Web 2.0 Oinarrizko Hezkuntzan

Gaur aurkeztu nahi dizuet webgune zoragarri bat, Top of the Fold, eta hor Oinarrizko Hezkuntzako ikasle gaztetxoek argitaratzen dituzte eskolako lanak, hainbat formatutan: idazlanak, pokastinak, marrazkiak eta eskemak, besteak beste. Grandview Elementary eskolak argitaratzen du webgune hori, New Yorken, bertako irakasleen inplikazio ezinbestekoarekin. Via Will Richardson.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Sustatu, ia bost urte atzera eginda

Harrituta irakurri diot Gari Araolazari orain ia bost urte neuk idatzi nuela lehen mezua Sustatun, ez bainintzen horrekin gogoratzen. Eta poztu egin naiz, oparitzat hartu dut, ustegabeko erregaloa, niretzat Sustatu webgune berezia delako.

Hasiera hartan ez genekien nola idatzi ere blog batean, ikasten ari baikinen bloga bera zer zen. Eskerrak, Luistxo eta Gari bera genituen atzean, aholkuak eman eta bidea erakusten.

Lehen mezu hura prentsa ohar soila izan zen, ezer originalik ez. Halaber, ez nuen loturarik eskaini —gaur egun oso gutxitan egiten dut hori—, errazago egin zitzaidan, antza, pare bat hitz azpimarratzea, efektu antzekoa lortzeko. Hala ere, lehen mezu hark bazituen zenbait elementu, gerora asko landu ditugunak:

  • Izenburu motza, lerro batekoa.
  • Sarrera ondo definitua.
  • Artikulu laburra.

Urte hauetan ia 4.000 albiste argitaratu ditu Sustatuk, halaxe dio Garik, eta, bai, ospatu egin beharko dugu bosgarren urtehurrena, merezi du-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Egoerak, indize bidez azalduta

Hemen duzue, lagunok, blog katxondo bat, Indexed. Indizeak erabilita, erakusten ditu eguneroko egoerak fitxetan irudikaturik. Mundua ulertzeko beste modu bat. Via Biz Stone.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

1973, Txile

Urte hartan Bilbon bizi nintzen, beste ikasle batzuekin batera, Iturribide kalean. Historia ikasten ari nintzen Deustuko Unibertsitatean. Gaur bezalako egun batean, irailaren 11n, jakin genuen Txilen estatu kolpe bat izan zela. Egunak pasatu ahala, gero eta berri larriagoak: Salvador Allende, Victor Jara eta milaka lagun, hilda. Cuadernos para el Dialogok eta Triunfok —garai hartan gehien irakurtzen nituen aldizkariak— antzeko azalak etara zituzten, bel-beltzak.

Irailaren 11ko hark barru-barruan astindu ninduen. Horregatik aipatu nuen, urte batzuk geroago New Yorken gertatuarekin batera, 2002ko irailaren 11n, minbizia aurkitu zidatenean, orain lau urte.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Zazpi tiro

Bazkaltzera noa eta irratian albisteak ematen ari dira. Ez diet kasu handirik egiten, auto barruan beroa itogarria baita. Bat-batean, ordea, ahots bat entzuten da, uluka: “Te voy a pegar siete tiros. Fascista de mierda. Te voy a arrancar la piel a tiras, cabrón…” Hitzen tonuak erne jartzen nau, gorrotorik minena adierazten baitute. Durduzaturik irten naiz beribiletik.

“Iñaki Bilbao”:http://www.elmundo.es/elmundo/2006/09/07/espana/1157623156.html bide da, ETAko presoa, eta hitz egiten ari zaio Baltasar Garzon epaileari. Presoak berak lasaitu ederra hartuko zuen horrelakoak esanda, baina iruditzen zait kalte galanta egin diola euskal presoen aldeko mugimenduari, erakutsi baitu ETAren aurpegirik ankerrena eta odoltsuena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 12 iruzkin

Trackbacka kendu dugu

Ez dakit inor konturatu den, baina iraila ezkero ezin da trackbackik egin Faroan. Indargabetu egin dugu, spam mordoa jasotzen ari nintzelako. Horrekin batera, ohartuko zineten erantzunetan orain eragiketa bat bete behar dela erantzuna argitaratuko bada. Hori ere bahe ona da, spama saihesteko.

Uda honetan, abuztuan bereziki, hasi nintzen spam mordoa jasotzen, eskatu gabeko mezuak, egunean 260 inguru, denak trackbackari itsatsita. Sekulako oldea, bai blogean bertan eta baita nire postontzi elektronikoan. Hori dela eta, erabaki dugu indargabetzea trackbacka, utilitate txiki bat zeinaren bidez lotura egin daitekeen beste blog batekin, blog horretan agertzen denean guk ere landutako gai bat. Gure artean oso gutxi erabili izan da trackbacka, beraz, ez dut uste asko galduko dugunik hori gabe.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 9 iruzkin

50 webgune primerakoak

Time aldizkariak aurkeztu berri du 50 Coolest Websites, sailkapen bat non biltzen diren webgunerik interesgarrienak, beti ere aldizkariko editoreen iritziz. Horietako batzuk Web 2.0ren bizitasuna eta baliabideak eskaintzen dituzte. Saltseatu eta klik egin adibide horietan, aurkituko duzue-eta zerbait interesgarririk.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Udan irakurritakoak

Opor hauek ziztu batean joan dira, baina izan dut astirik apur bat irakurtzeko. Beste batzuetan baino gutxiago, baina nahikoa asetzeko oporrak hartu aurretik nuen premia.

  • Orixe. Gutunak (1917-1961). Uda honetako irakurgai mardula izan dut liburu hau. Berau irakurri ahala, pena eman dit Orixek, beti defentsiban, tokiz eta garaiz kanpo. Zama handia zuen gainean, bera izatekoa baitzen euskal literaturaren (eta ia-ia euskararen) salbatzailea, baina zamak, eta Euskal Herriaren bilakaerak, gainditu egin zuten, gerra ondorengo gazteriak ez zuen-eta interesik ez haren mistizismoan, ez eta idazteko moduan ere. Lan ona egin dute Paulo eta Ibai Iztuetak gutun hauek guztiak apailatzen.
  • La Isla de los Faros. Komunikazioarekin du zerikusirik, azpitituluak adierazten duen moduan: *Un recorrido por las claves de la comunicación.* “Ferran Ramon-Cortés”:http://tinyurl.com/ncuqx publizista katalanak idatzia da, ia parabola baten bidez. Erraz irakurtzen da, eta merezi du, argia baita oso.
  • Txantxa. Quick. Esperimentu sendoa egin du Patxi Zubizarretak eleberri honetan. Trama Gasteizen gertatzen da, gaur egungo Gasteizen, baina pertsonaia bakoitzak ikuspegi bat ez ezik, ahots bat ere izango du, hau da, esateko modu bat. Hori dela eta, hainbat idazkera erabiliko ditu egileak, pertsonaien ahotsak modulatzeko. Eta horien bidez, bere iritzia emango digu bizi dugun bizitzaz eta gizarteaz. Gustura irakurri dut.
  • Gernikatik New Yorkera Berlinetik pasatuz. Uda honetako irakurgairik zirraragarriena izan da niretzat. Orain urte batzuk, Hondarribian bisita egin genion batean, Martin Ugaldek gomendatu zigun Gernikatik New Yorkera Berlinetik pasatuz, Jose Antonio Agirre lehendakariak egindako kontakizuna nola egin zion izkin Europako faxismoari. “Abentura izugarria da”, esan zigun orduan Martinek. Eta arrazoia zuen. Azken atala izan ezik, Agirreren hausnarketak Amerikak zer rol izan behar zuen munduan, bihotza hildua irakurri dut liburua, hunkituta zer nolakoak nozitu behar izan zituen euskaldunon lehendakariak nazien atzaparretatik ihes egiteko. Han eta hemen agertzen den estilo erretoriko samarra gorabehera, benetako abentura liburu bat dugu hau, film bateko lehengai paregabea. Proposamen hau egingo nioke Erein argitaletxeari, liburu hau gazteengana irits dadin: Juan Kruz Igerabidek liburuaren egokitzapen bat egin dezala, Homeroren Ulises lanarekin egin duen moduan, Jose Antonio Agirrerena benetako odisea baita, euskaldunok ezagutu beharrekoa. Aizpea Goenaga nahiz Steven Spielberg zine zuzendariei ere gomendatuko nieke film bat egiteko liburu honetan oinarritua.
  • Henry Bengoa, Inventarium. Jose Antonio Agirrek Hanburgoko portuan hartu zuen itsasontzia Alemaniatik ihes egiteko. Horrek eraman ninduen Bernardo Atxagaren beste lan honetara, hau ere Hanburgon gertatzen baita. Batak ez dauka zerikusirik bestearekin, baina nire buruan lotura egina dago. Atxagaren lana osorik irakurri barik nuen, eta hunkigarria egin zait, krak horiek behin eta berriz sentitu ditut bihotzean.
  • Behi euskaldun baten memoriak. Axularrek eta Cervantesek nola, Bernardo Atxagak ere ateak irekita utzi zituen Behi euskaldun baten memoriak liburuaren bigarren partea idazteko. “Egunen batean, premia sortuz gero, jarraituko nuen beste parteekin”, idatzi zuen Mo behiak bere memorien bukaera aldera. Bigarren zatia iritsi bitartean, hirugarren aldiz leitu dut liburu hau, eta, oraingoan ere, gozatu ederra hartu dut berau irakurtzen.
  • Ingelesen hilerria. Harritu egin nintzen, ikusi nuenean liburu dendako apaletan, berehala gogoratu bainintzen Luistxo Fernandezen blogarekin. Eta erosi egin nuen, jakinda Jose Maria Mendiolak idatzi zuela Ingelesen hilerria, eleberri labur bat gazteentzat idatzia. Negargarri euskaratua, lan apala iruditu zait.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Oporrak, mapa batean

Luistxoren artikulu bat irakurtzerakoan ohartu nintzen Flickr-ek ezaugarri bat gehiago duela: mapak. Alegia, aukera ematen du Flickr-en argitaratutako argazkiak mapa batean ezartzeko, bakoitza hartu dugun tokian ipinita. Hori ikusita, ni ere animatu naiz opor hauetan ateratako argazkiak mapan ipintzen. Hemen duzue: Akitanian egindako ostera eta Lizarran nahiz Santo Domingo de la Calzadan egindako egonaldi laburrak. Nahi baduzue beste horrenbeste egin, hemen oso ondo azaltzen du nola egin, batez ere screencast horiek ikusiz gero.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Euskal musika, alaiegia?

Itxaro Borda idazlearen Iragarki sailkatuak irakurtzen ari nintzela —Gutiziak izeneko liburuaren barruan— esaldi bat irakurri dut, harrigarria:
Adibidez, herri honek musika alaiegia duela iduri zait, hainbat non jende banako zoritxarrak ukatzea lortzen duen. Irratian egunean zeharreko ordu bihika guztietan entzuten den trikirok nahasketaren bozkarioa faltsua dela uste dut, faltsua eta ondorioz kontrol sozial eragilea. (60. or.)

Harrigarria egin zait esaldia, aurretik behin ere ez dudalako horretan pentsatu, alegia, gure musikak edo literaturak izkin egiten ote dieten etsiari eta desesperazioari. Egia ote? (Bidenabar, oso gustura irakurri dut Iragarki sailkatuak.)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1