Mikel Alvarezek irabazi du Sustatu saria

Laburra eta onaHUHEZI fakultateko ikasle batek, Mikel Alvarez beasaindarrak, irabazi du Sustatu saria, atzo arratsaldean Mondragoen eman zena, bertako kultura etxeko kalistroan. Epaimahaiak horrela azaldu zuen epaia:

  • The Indezents du izena blogak. Bruce Lee-ren aurpegia du aldamenean. Mezu bat baino gehiago proposatu zigun, baina oilasko petxugarena aukeratu du epaimahaiak. Mezu bihurri bat, ganberro samarra, baina freskoa. The Indezents-ek mutil gazte bat izan behar zuela susmatu genuen, bere hozkailuaren egoera jakinda, eta halaxe da, Sustatuko blog mezuen lehiaketaren irabazlea, Mikel Alvarez beasaindarra da.

Mikel Alvarez Ikus-entzunezko komunikazioa ari da ikasten HUHEZIn, 3. maila, eta sekulako zaletasuna hartu dio blogari. Beste ikaskide zenbaitekin batera, sarri idazten du, txispa berezi batekin.

Jaia
Sariez gain, jaia ere interesgarria izan zen oso. Eta atsegina. Ed Freyfogle, Iban Zaldua, Luistxo Fernandez eta Iban Arantzabalen hitzak entzun genituen, umorez eta ironiaz zipriztinduak. Bideo bat ere bai, Arteman agentziak egina, Sustaturen historia kontatzen. Eta ondoren, pintxoak eta agurrak bertaratutakoen artean, tartean blogari asko.

Ikusi nahi izanez gero orduko argazkiak, Flickr-en ditutuzue mordo bat. Hemen sorta bat, neuk sortua. Eta hemen sustatu5 etiketarekin argitaratuko diren guztiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Google Page Creator

Aurrekoan, ez dakit zelan, aurkitu nuen Googlen beste aplikazio hau: Google Page Creator, web orriak sortzeko. Eta, konturatu orduko, egina nuen lehena. Erraza begitandu zitzaidan.

Google Page Creator aplikazio bat da, sarean oinarritua, eta bertan gauzak egin ahala ikus daitezke argitaratutakoan geratuko diren moduan. Berau erabiltzeko ez da HTMLrik edo beste ezer jakin behar. Aplikazioak uzten du testua kokatu, baita irudiak edo bestelako edukiak ere, eta klik bat eginez, egindako lana argitaratzea Googlen zerbitzari batean.

Aplikazio hori berdin dabil Windows, Linux edo Mac sistema eragileetan, berau erabiltzeko kontu bat behar da Googlen, edo helbide bat Gmail-en. Erabiltzaile bakoitzak 100MBko muga bat du orriak gordetzeko.

Zer alde dago, hortaz, Google Page Creator eta Blogger aplikazioen artean, biak enpresa berarenak? Halaxe erantzuten du Justin Rosenstein GPC aplikazioaren sortzaileak: “Google Page Creator egina dago webgune sinple eta estatiko bat sortu nahi dutenentzat; Blogger, berriz, egin zen sarri idatzi nahi duen jendearentzat”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Erretiro gozoa

Agintzen dutIgandean bazkaria izan genuen Esteñibar baserrian, Elorrion, Javier Larrañaga koinatuak erretiroa hartu duela ospatzeko. Kanpoan eguraldi eskasa egin arren, barruan ederto igaro genuen, jaki eta edari gozoekin.

Javierrek 61 urterekin hartu du erretiroa, eta orain gustura bizi da, gustuko gauzak egiten: irakurtzen, paseatzen eta zinea ikusten. Jende asko zegoen atzo haren inbidiatan. Hona hemen bazkariko argazkiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Durangon lasterka

Durangoko lasterketaAtzo Durangon izan ginen, baina ez azokan, baizik eta lasterka egiten. Aprobetxaturik Miren alabak arineketan egin behar zuela bere gelakideekin, guk ere horixe. Nire lehen lasterketa izan da azken lau urte eta erdian, eta lehena gaixotu nintzenetik.

Miren gaixoak eta bere lagunek zorte txarra izan zuten, lastertu bitartean goian behean egin baitzuen euria. Hala ere, ondo ibili ziren 1.200 metro korritzen. Gu lastertu bitartean, ostera, ateri egon zen, azkenean eguzki eta guzti.

Hasi baino lehen Juan Martin Elexpuru ikusi genuen, Jon Arretxerekin batera, berotze ariketak egiten. Horiek, baina, aurrera egin zuten berehala, eta bukatu arte ez genituen berriz ikusi. Ni Begorekin irten nintzen, eta Manu Igartibururekin, Anneren aitarekin. Gure martxan joan ginen, ohi baino bizkorrago aukeran, Manuren umoreaz gozatzen. Amaierarako justu iritsi nintzen, bi lagunen konpainian. 38´50´´egin genuen helmugan.

Ondoren dutxa beroa hartu genuen Iñaki eta Maribi koinatu-koinaten etxean, Durangon bertan. Haiei esker indarberriturik itzuli ginen Elorriora. (Argazkia: Iñaki Larrañaga)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

RNE bai, Euskadi Irratia ez

Radio Nacional de España hasi da eskaintzen zenbait programa podcast bidez. Horrela, entzuleak entzuteko gai izango dira RNE-1, RNE-3 eta RNE-5 irratietan entzun gabeko hainbat irratsaio, harpidetza eginda podcast horietara.

Zeri begira dago Euskadi Irratia? Hango arduradunek aspalditik dakite podcastek zer potentzial duten, baina, itxura denez, espainiarrek lehen urratsak egin arte, kieto.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Erasmo, Durangon

Bi gauza ditu niretzat bereziki erakargarriak Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak: aspaldiko lagunak agurtzea eta ustegabeko liburuak topatzea. Atzo, ostegunez, horixe gertatu zitzaidan. Mondragon Unibertsitateak lehen aldiz ipini du txosna bat azokan eta, horren kausaz, atzo eguerdi-arratsaldean han egotea egokitu zitzaidan, Miren alabaren konpainia onean. Halako batean, hasi nintzen begiratzen alboko txosnaren katalogo batean, EHUrena, eta konturatu nintzen Erasmo Rotterdamgoaren lan bat zutela salgai: Otorduak, Limes bilduman argitaratua.

Gaztetatik izan dut fijazioa Erasmorekin, institutuan nenbilela gaztelaniaz irakurri nuenetik Eromenaren laudorioa. Harritu egin nintzen orduan mendeak pasata gaurkotasunik ez zuelako galdu artean. Halaber, atentzioa eman zidan zein ondo idazten zuen Erasmok eta zein prosa ulerterraza zerabilen. Horregatik, orain zenbait urte jakin bezain laster Pentsamendu Unibertsalak izeneko bildumak lan hura argitaratu zuela euskaraz, liburu dendara joan nintzen ale bat erosteko asmoz. Halabaina, han bertan hasi nintzenean irakurtzen, ia erori egin zitzaidan esku artetik, hain zuen-eta euskara bihurria.

Atzokoan, ostera, harritu egin nintzen beste lan hori ikusita, Otorduak, eta pozik bai pozik erosi nuen, aurretik pasarte batzuk irakurrita. Berriro aurkitu dut Erasmo. Eskerrik asko, Durango.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Isiltasun handia

Badira zenbait film gure arreta pizten dutenak, nahiz eta publizitaterik ikusi ez horien gainean. Hori gertatu zitzaidan atzo, lankide bati entzun nionean Isiltasun handia dokumentalaz berba egiten. Halako indarrez azaltzen zituen filmaren gorabeherak, ze gogo itzela sartu zitzaidan berau ikusteko, nahiz eta jakin ia ez duela musikarik, ezta hitzik ere, eta bi ordu eta erdi irauten duela. Eskerrik asko, Nerea!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Nire liburua aztergai Osakidetzan

Joan den larunbatean HABEk eta Osakidetzak sekuentziai bat gehiago argitaratu zuten Ikasbil atarian, non material didaktikoak argitaratzen ari diren Osakidetzako langileak euskalduntzeko, eta justu azken sekuentzia hori oinarritua dago Medikuak esan dit minbizia dudala artikulu sortan, gaixotu nintzenean Sustatu.com blogean argitaratua eta Euskadi Irratian egin zidaten elkarrizketa pare batean.

Unitate horren helburua da ikaslea jabearaztea modu informalean zer den linfoma. Hori guztia hizkuntzaren ikuspegitik landuta, ikaslea trebatzeko hiztegian eta elkarrizketan. Beraz, ikasleek hainbat ariketa egin beharko dute irakurritakoan eta entzundakoan oinarriturik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Emakume idazleak

Emakume idazleak

Atzo Donostian izan ginen, Ana Urkizak bere azken liburua aurkeztu baitzuen, Zortzi unibertso, zortzi idazle, Alberdania argitaletxeak plazaratua. Anak gonbidatuta joan ginen hara Bego, Fatima Mikel eta laurok, eta liburuaren mamiak erakarrita. Ez ginen damutu joan izanaz, aurkezpena zoragarria izan zen-eta.

Anak berak adierazi zizkigun liburuaren nondik norakoak —horren berri zehatza gaurko Berrian duzue, ederto kontatuta. Entzun genituen, gainera, zortzi pasarte, elkarrizketatu bakoitzarenak. Eta gogoa piztu zitzaigun liburua berehala irakurtzeko, seguru nago-eta oso argigarria izango dela, arrasto ugari emango dizkigulako zelakoak garen euskaldunok, bazterretik ikusita.

Aurpegi ezagunak
Udaletxe zaharreko sotoa bete egin zen, eta han ikusi genituen hainbat aurpegi ezagun. Anak elkarrizketatutako zortzi idazleetatik, sei (Laura Mintegi bukaera aldera iritsi zen): Yolanda Arrieta, Mariasun Landa, Itxaro Borda, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkaia (argazkian denak agertzen dira kameralari inportanteei begira, kamera handiak zituztenei, kasurik egin gabe etxeko kamerak genituenoi, horretan ere erakutsi zuten merkaturatze-sena). Halaber, han zeuden Inaxio Mujika Iraola editorea, Joan Mari Iriondo, Castillo Suarez, Patxi Ezkiaga, Juan Garzia, Nekane Goikoetxea, Joxi Basterretxea, Xabier Mendiguren Elizegi, Juan Kruz Igerabide eta Jose Angel Irigarai, besteak beste, nik ezagutu nituenen artean.

Erabaki dut: Gabon hauetan liburu hau irakurri behar dut.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | 2 iruzkin

Goiena.net berritua

Atzo aurkeztu zen Goiena.net berritua. Ikusgarria, garbia eta ondo antolatua, nire iritzian. Laranja, gainera, deigarria da oso (zer esango dute Euskaltelek eta Orangek?). Hala ere, niretzat berrikuntzarik handienetako bat da telebista ikusteko aukera, Goiena Telebistak egunero prestatuko baitu atal labur bat Goiena.net-entzat. Niri aspaldi interesatzen zitzaidan horrelako zerbait, zeren eta, nola ez naizen bizi Debagoienean, ezin nuen ikusi Goiena Telebista. Orain bai, nahiz eta, hasieran ataltxo hori izan.

Nik bezala, debagoiendar askok egingo dute klik pantaila horretan, batez ere Debagoienetik kanpo bizi direnak. Aukera bat gehiago Goiena taldearentzat, baina baita erantzukizuna ere, askok epaituko dugu-eta telebistaren lana hor ikusitakoagatik.

Blogei dagokienez, Goiena.net-ek erabaki du, denak aurkeztu ordez, aurkeztea gehien berritzen direnak. Irizpide bat da, baina niri gustatu zait zelan geratzen den. Bide batez, baten bat galdu samar baldin badabil, esango dut Faroak ere Goiena.net-en duela ostatu. Beraz, farozain hau ere pozik dago bere ingurua antolatuago eta osoago duelako. Zorionak Iban eta konpainiari!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina