Jostailu hautsiak

“Eta zu nola sentitzen zara horrelako erantzun bat jasota? Lur jota egongo zara, ezta?” Lankide batek baino gehiagok egin zidan galdera hori herenegun, jakin zutenean Lagun Arok ez nauela onartu mutualistatzat, nire osasuna dela eta. Atxikimendu eta elkartasun beroa jaso nituen lankide askorengandik, gehienek bazterkeriatzat hartzen baitute Lagun Aroren erantzuna.

Non gelditzen dira kooperatibetan aldarrikatzen ditugun elkartasuna eta lankidetza? Men egin behar dio HUHEZIk Lagun Arori eta atzera egin lankide bat bazkide izendatzetik? Osasuntsuak eta guapoak bakarrik izan ahal dira bazkide kooperatibetan? Horrelako galdera asko entzun nituen lankideen ezpainetan.

Gehienek ez zuten irakurrita nik Faroan ateratako mezua, baina herenegun, Ameliak posta elektronikoz bidalitako mezuari esker, jakin zuten nire egoeraren berri. Eta, nigana etorri zirenak behintzat, asaldatuta zeuden.

Badakit zenbaitentzat jostailu hautsi bat naizela, minbizia estigma moduan ulertzen dutelako, baina nire lankideek erakutsi didate elkartasuna kalkulu guztien gainetik dagoela, eta bihotz-bihotzetik eskertzen diet.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Liburuak, gezurrak eta telebista

Hemeretzi urte zituenetik ari da Oprah Winfrey telebistan lanean. Gaur egun aurkezlerik ezagunenetako bat da AEBetan. Hala ere, inoiz ez du horrelako ataka gaiztorik igaro, egun hauetan bezala: 2005eko irailean hautatu zuen A million little pieces liburua hileko liburu bere klubean, eta bihurtu zuen liburua bat-bateko best seller, halakoxea baita Oprah Winfreyren eragina telebista-ikusleen artean. 2006ko urtarrilaren 26an, Oprahk onartu zuen gaizki aukeratu zuela, eta barkamena eskatu zuen milioika ikusleren aurrean. Zer gertatu zen tartean?

Gertatu zen 2006ko urtarrilaren 8an The Smoking Gun sareko aldizkariak salatu zuela James Frey kazetariaren liburuak gezur piloa zekarrela. Harrezkero, aldizkari eta egunkari askok, tartean The Washington Post entzutetsuak, salatu zituzten liburuaren asmakizunak, berez ez baitzen fikziozko liburua, autobiografia baizik.

Hasieran Egileak ezeztatu egin zituen salaketak, eta Oprhak bera Freyren alde irten zen. 2006ko urtarrilaren 26an, berriz, ikusirik zelako kritikak ari ziren jasotzen bai Freyk eta baita Oprahk berak, honek programa berezi bat egin zuen, eta bertara gonbidatu zituen James Frey idazlea, beronen argitaratzailea eta Richard Cohen, The Washington Posteko kritikari bat. Inork ez zekien zer gertatuko zen.

Oprahk zur eta lur utzi zituen denak: onartu zuen bere kritikariak zuzen zeudela eta bera oker, eta barkamena eskatu zien bere ikusleei. Eta ondoren, kontuak eskatu zizkien James Freyri eta haren argitaratzaileari. Haiek onartu egin zuten liburuan pasarte asmatu dezente daudela, gezur franko beraz.

Barkamen eta kontu eske

Oprah ez da literatura kritikaria, baina tarte bat du bere telebista saioan, non gomendatzen baititu bere liburu gogokoak, eta horiek sarri bat-bateko best seller bihurtzen dira. Freyren kasuarekin, ordea, bere sinesgarritasuna kolokan geratu zen. Horregatik Oprahren erantzun bizkorra. Ikusle eta kritikari gehienen ustez, asmatu egin du, eta bere sinesgarritasuna inoiz baino sendoagoa omen.

Argitaratzaileen lan egiteko modua, aldiz, zalantzan dago, antza denez, Freyren kasuan argitaratzaileak berak eraman zuen Frey liburuaren izaera aldatzera. Ikusirik fikzio liburu bezala ez zela salduko, gomendatu zion material hura apur bat moldatzea, eta autobiografia moduan aurkeztea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Diseinatu zure etxea, doan

Leku bat aurkitu dut zoragarria bere etxea edo lorategia diseinatu nahi dituenarentzat. Smallblueprinter deritzo, eta aukera ematen dizu zure etxearen planoa egiteko, emaitza 3D dimentsioan ikusteko, badaezpada ikuspegi isometrikoa hartzeko, eta baita egindako lana inprimatzeko ere. Doakoa da, eta erabilerraza. Egin aproba.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Otsailaren 3a, ostirala

Egun hori berezia izango da jende askorentzat, arratsaldeko 18:30ean aurkeztuko baita Bergarako Miguel Altuna ikastetxean Goienkaria berritua. Egun horretan, Goio Aranak, diseinatzailerik sarituenak euskal diseinatzaileen artean aurkeztuko digu paperean bere azken lana. Paperean esan dut, zeren dagoeneko erakutsi digu formatu digitalean, Goienkaria berritzen izeneko blogean, non, bera eta Eneko Azkarate, pausoz pauso jaon baitira esplikatzen birdiseinuaren nondik norakoak. Ahal baduzue, ez galdu aurkezpen hori. Ni, behintzat, banoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

HABE eta minbizia

HABE erakundea prestatzen ari da ikasmaterial bereziak Osakidetzako langileak euskalduntzeko, eta horien barruan unitate bat prestatu du nire kasuarekin. Horretarako, erabiliko ditu nik Sustatun argitaratutako hainbat artikulu, eta Euskadi Irratian egin zidaten elkarrizketa bat.

Aukera izan dut unitate hori ikusteko, eta, lehen begiratuan, iruditu zait interesgarria. Materialak helburua du ikaslea jabearaztea modu informalean zer den linfoma. Hori guztia hizkuntzaren ikuspegitik landuta, ikaslea trebatzeko hiztegian eta elkarrizketan. Atentzioa eman dit, hala ere, nola prestatu dituzten hainbat ariketa ikasleen artean eztabaidatzeko nola eman berri txarrak gaixoari, nola komunikatu harekin.

HABEko ordezkari batek esan didanez, orain HTML formatuan prestatzen ari dira material hori, geroago sarean eskegitzeko, Ikasbil atarian.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Faroak

Flickr-en nabilela, Mantangorri argazkilari euskaldunaren gunera iritsi naiz, eta bertan argazki bat aurkitu dut, faro bat urdin ederra. Sartu Mantangorriren gunera, eta gozatu haren argazkiez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Papillon

Izango zen 1972an. Donostian ikasten ari ginen, eta diruz nahiko urri genbiltzan. Hotsa zabaldu zen pelikula bat filmatu behar zela Hondarribian, eta hara joan ginen, aktore lanak egitera, estra moduan. Egun hauetan, eta aspaldiko partez, berriro ikusi dut Papillon, huraxe izan baitzen film haren izena, eta gustatu zait.

Filmaren hasieran agertzen dira Hondarribian hartutako irudi gehienak, baina gure buruak, ezta sumatu ere. Gogoan dut nola egun pare batez soldadu frantsesez jantzita ibili nintzen. Eta beste batean, kaletar xumez. Fatima, berriz, balkoi batean paratu zen, paradore pareko plazatxo hartan.

Egun politak izan ziren haiek. Gu haurrak baino alaiago, jakina. Han ikusi genituen Steve McQueen eta Dustin Hoffman handiak. Baita Ali MacGraw ere, garai hartan Steve McQueenen neska laguna. Eta orduan ikusi genuen, lehen aldiz, nola filmatzen zen pelikula bat. Eta ez zitzaigun bat ere inporta eszena bat bost edo hamar aldiz errepikatu behar baldin bazen. Guretzat jolasa zen hura.

Egun hauetan ikusi dut berriro filma, DVD formatuan. Film ona iruditu zait, nahiz eta apur bat luzea gaurko neurrietarako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Berria, RSS eta izenburuak

Oso pozik nabil Firefox laneko ordenagailuan ipini nuenetik. Nabigatzailearen euskarazko bertsioak Berria egunkariaren izenburuak ekartzen dizkit RSS bidez, baina zenbait kasutan izenburu horien mezua oso ilun geratzen da, lerro bakoitzak neurri jakin bat izanda, esaldiak ez baitira osorik agertzen, eta nola izenburu horien gune nagusia atzealdean doan, bada asmatu egin behar horietan zer esaten den.

Bost adibide

Horrela agertzen zaizkit Berria egunkariaren izenburu batzuk Firefox nabigatailearen barran:

• Huescan zendutako bi mendizale gipuzkoarren h…

• Bahituei eta presoei buruz FARCekin negoziatze…

• Akordio soziopolitikorako bidean adostasuna es…

• Batasunak ez duela Espainiako Gobernuarekin b…

Horrela irakurrita, ezer gutxi atera liteke nondik nora doan albistea. Horrek arrazoi garbi bat du: esaldien gunea atzealdean dago, eta nola atzealde hori ez den agertzen esaldian, kasu horretan nabigatzaileak muga bat ipintzen diolako RSS jarioari, bada ezin jakin justu-justu zertaz doazen albiste horiek.

• MMEren aurkako manifestarien aurka gas parali…

Izenburuak osorik

Arazoa hobeto ulertzeko, hona hemen izenburuak bere osoan:

• Huescan zendutako bi mendizale gipuzkoarren h…ilotzak gaur helduko dira Euskal Herrira

• Bahituei eta presoei buruz FARCekin negoziatze… a onartu du Uribe Kolonbiako presidenteak

• Akordio soziopolitikorako bidean adostasuna es… katu du Jaurlaritzak

• Batasunak ez duela Espainiako Gobernuarekin b… atere harremanik ziurtatu du Barrenak

Berriako kazetariek kontuan hartu beharko lukete arazo hori, eta izenburuak beste modu batean idatzi, irakurleok bat-batean jakin dezagun esaldiok zer mezu dakarkiguten. Hona hemen proposamen bat izenburu horiek hobetzeko:

• MMEren aurkako manifestarien aurka gas parali… zatzailea erabili du Hong-Kongeko Poliziak

Izenburu egokiagoak

• Gaur helduko dira Euskal Herrira hilotzak, Huesc… an zendutako bi mendizaleenak

• Uribe Kolonbiako presidenteak onartu du negozia… tzea FARCekin bahituei eta presoei buruz

• Jaurlaritzak adostasuna eskatu du akordio sozio… politikorako bidean

• Barrenak ziurtatu du Batasunak ez duela harrema…nik Espainiako Gobernuarekin

• Hong Kongeko poliziak gas paralizatzailea erabili… du MMren aurkako manifestarien aurka

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Bihar, lanera

Joan den larunbata ezkero ohean izan naiz, bronkitisak jota. Hasieran, bazirudien asteburua ohean igaroz gero erraz osatuko nintzela, baina uste baino egun gehiago behar izan dut, eta antibiotikoen laguntza, neure onera itzultzeko. Okerrik ez bada, bihar lanera itzuliko naiz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Zer da arrakasta?

Atzo txiste bat bidali zidan lagun on batek, sarean hara eta hona dabiltzan horietako bat. Zer da arrakasta? zioen txistearen izenburuak. Hemen erantzuna:

  • 3 urterekin: Txizarik gainean ez egitea.
  • 6 urterekin: Gogoratzea zer egin duzun egunean.
  • 12 urterekin: Lagun asko izatea.
  • 18 urterekin: Gida baimena edukitzea.
  • 20 urterekin: Sexu harremanak izatea.
  • 35 urterekin: Diru asko edukitzea.
  • 50 urterekin: Dirua barra-barra edukitzea.
  • 65 urterekin: Sexu harremanak izatea.
  • 70 urterekin: Gida baimena edukitzea.
  • 75 urterekin: Lagun asko izatea.
  • 80 urterekin: Gogoratzea zer egin duzun egunean.
  • 85 urterekin: Txizarik gainean ez egitea.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin