AEBen irentsi beharra

Aste honetan Ameriketako Estatu Batuak 300 milioi bizilagun izatera iritsiko dira, planetako hirugarren herrialderik populatuena, Txina eta Indiaren atzetik. Hala ere, atzoko La Vanguardia irakurtzen hiru datuk eman didate atentzioa:

  • AEBen biztanleria da planetako populazioaren %4.
  • AEBek kontsumitzen dute planetako petrolioaren %25.
  • Lurreko bizilagun guztiok kontsumituko bagenitu amerikarrek beste baliabide natural, beharko lirateke lau planeta gurea bezalakoak asetzeko jendartearen irentsi beharra.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Eztanda autobidean

Atzo eguerdian gure amak sekulako ezustekoa izan zuen, etxean bakarrik zegoela, Mondragoen. Gorraize handia duenez, entzun baino sentitu egin zuen izugarrizko eztanda, eta jakin zuen ohi baino dezente handiagoa izan zela, lurra besteetan baino dardar handiagoa egin zuelako.

Balkoira irten zenean konturatu zen balkoi guztietan zegoela norbait, denak jakinmin berak jota. Aurrekoetan bezala, dinamita izan zen eztanda eragilea, baina atzokoan kalteak handiagoak izan ziren, teilatuetan eta beribiletan, harriak oso urruti zabaldu baitziren.

Eibar-Gasteiz autobidea egiten ari dira inguru horretan, eta takian-potian entzuten dira horrelako eztandak. Kontua da kasurik gehienetan enpresak jakinaren gaineran jartzen duela Udaltzaingoa eztanda egin aurretik, trafikoa geratu eta behar diren neurriak hartzeko. Atzo, berriz, abisurik ez eta tiroa, itzela, inoiz baino handiagoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Kendu egin dituzte plakak

Txantxibiri kalea, Elorrion

Elorrioko alkateari ez zitzaion gustatu orain astebete pasatxo egin genuen festa Txantxibiri kalea zela eta. Kritika somatu zuen gure jaian, bere gestioari egindako kritika, eta bi egun igarota udaltzainak bidali zituen Txantxibiri kaleko plakak kentzera. Zoritxarrez, ez du ulertu guk ez dugula oraingo udalbatza bakarrik kritikatzen, baizik eta azken 25 urteotan izan ditugun udalbatzak, horietako batek ere ez baitu kontuan hartu gure kale zatia, zuloak egiteko ez bada.

Plakak gorabehera, datorren urtean beste jai bat egingo dugu, aurtengoa baino hobea, eta plakak beren lekuetan ipini.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Bibliografia Mondragon fenomenoari buruz

Google Books aplikazioa oso interesgarria da liburuen berri jakiteko. Beroni esker, konturatu naiz nazioartean asko idatzi dela Mondragoeren gainean, batik bat gure herrian sortutako kooperatibei buruz. Mondragon hitza sartu dudanean liburu bilatzailean, Googlek aurkitu ditu 16.300 orrialde non aipatzen baita Mondragon hitza. Batzuk liburuak dira, beste batzuk aldizkari artikuluak, kritikak, etab.

Kazetari, irakasle eta ikertzaileek kontuan hartu aplikazio hau, Google Books, baliabide eraginkorra izan dakizueke-eta zuen lanean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Txakurra umedun?

Martin telesaila ikusten ari ginela —pozik, atal berriak iritsi direlako—, bat-batean Mariak harritu egin gintuen esan zuenean “txakurra umedun” zagoela. Berehala etorri zitzaidan gogora orain hamasei bat urte nik ere, Martinen lankideak nola, huts berdina egin nuela Arrasate Pressen nenbilenean.

Orduan idatzi nuen argazki baten oinean, non txakur bat agertzen baitzen kalean, txakur hura haurdun zegoela. Eta lasai asko geratu nintzen. Pare bat egun geroago baina, Karmelo Uribarren agertu zen erredakzioan eta galdetu zuen nork idatzi zuen hura. Nik, esan nion. Eta orduan azaldu zidan euskaraz animaliak ez direla haurdun geratzen, ernari baizik.

Zuzenketa: Lehen ernai neukan idatzita (esaterakoan tarteko -r- hori jan egiten dugulako), eta orain aldatu egin dut eta ernari ipini, Jabik beheko erantzunean arrazoi osoz iradoki didan moduan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 4 iruzkin

Hillary ere hormaren alde

Nork esango zukeen, baina Hillary Clintonek ere alde bozkatu zuen, Mexiko eta AEBen artean horma bat eraikitzeko. Zer hintzen eta non hago!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Baliabideak web diseinurako

Diseinua maite duzuenok, hemen duzue zerrenda interesgarri bat, eta hor 50 Neil Patel-ek 50 baliabide zerrendatu ditu, baliagarriak web diseinuak egiteko, tipografia eta guzti.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Zer egingo du Antzuolak?

Atzo irakurri nuen El País egunkarian Valentzian zenbait herrik leundu egin dituztela jaietako zenbait pasarte, berauek iraingarri izan daitezkeelako Islameko jarraitzaileentzat. Dirudienez, mairu eta kristauen arteko festa horietan, bukaeran lehertarazi egiten zen Mahomaren burua, petardoz betea.

Antzuolan ez dira Mahomarekin sartzen, baina jai bat egiten dute udan, Mairuaren alardea, eta hor, gogorarazteko antzuolarrek parte hartu zutela Valdejunkerako batallan Abd al-Rahman III.aren kontra, mairu batek (herritar bat mairuz jantzita eta beltzez pintatuta) men egiten dio alardeko jeneralari, eta betiko leialtasuna agintzen Antzuolari.

Kontuan izanda gure artean gero eta jende gehiago bizi dela arabiar jatorrikoa, iruditzen zait ospakizun hori beste modu batean ospa daitekeela, inor jarrera umiliagarrian agertarazi barik. Gipuzkoako armarritik kanoiak kendu baziren nafarrak ez mintzearren, zergatik ez aldatu Mairuaren alarde hori gure arteko mairuen eta, oro har, arabiarren errespetuz?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 6 iruzkin

Egun bikaina Txantxibiri kalean

Txantxibiri kalea, Elorrion

Festa zoragarria izan da gaurkoa Txantxibiri kalean, Elorrion. Hasierako zaparrada izan ezik, arratsaldeko  17:00ak inguruan, dena joan da ondo. Txistulariak, bertsolariak, soinujolea, luntxa, otarraren zozketa… Jende asko inguratu da bertara, musikak eta giro onak erakarrita. Flickr-en duzue eguneko kronika, irudietan. Klik egiten baduzue “View as slideshow” hitzetan, diapositiba pase moduan ikusiko dituzue.

tagzaniapaste
Txantxibiri kalea, Elorrion map – Tagzania

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Gora Txantxibiri kalea!

Bihar jai handia izango dugu gure kalean, orain arte Berrio-Otxoa kaleko goi aldean. Nola kasurik zipitzena ere ez diguten egiten (herri lanak eta hobekuntzak gure zatiaren hasieran geratzen dira beti, Euskaltelentzat-eta ez gara nor…) erabaki dugu jai bat antolatzea jendearen arreta erakartzeko, eta, bide batez, izena aldatuko diogu gure kaleari. Bihargero Txantxibiri kalea izango da. 

Horra zer bando alaia kaleratu duten jai antolatzaileek elorriarren artean, grabatu batekin batera:

  • Gure inguruak duen utzikeria ikusita, bertako auzokideek Txantxibiri kalea inauguratzeko deia luzagu nahi dizuegu, kale honetako bizi baldintzak, garraiobideak eta aisialdirako eskubideak kontuan har daitezen. Datorren hilaren 30ean, zapatuan, gure erreibindikazioei hasiera eman dien eguna ospatuko dugu, helburu batekin: konpondu dezatela kalea. Jai eta aldarrikapen eguna izango dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da denon parte hartzea. Osasuna eta umorea! Oharra: meriendarako tortilla batzuk beharko ditugu, ahal duenak ekar ditzala. Ardoa, txorizoa, ogia eta mokadu bat hartzeko zer edo zer egongo da. Eguraldiak laguntzen ez badu, Ganboan egingo dugu.

Herrian sekulako ikusmina sortu da biharkoari begira: trikitilariak eta soinujoleak izango ditugu, tortillak, eta bestelako jaki gozoak, ardoa eta txakolina, besteak beste. Jaia arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Gonbidatuta zaudete!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina