Euskarazko zibermedia, erren

Joan den astean, Zaragozan nintzela, Cibermedios liburua erosi nuen, liburu bat Ramon Salaberriak koordinatua eta ikertzaile talde batek egina honako unibertsitateetakoak: EHU, Santiago de Compostela, Malaga eta Nafarroa. Gainbegiratzen ari nintzela, begiak atal batera joan ziren, Zibermedia euskaraz, Javier Diaz Noci eta Koldo Meso Aierdi EHUko irakasleek egina. Sentipen gazi-gozoekin geratu nintzen, desorekatua ikusi bainuen analisia, paperezko hedabideen erreferentziak larregi baldintzatua.

Liburua 2005ean argitaratu zen, eta bertan erroldatzen dira 1.274 hedabide elektroniko estatu espainiarrean. Euskal Herrian, berriz, 116, horietatik erdia baino gehiago (%53,4) gaztelaniaz eta gainerakoa (%46,6) euskaraz.

Liburuaren beste atal batek, Zibermediaren tipologia, blogak ditu hizpide, baina gero azterketa egiterakoan, euskarazko hedabide digitalak aztertzean behintzat, ez ditu kontuan hartzen blogak. Horrela, badirudi liburu honen egileentzat zibermedia direla paperetik edizio digitalera igaro diren hedabideak soilik.

Papera, erabakigarria
Euskarazko hedabide digitalak aztertzerakoan, Zabalik gehigarria azpimarratzen du liburuak 244. orrialdean:

  • Tal vez la apuesta más clara en este sentido (paperezko bertsioa digitalean ipintzea, alegia) sea la del semanario Zabalik, integramente en euskera, que edita el Grupo Vocento y que desde el 2004 dispone de una página renovada en internet.

Berria digitalak, berriz, aipamen soil bat merezi du, gehiago ingelesez egiten zuenagatik euskarazkoagatik baino. Argiak bai jasotzen ditu loreak hurrengo orrialdean:

  • Su edición en internet puede catalogarse como la publicación más novedosa no sólo en el campo del ciberperiodísmo en euskera, sino en todo el panorama periodístico vasco. A finales de 1997, Argia mostró los primeros pasos de un ambicioso sitio web, que tenía previsto incluir la edición semanal de la revista impresa, un archivo de búsquedas interactivas de todas las entrevistas publicadas en la revista desde 1963, y dar, en definitiva, valor añadido a la edición tradicional, algo que otros medios más poderosos no han sabido ni querido comprender.

Sustatu, denik ere ez
Sustatuk, azken bost urteotan euskarazko kazetaritza digitalean gertatu den fenomenorik deigarrienetako batek, ez du merezi ez eta aipamen bat ere. Bitxia benetan, zeren liburuaren edizioa itxi zenean Sustatuk bazeraman hiru urte pasa lanean. Zaila da ulertzen zergatik ez Sustatu, zeren liburuaren beste atal batzuetan aipatzen dira hedabide digitalak paperezko ediziorik gabeak, Libertad Digital kasu.

Goiena.net-ek zorte hobea izan du kasu honetan, zeren Zibermediaren historia eta egitura atalean, horrela dio Diaz Nocik 35. orrialdean:

  • Por citar otro modelo potenciado por internet, de la unión de varias revistas locales de una comarca guipuzcoana nació Goiena.net, medio personalizable y que permite incluso colaborar a los lectores en régimen de autoría. No sólo las empresas “tradicionales”, por decirlo de algún modo, están tomando posiciones en internet o empleando sus características y ventajas.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Nire izenordeak Sustatun

Sustatun idatzi nuen garaian beti ez nituen izenpetu nire artikuluak nire izen-deiturekin. Gaixotu arte bai, baina gaixotu ondoren hasi nintzen izenordeak erabiltzen. Garai hartakoak dira Dick Turpin eta Aitita Makurra izenordeak, besteak beste.

Gaixotu eta lasterrera tratamenduan hasi nintzen, eta ordu asko egiten nituen etxean. Orduan erabaki nuen sendatu bitartean nire indar guztiak ipiniko nituela gaixotasuna gainditzen. Eta hasi nintzen gustuko gauzak egiten, bakardadeari aurre egiteko: irakurri, idatzi, paseatu, atsedena hartu… Ordurako ia urtebete neraman Sustatun idazten, eta Sustatun irauli nituen indar guztiak idazteko orduan.

2002ko irailaren 15ean, artikulu bat idatzi nuen Sustatun, Medikuak esan dit minbizia dudala, eta hark erantzun piloa jaso zituen. Horrek areago lotu ninduen Sustaturekin, eta nik idatzi eta idatzi, batzuetan nire gauzak, oso noiz edo behin, eta gehienetan bestelako gaiak.

Beldur nintzen baina, fakultatean zapuztuko ote ziren nik hainbeste idatzita —hori potrojorran zabilek, ala?—, eta hainbat izenorde erabiltzen hasi nintzen, Sustatuko editorreen baimenarekin.

Dick Turpin
Gaizki gogoratzen ez badut, hasieran denetik idatzi nuen izenorde horrekin, baina poliki-poliki zientzia eta teknologia gaietarako erabili nuen. Zergatik izenorde hori? Txikitan irakurritako komikien artean bat zen Dick Turpin, bidelapur bat ingelesa, gustura irakurtzen nuena.

Aitita Makurra
Badut nik lotura Lekeitiorekin, Bego emaztearen ama zena hangoa baitzen, eta hantxe entzun nuen aspaldi bazela haitz bat berezia Hondartzabal eta Isuntza hondartzen mugan, gizon bati zegokiona, eta zeritzon Aitita Makurra. Hortik hartu nuen izena. Izen horrekin era guztietako gaiak landu nituen, zientzia eta teknologia izan ezik.

Sustatu
Beste mezu asko Sustatu izenarekin sinatu nituen, serio zirelako edo Sustatuk itzala irabaziko zuenean, zenbait kasutan komeni zen-eta horrela sinatzea, jendeak ikusteko Sustatu erne zebilela eta gai zela azken orduko gaiak edo aurretik inork jorratu gabeak inork baino bizkorrago ateratzeko.

Hala ere, artikulu dezente atera nituen nire izen-deiturekin, nire gaixotasunaren gainekoak esate baterako horrela daude izenpetuta, eta iritzia eman behar nuenean zerbaiten inguruan, orduan nire izen-deiturak erabiltzen nituen, ez izenordeak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 7 iruzkin

Sustatuk 5 urte bete ditu

Gaur Sustatuk bost urte bete ditu, bost, 2001eko urriaren 29an plazaratu baitzen lehenengoz. Zorionak, beraz, nola edo hala Sustatun parte hartu dugun guztioi, batez ere CodeSyntax eta Goiena enpresei, beraiek sortu baitzuten bloga.

Niretzat ere berezia izan da Sustatu. Eta arrazoi bat baino gehiago ditut horretarako:

  • Lehen bloga izan zelako euskaraz. Sustatu iritsi aurretik, gutariko gehienok ez genekien blogak zirenik ere. Sustaturi esker ikasi genuen badirela.
  • Beste modu bat ekarri zuelako komunikatzeko. Ordura arte batek idazten zuen eta beste batek irakurri, baina Sustatuk ekarri zigun erantzuteko aukera, eta erantzunekin idazleen eta irakurleen arteko elkarrizketa agertu zen gure artean, dena denbora errealean eta sarean.
  • Eskola izan zelako niretzat, zelan idatzi Interneten. Hor ikasi nuen Interneten beste modu batean idatzi behar dela, laburrago eta zehatzago, informazioa beste era batean antolatuta: ondorioak hasieran, irakurlearen arreta harrapatzeko.
  • Lagun mordoa egin dudalako Sustatu bidez. Argazki honetako gehienak, eta beste asko, Sustatu bidez ezagutu nituen.
  • Aukera eman zidan nire burua beste modu batean kokatzeko, paperean eta telebistan lan egin ondoren. Sustatun idazten hasi aurretik Arrasate Presseko lehen zuzendaria nintzen ni jende askorentzat. Sustatuk lagundu egin zidan nire burua beste esparru batean kokatzen, Interneten.
  • Gaixorik egon nintzenean, Sustatun aurkitu nuen plaza handi bat, eta plaza horretan jarri nintzen harremanetan kanpoko munduarekin, eta horri esker hautsi nuen bakardadea, gaixotasunak ezarria.
  • Sustatun ikasi dudalako zelan eztabaidatu publikoan. Eztabaida askotan hartu nuen parte Sustatun, batzuk beroak oso, eta horietan ikasi nuen tonua modulatzen eta ondo irakurtzen erantzulearen mezua.
  • Talde lanaren adibide paregabea izan delako. Luistxo Fernandezek lehendabizi eta Iban Arantzabalek gero, erakutsi ziguten zein den editore baten lana. Atzeragotik, Garik, Enekok, Maitek, Mikelek, Asierrek eta beste batzuk ere parte hartu genuen talde ahalegin horretan.
  • Izugarri ondo pasatu nuelako bertan idazten. Sustatun ikasi nuen ikasitakoa partekatu egin behar dela, eta horrek poza ematen du, nahiz eta xemeikorik ez kobratu egindako lanagatik.
  • Sustatuk erakutsi zuelako Deba ibarra badela nor Euskal Herrian. Bat-batean, Sustatu erreferentzia ezinbesteko bihurtu zen euskarazko kazetaritzan, eta, harrigarria bada ere, Sustatu ez zen sortu Euskal Herriko inongo hiriburutan, baizik eta Deba ibarrean, Eibarko eta Mondragoeko bi enpresaren ahalegina izan baitzen.
  • Editore ezin hobeak izan dituelako. Ez naiz nekatuko esaten zenbat zor diegun Luistxo Fernandezi eta Iban Arantzabali —eta baita Gari, Eneko, Asier, Usoa, Mikel eta beste hainbat laguni— editore gisa egin duten lan eskergagatik.

Zorionak, bada, eta eutsi goiari!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 5 iruzkin

Zaragozatik, bihotzez

Bai, lagunak, Zaragozan gaude, ziber kafe batean idazten mezu hau. Atzo etorri ginen Aitor Zuberogoitia lankidea eta biok kongresu batera: Gazte Ikertzaileen Nazioarteko Jardunaldiak Komunikazioan. Uda partean komunikazio labur bat bidali genuelako etorri gara Aragoiko hiriburura.

Ailegaera

Gasteiztik abiatu ginen atzo, autobusez. Zaparrada galanta izan genuen Gasteizen, baina bidean jarri bezain laster, eguraldi garbia izan genuen. Zaragozan, haize epela: 24 gradu. Hotela beste puntan zegoenez, autobus geltokitik urruti, taxi bat hartu behar.

Hotela berri samarra da, gela politekin. Maletan han utzita, kalera irten ginen, afaltzeko asmoarekin. Saltoki handi batzuetara joan, eta han olagarroa jan genuen. Berriro hotelean, errepasoa eman pare bat egunkariri, eta lo egitera.

Gosaria

Goiz jaiki gara, 07:00etan. Gosaltzearekin batera, jakin dugu Athletic-ek berdindu egin zuela etxean eta Realak galdu bigarren mailako talde baten aurka. Eskerrak gosaria ona izan den!

Autobusez joan gara Merkataritza Ganberara, hantxe dira-eta jardunaldiak. Autobusean, kolore askoko aurpegiak. Bat-batean, alboko emakumeari telefonoz deitu diote. Errusieraz hasi da hitz egiten: “da” gora eta “da” behera. Mundu guztiak entzuten genion, baina ulertu, piperrik ere ez.

Jardunaldiak

Lehen eguneko jarduna ez zait larregi gustatu. Irekitze ekitaldian, hitz hutsalak eta handiusteak. Kazetaritzaren bertuteak airean, denak gogaitu arte. Aretoan, ikasle dezente agertu dira ordenagailu eramangarriarekin, aretoan wi-fia baitago.

Lehen mahai ingurua oso lege zaharrekoa iruditu zait, beti komunikazioaren parametro klasikoen barruan. Bigarrena apur bat interesgarriagoa, batez ere hobeto ulertzeko zelan hedatu den telebista estatu espainiarrean.

Arratsaldean, berriz, mahai inguru bat izan dugu iritzizko kazetaritzaren gainean, eta bertan izan da eskuin kazetaritzaren sorta oparoa: Charo Zarzalejos, Pilar Cernuda, Antonio Casado eta Mariano Gistan. Nekez egin dut aurrera, bitartean sekulako logura egin zait-eta. Entzun dira zenbait gauza kontuan hartzekoak, baina gehiena berbaro aspergarria izan da.

Aspaldiko ezagunak

Egunak baina, eman digu ezusteko atseginik. Liburu batzuei begira geundela, aspaldiko lagun bat inguratu zaigu: Xose Lopez, irakaslea Santiago de Compostelako Unibertsitatean eta aspaldiko laguna. AEBetan ezagutu genuen elkar, SND erakundearen pare bat kongresutan, eta hamalau bat urte izango ziren elkar ikusten ez genuela. Jose Pereirarekin zegoen, bere lankidearekin. Eta hantxe izan gara, kontu kontari, aretoan sartu bitartean.

Aspaldiko lagunak

Kanpotik etorri garenoi bazkaltzera gonbidatu gaituzte, eta hantxe agurtu dugu Ramon Salaverria, laboratorio multimediako zuzendaria Nafarroako Unibertsitatean. Baita Javier Diaz-Noci eta Idoia Camacho EHUko irakasle euskaldunak. Bapo jan eta ondo edan dugu, bertako ardo beltz gazte bat. Horrek eragingo zidan gero logura, arratsaldeko mahai inguruan.

Orain arratsaldeko 19:15 dira, eta hemen gaude Aitor eta biok, ziber kafe honetan, unibertsitate hiriaren ondoan, kronika hau idazten hotelera egin aurretik. Bihar itzuliko gara etxera, autobusez, hemendik arratsaldeko 17:15etan irtenda. Dena ondo badoa, hiru orduan Gasteizen izango gara.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

iPod: bost urte oparo

Orain bost urte jaio zen iPod musika jogailua. Hura zuria zen eta handi samarra. Gurea, berriz, txikiagoa da, Mini izenekoa, eta, egia esan, oso pozik gabiltza tramankulu txiki horrekin. Harrikoa egin bitartean, edp bakarrik paseatzen ari naizela, sarri erabiltzen dut ipotxa, eta gozatu egiten dut, bikain entzuten baita.

Lehen aldiz bestalde, eta baliaturik bosgarren urteurren hori, bideo bat kokatu dut Faroan, Steve Jobsek lehen iPod zuria iragarri zuenekoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Irudi-hiztegi bat: Google Images

Oraingoan ez, Googlek ez du atera hiztegi bat bere zerbitzuen artean. Hala ere, Google Images erabil daiteke irudi-hiztegi moduan hitzen bat ulertzen ez dugunean, hor aurkituko ditugu-eta, seguruenik, hainbat irudi, eta horiek lagunduko digute hitza hobeto ulertzen.
 
Egin aproba. Ireki Google, aukeratu Images eta idatzi horko hutsunean hitz hauek:

 Agertzen diren irudi guztiak ez daude lotuta eskatutako hitzarekin, baina gehienek balio dute kontzeptuak irudikatzeko. Euskara ere erabil daiteke, nahiz eta euskarari lotutako irudien gordailua askoz ere txikiagoa den.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Ezkonberritan

Ezkonberriak etxera iristen dira eta orduan gizonak diotso emazteari:

—Nahi baduzu nirekin bizi, baldintza hauek bete behar dituzu: Astelehen eta asteazken gauetan kafea hartzera joaten naiz nire lagunekin. Astearte eta ostegun gauetan futbolean jokatzera, eta ondoren Julenen etxera afaltzera. Ostiral eta larunbatetan tabernara jaisten naiz txikito batzuk hartzera. Eta igandeetan lo egitera joaten naiz goiz, atsedena hartzeko premia izaten dut-eta. NAHI BADUZU, ONDO; ETA BESTELA ERE BAI.

—Orduan emazteak erantzuten dio: niretzat arau bakarra dago. Etxe honetan, gauero egiten da txortan. HEMEN BAZAUDE, ONDO; ETA BESTELA ERE BAI.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Go pikutara!

Beribilean noala entzuten dut eta, egia esan, aditzen dudan bakoitzean harritu egiten nau, eta haserretu. Euskadiko Kutxaren azken iragarkia da. Go gora eta go behera ari da, “go bazara…” Nik ez dut piperrik ere ulertzen. Zer da go izatea?

Azken aldi honetan ez dabil asmatzen Euskadiko Kutxa publizitatea egiterakoan, eta kezkatzekoa da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 5 iruzkin

Abade martxosoa

Abademartxosoa.jpg
Erlijio kontuetan Herbereheak gu baino aurreratuago ikusi ditugu maiz, bai behintzat eliza katolikoari dagokionez. Garai batean Holandako katiximak harrotu zituen hautsak Europa zaharrean. Gaur, berriz, Roderick Vonhögen abade gaztea egin da famatu, goizero egiten duen pokastinari esker, zeinak irabazi baitu Herritarren Saria Pokastin Erlijioso Onenari.

Aita Roderick Utrecht-eko Artxibarrutitik mintzatzen da egunero 30 minutuz, eta, egia esan, gai asko jorratzen ditu: musika, albisteak, telesaioak, bideojolasak, historia, osasuna, zientzia fikzioa… Entzun, eta igarriko duzue abadea martxosoa dela oso.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Gizakom berritua

Gizakom blogak urtebete eta erdi egin du dagoeneko, eta merezi zuen aldaketa txiki bat. Horretarako, aprobetxatu dut Blogger-ek aukera eskaintzen duela oinarriz aldatzeko. Orain askoz ere errazagoa zait blogaren itxura editatzea, sartu beharrik gabe, lehen bezala, plantillaren HTML edo CSSetan.

Gizakom bloga 2005ean sortu genuen Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatean, Giza Zientzien berri emateko. Oraindik ere horretan segitzen du, Humanitateak-Enpresa, Informazioaren eta Komunikazioaren Humanitateak eta Ikus-entzunezko Komunikazioa gai dituela, hiru karrera horiek osatzen dituzte-eta Giza Zientziak HUHEZIn.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina