Nire izenordeak Sustatun

Sustatun idatzi nuen garaian beti ez nituen izenpetu nire artikuluak nire izen-deiturekin. Gaixotu arte bai, baina gaixotu ondoren hasi nintzen izenordeak erabiltzen. Garai hartakoak dira Dick Turpin eta Aitita Makurra izenordeak, besteak beste.

Gaixotu eta lasterrera tratamenduan hasi nintzen, eta ordu asko egiten nituen etxean. Orduan erabaki nuen sendatu bitartean nire indar guztiak ipiniko nituela gaixotasuna gainditzen. Eta hasi nintzen gustuko gauzak egiten, bakardadeari aurre egiteko: irakurri, idatzi, paseatu, atsedena hartu… Ordurako ia urtebete neraman Sustatun idazten, eta Sustatun irauli nituen indar guztiak idazteko orduan.

2002ko irailaren 15ean, artikulu bat idatzi nuen Sustatun, Medikuak esan dit minbizia dudala, eta hark erantzun piloa jaso zituen. Horrek areago lotu ninduen Sustaturekin, eta nik idatzi eta idatzi, batzuetan nire gauzak, oso noiz edo behin, eta gehienetan bestelako gaiak.

Beldur nintzen baina, fakultatean zapuztuko ote ziren nik hainbeste idatzita —hori potrojorran zabilek, ala?—, eta hainbat izenorde erabiltzen hasi nintzen, Sustatuko editorreen baimenarekin.

Dick Turpin
Gaizki gogoratzen ez badut, hasieran denetik idatzi nuen izenorde horrekin, baina poliki-poliki zientzia eta teknologia gaietarako erabili nuen. Zergatik izenorde hori? Txikitan irakurritako komikien artean bat zen Dick Turpin, bidelapur bat ingelesa, gustura irakurtzen nuena.

Aitita Makurra
Badut nik lotura Lekeitiorekin, Bego emaztearen ama zena hangoa baitzen, eta hantxe entzun nuen aspaldi bazela haitz bat berezia Hondartzabal eta Isuntza hondartzen mugan, gizon bati zegokiona, eta zeritzon Aitita Makurra. Hortik hartu nuen izena. Izen horrekin era guztietako gaiak landu nituen, zientzia eta teknologia izan ezik.

Sustatu
Beste mezu asko Sustatu izenarekin sinatu nituen, serio zirelako edo Sustatuk itzala irabaziko zuenean, zenbait kasutan komeni zen-eta horrela sinatzea, jendeak ikusteko Sustatu erne zebilela eta gai zela azken orduko gaiak edo aurretik inork jorratu gabeak inork baino bizkorrago ateratzeko.

Hala ere, artikulu dezente atera nituen nire izen-deiturekin, nire gaixotasunaren gainekoak esate baterako horrela daude izenpetuta, eta iritzia eman behar nuenean zerbaiten inguruan, orduan nire izen-deiturak erabiltzen nituen, ez izenordeak.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

7 Responses to Nire izenordeak Sustatun

  1. egilea: Patxi

    “Beldur nintzen baina, fakultatean zapuztuko ote ziren nik hainbeste idatzita —hori potrojorran zabilek, ala?”

    Gaixoak ez du nahikoa bere zama eraman behar izatearekin. Gainera, etxean gordetzea esijitzen zaio, ohean kate batez lotuta egotea, geldi egotea. Gaixoak triste egon behar du.

    Oso ondo ulertzen dizut, Joxe, esan nahi dezuna.

  2. egilea: Jabi

    Zertara dator orain aitorpena? Erru sentimenduren bat askatzeko da? Ez diot ezergatik baina bitxia egin zait.

  3. egilea: Joxe Aranzabal

    Erru sentimendurik ez, Jabi. Sustatuk 5 urte betetzen ditu, eta iruditu zait fetxa hori egokia izan zitekeela horren berri emateko. Izenorde horiek garai horri dagozkio, besterik ez.

  4. egilea: Petrus

    Kontxo kontxo, harrituta nago. Ez ditut zure idatzi guztiak irakurtzen, baina politika kontuetan-eta ohartuta nago norbaitek kontra egiten dizunean, norbait horrek bere izenarekin sinatzen ez badu beti aurpegiratzen diozula hori -argudio hobeagoen faltan, seguruenik-. Autentikotasunaren paladin ustekoa, beraz, nortasun anizkoitzekoa genuen… Ondo dago jakitea.

  5. egilea: Joxe Aranzabal

    Ez duzu zertan harriturik. Lehenik eta behin, ni ez naizelako ezein autentikotasunaren paladin. Eta bigarrenik, norbait kritikatu behar izan dudanean nire izen-deiturekin egin dudalako.

  6. egilea: petrus

    Bai… Hori da zuk esaten duzuna… Sinistea, berriz, fede kontua.

  7. egilea: petrus

    Bai… hori da zuk esaten duzuna. Sinistea, berriz, fede kontua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude