsiko dela gaur egungo gazteengana. Antton Valverderen lana oso ona zen, baina seguruenik ez da hain erraz iritsiko haiengana. Atzoko taldea, berriz, uste dut baietz.

    Eta egia da jaialdia beste modu batean buka zitekeela, eta akaso irabazi ere irabaziko lukeela horrela, baina ni konforme irten nintzen ikusitakoarekin. Ondo segi.

  4. egilea: Agurtzane

    Neu ere bertan izan nintzen. Zoragarria izan zen arratsalde-gaua.

    Neuri Pettit gustatu zitzaidan. Hamaikakoari bukaera indartsua eman zion. Eta ezin dut ahastu neska, berak egin zuen antzezlana oso ona izan zen.

  5. egilea: Juan Garzia

    Ez dakit norena den errua, baina oso deseroso sentiarazi nau hamaika gizaseme izen propiodunen artean (egia: ez ote da emakume kantaririk gurean, muestrarako sikira?) “neska bat”en lana (gor)aipatzen ibiltzeak (gero, jakina, ez dio laguntzen “mutil/gizon” batek, “Edorta Jimenez”ek baizik). Ez al du izenik neskak?

  6. egilea: Joxe Aranzabal

    Arrazoi duzu, Juan. Neskaren izena ez aipatzea nire errua da, eta ez du aitzakiarik. Sentitzen dut, eta eskertzen dizut ohartaraztea egindako hutsaz. Aurrerantzean kontu handiagoa izango dut.

    Ordea, zergatik ez zen emakumerik kantarien artean, horretaz seguru nago Rafa Ruedak zeresan handiagoa izango duela nik baino. Besarkada bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude