Nire doktore tesia

Doktore tesia egien hasiko naiz. Hori izango da datozen urteotarako lan garrantzitsu bat niretzat, nola izango baita beste lankide zenbaitentzat ere: Ane, Beñat eta Maiterentzat, adibidez. Atzo, hain justu, hasi ginen doktorego kurtsoan, Arrasaten.

Atzokoa egun osoko saioa izan zen, Elena Auzmendi Deustuko Unibertsitateko irakasleak gidatua. Ondo gidatua, gainera, gehienok gustura irten baiginen nola azaldu zituen gauzak, eta zelan gidatu zuen taldea. Eguerdian, bazkaltzera irten ginenean, pozik nengoen, argi gehiago ikusten nuelako sartu nintzenean baino.

Arratsaldean, ordea, berriro lainotu zitzaidan ikusmira, batez ere zehaztu behar izan genuenean paragrafo batean tesiaren nondik norakoak. Nik zirt-zart idatzi nuen, ondo zedarrituta egon zitekeelakoan, horrelaxe:
Nire doktore tesiak aztertuko du zer ekarpen egin dion euskal blogosferak euskarazko kazetaritzari, zer eragin izan duten blogek euskal kazetaritzaren estatusa birmoldatzeko orduan, eta blogek zenbateraino erakarri duten jenderik hiritar kazetaritzara.

Tesiaren nondik norakoak

Irakasleak esan zidan oso zabala dela adierazpen hori, hiru gai daudela definizio horretan, eta komeni dela gaia gehiago mugatzea. Elenak arrazoi du, beste ahalegin bat egin behar dut adierazpena gehiago zehazteko. Hemendik aurrera gauzak idatzi eta berridatzi beharko ditut etengabe. Ohitu egin behar molde horietara, zehaztasuna irabazte aldera.

Beste erabaki bat ere hartu dut: noiz edo behin idatzi egingo dut Faroan nire tesiaren gainean —dagoeneko sortu dut atal bat gehiago hemen: “doktore tesia”—, eta zuekin partekatuko ditut estualdiak eta pozak, proposamenak eta iradokizunak. Iritzia galdetuko dizuet, eta entzun zuen esanak.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

8 Responses to Nire doktore tesia

  1. Aupa Joxe.
    Hori langintza hartu duzuna. Grass root journalism… itzela. Panorama etengabe doa aldatzen eta sendotzen. Egunetik egunera, bai komunikabide ohikoek, zein komunika(bit)de berriek aldatu eta eraldatuko dute egoera hori.

    Etengabe egokitzen, etengabe eraikitzen ari den errealitatea daukazu begien aurrean, eta zentsu horretan, etengabe ikasten eta ikusten aritu beharko duzu, zure lantaldearekin batera.

    Gaia garrantzitsua da, eta poztekoa da “euskal inteligentsian” baten batek gaiari adarretatik oratu izana.

    Gomendatuko nizuke, wiki bat sortzea, eta batzen dituzun datuak, jakintza berriak eta… sozializatzen hastea. Beharbada, wikilari mordo bat, bere neurrian laguntzeko prest azalduko zaizu.

    Sekulako aukerak ikusten dizkiot gaiari, eta beraz, emaitza barik, prozesua bera egiten zait interesgarri. Cum laudenari zai egon barik… prozesua bera interesgarriagoa zaidala diodanean, benetan ari naiz.

    Enuke zure antolaketa eta plangintza izorratu gura, baina laguntzarik gura baduzu, laguntzeko prest ni. Benetan.

    Tesirik ez dut sekula egingo eta. Antitesia da nirea. Sintesira noizbait heltzeko desioarekin.

    Txalo bero bat, Joxe. Ekin eta jarrai. Eta eman eta zabal zazu, ahal den neurrian.

  2. egilea: Xabi

    Zorte on erronka honetan Joxe. Oso interesgarria izan daiteke, eta gainera (ez da doako lorak botatzearren) ez dut uste zu baino hoberik dagoenik gai honetan sakontzeko. Blogintzaren “diagnosia” ikustekoa izango da, seguru.

    Animo eta aurrera

  3. egilea: Kepa Diegez

    Aupa, Joxe:
    pozten naiz hartutako erabakiaz. Ideia bikaina eta interesgarria. Badakizunez, nik neure bloga tesirako datuak biltzeko erabiltzen dut. Zeozertan lagundu ahal badizut, prest naukazu. Zorte on eta aurrera!

  4. egilea: Ricardo Gómez

    Saltsa ederrean sartu zara, Joxe. Baina, Xabik dioen bezala, egokia zara oso horrelako saltsa batean sartzeko eta garaile ateratzeko.

    Eta, Patxik dioen bezala, kontuz blogen munduko etengabeko aldaketekin, tesiak noizbait bukatu behar dira eta!!

    Hamazazpi urtetan tesia egiten eta orain bukatzear (?) dagoen batek esaten dizu.

    Aurrera.

  5. Zeregin bikaina aukeratu dozu. Tesiak okupatuta egoten laguntzen dau eta gainera nolabaiteko ordena do disziplina eskatzen dauan lez lanari etekina ateratzen diozu. Kontatuko diguzu tesiaren berri.

  6. egilea: Joxe Aranzabal

    Mila esker denoi, lagunak! Eskerrak animoengatik, aholkuengatik eta laguntzeko prestutasunagatik. Baita lorengatik ere, ni baino eskuzabalagoak baitzarete. “Euskal inteligentsia”rena, berriz, potoloegia da niretzat, Patxi. Hala ere, estimatua dago.

    Oraingoz, piano-piano abiatuko naiz, eta seguru nago oraindik ikerkuntzaren formulazioa ere aldatuz joango dela, beraz, pazientzia denok, eta egonarria. Etorri beharrekoak, etorriko dira. Besarkada handi bat denoi.

  7. egilea: Unai

    Kaixo, Joxe, oraintxe ezagutu dut zure bloga, eta oso interesgarria iruditu zait. Post honetan, Patxi Gaztelumendik wiki batean aritzeko animatzen zintuen tesia elkarkooperazioan oinarritzeko, eta nik wikien erabilgarritasuna azpimarratu nahi nuen. Adibide bat ikusi nahi baduzu, sar zaitez http://www.ehu.es/arkitekturahiztegia orrian eta konproba ezazu. Irakasle batzuen artean egiten ari garen arkitektura wiki-hiztegi bat da. Agur eta ondo izan.

  8. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Unai! Eskertzen dizut proposamena, baina kontua da oraindik ez ditudala wikiak manejatzen. Baina agintzen dizut ikasiko dudala, oso interesgarria iruditzen zait-eta. Besarkada bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude