Egoak hegan

Arrakastak zorabioa dakar. Barça izan zen iazko futbol talderik distiratsuena Europan. Aurten elkarri mokoka dihardute hango oilarrek. Bistan da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Bi liburu gomendagarri

Azken aldian bi liburu irakurri ditut zein baino zein gusturago. Biak bada, gomendatzeko modukoak:

Mutiko autista baten gorabeherak
Txiripaz erosi nuen liburu hau —Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia, Mark Haddonek idatzia eta Igelak argitaratua— denborapasa gisa okulistaren itxaron gelarako. Hasieratik harrapatu ninduen, hizkerak, hariak berak eta idazteko moduak. Erakargarri egin zitzaidan, oso, mundua autista baten ikuspegitik ikustea. Gainera, zelan atal laburrak dituen, berehala irakurri nuen, hiruzpalau egunean.

Aingeru Epaltzaren mailukada
Liburu hau ere ziztu batean irakurri dut —Mailuaren odola, Aingeru Epaltzak idatzia eta Elkar argitaletxeak plazaratua— hain egin zait-eta gustagarri. Historia heroismorik gabea, gordina eta iluna. Nafarroako erresumaren gorabeherak Albako dukeak Nafarroa Handia konkistatu zuenetik Gaztelako erregerentzat, dena sasiko batek kontaturik. Axular ere agertzen da, eta, egia esatera, erakargarria egin zait haren bizitza, ez dakit zenbateraino fikzionatua. Higanoten eta papisten arteko gerra ere interesez irakurri dut, ez bainuen horren berririk Euskal Herriari dagokionez. Aingeru Epaltza idazle handia da, eta bere idazkerak gozatu ederra eman dit. Bi gauza eskatuko nizkioke, hala ere: liburuaren bigarren ediziorako alda diezaiola azala liburuari eta idatz dezala lehenbailehen liburu horren jarraipena, ni behintzat zain nauka eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 4 iruzkin

Creative Commons

Joan den osteguna ezkero blog honetako edukiak Creative Commons lizentziapean daude. Horrek esan nahi du: irakurlea aske da hemengo lanak kopiatu, banatu eta jendaurrean zabaltzeko eta lan eratorriak egiteko, hau da, hemengo lanetan oinarritu beste garatuagoak sortzeko. Flckr argazki sortaren azpian dagoen logoak hori adierazten du, blog honen eskuin zutabean.

Baldintzak
Hori bai, askatasun horrek baditu zenbait muga:

  • Aitortu. Hemengo lanak kopiatzen dituenak aitortu behar du nor den lan horien egilea.
  • Partekatu baimen beraren arabera. Lan hau aldatuz gero, edo lan eratorri bat sortuz gero, sortutako lana banatu ahal izango da soil-soilik baimen honen berdin-berdineko baten mende.
  • Lana berrerabili edo banatzerakoan, argi eta garbi utzi behar da lan honen baimenaren baldintzak.
  • Baldintza hauetakoren bat ezarri gabe utz daiteke, egile eskubideen jabeak hartarako baimena emanez gero.

Eskerrik asko Mikel Iturria eta Garikoitz Araolaza lagunei CC azaldu eta logoa ezartzen emandako laguntzagatik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Dantzan.com

Atzo Oier Araolaza ezagutu nuen. Banuen bere aditzea, blogari moduan eta dantzari bezala, baina inoiz berarekin berba egin barik nengoen. Berak sortu du Euskal Herriko webgunerik politena, eta interesgarrienetako bat: Dantzan.com

Urbeltz handia nola, Oier Araolaza ere mugarri bat bihurtzen ari da euskal dantzen esparruan, sekulako lana egiten ari baita euskal dantzekin zerikusia duten gauzak modu sailkatuan sareratzen, dantzazaleen mesederako. Sartu Dantzan.com-en eta bertan saltseatu. Horra nire gaurko gonbita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Kontrola

Atzo arratsaldean, lanetik etxera bidean Kanpazar gora nentorrela bide berritik, Sara jatetxera iritsi aurretik kontrol bat ezarria zuen Goardia Zibilak. Stop.

Morrosko bat aurreko autoari begira, esku artean metralladora duela eta belarri inguruan mikro bat. Zalantzatan dago, baina aurrera egiteko esan dio aurreko autoari. Niri ere, aurrera egiteko, beste barik. Bistan da zaharren klubekoa naizela. Abiatu naiz poliki-poliki, eta hiruzpalau lagun ikusi ditut zutik, beste bi goardia zibilen begiradapean. Zain daude. Bat ezagutu dut, Elorrioko irakasle bat, ni baino gazteagoa.

Oraindik ere urduri jartzen naute kontrol horiek, gogora ekartzen dizkidate beste garai bateko oroimen txarrak. Horrelakoetan pentsatzen dut baten batek gogorarazi nahi digula, armak eskuetan, nork agintzen duen hemen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Liburutegi digitalari sufre usaina dario

Google enpresaren asmoa liburutegi zibernetiko erraldoi bat egiteko, ez zaio bat ere gustatu Karlos Linazasoro idazle eta liburuzainari. “Liburuaren geroa beltza da”. Horrela hasi zuen bere asteroko zutabea otsailaren 8ko DV egunkarian.

  • Google-en lana, kritikoek diotenez, teknikoa da huts hutsean: katalogazio, klasifikazio, komentario eta abarrak aurrez eginak ematen dizkiete liburutegi zein argitaletxeek.

Kritika bera egin ziezaioketen orain bostehun eta berrogeita hamazazpi urte inguru Johannes Gutenberg moldiztegiaren asmatzaileari, azken batean bere lana teknikoa zen huts hutsean: moldeak egin, sailkatu, paperean inprimatu eta berauek josi liburu moduan kaleratzeko. Hala ere, denok dakigu moldiztegiak sekulako iraultza ekarri zuela mundura, eta ateak ireki zizkiela Erreformari eta Lutero zein Kalbinoren proposamenei. Ez dut zalantzarik baten batek idatziko zuela orduan “liburuaren geroa beltza” zela, ordura arteko liburuen geroa, alegia, fraideek eskuz kopiatzen zituztenenak.

Artikulu bukaeran munduko desjabetuez gogoratzen da artikulugilea, deslijitimizatzeko-edo Googleren ahalegina.

  • Munduan 800 milioi analfabeto dago, eta horiek ez daukate ezerekin konexiorik, ezpada miseria, gosea eta heriotzarekin. Horiek gabe, ez dago ez demokraziarik ez Alexandria ez liburutegi zibernetikorik.

Nik dakidala, inork ez du zalantzan jarri Tolosako liburutegia munduan analfabeto mordoa dagoelako, ez eta Koldo Mitxelena kulturunekoa, edo Deustuko Unibertsitatekoa, hiru baino ez aipatzearren. Susmagarria da era horretako deslijitimazioak agertzea proiektua digitala denean.

Nik ere maite ditut liburuak -beharbada ez Karlosek beste, baina maite ditut-; niretzat asko eta asko atsegin iturri dira aukera ematen didatelako ikasteko, gozatzeko eta denbora pasatzeko, besteak beste. Baina ez nau kezkatzen teknologiak zenbateraino aldatuko duen liburua, zeren une jakin batean irakurtzeko aukeratzen badugu beste euskarri bat, izango da liburua baino hobea delako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 7 iruzkin

EKT 3 Elorrio, lider

EKT-3-Elorrio-07.jpg
Azken bi asteotan gure neskak lider dira Bizkaiko Minibasket txapelketan, eskola artean jokatzen dena. Igartzen da Usuri eta Felix entrenatzaileen lana, orain taldeak sendoago ematen baitu jokoan.

Argazkian, zutik ezkerretik eskuinera: Felix, Ibrahima, Miren A., Irune, Irati, Miren S., Leire, Altea eta Usuri. Makurtutan, berriz, Katxa, Edurne, Ainhoa, Elene, Ane eta Itxaso.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 5 iruzkin

Teacher

Atzo, aspaldiko partez, ingeles eskolan izan nintzen, mintza praktika egiten. Fakultatean bertan, sei lankide elkartu ginen irakasle batekin, zeina astean behin etorriko baita bi orduz gurekin berba egitera. Berba egin eta berba eragin. Hitz egitea tokatu zitzaidanean, agerian utzi nuen ugertuta dudala ingelesa, baina pozik irten nintzen, berba egiteaz gain, ondo pasatu genuelako.

Elurraz eta eskiaz hitz egin genuen, Urtainenez eta beronen aitaz, Arrasatez eta Boisez, eta ikasi genuen zenbateraino diren desberdinak teacher, trainer, coach eta instructor. See you.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Zertaz idatzi blogean

Nabigatzen ari nintzela, albiste bitxi batekin egin dut topo, non gai zerrenda bat eskaintzen den, blogariok agortua dugunerako ganbara. Hona zenbait gai zertaz idatzi:

  1. Prentsa oharrak.
  2. Eguneko pentsakizunak.
  3. Produktu konparazioak.
  4. Iritziak gai baten inguruan.
  5. Propaganda zure zerbitzu edo produktuaren gainean.
  6. Hausnarketak azterketa baten inguruan.
  7. Loturak antzeko produktuekin.
  8. Eskatu jendeari probatzeko produktu bat.
  9. Partekatu esperientzia onak eta txarrak kontsumitzailearen ikuspegitik.
  10. Aholkuak eskaini.
  11. Informazioa eskaini zure inguru eta bidaiei buruz.
  12. Eskaini ideia sortzaileak zure negozioaz.
  13. Partekatu informazioa inguruko gertakizun edo erakustazokez.
  14. Azken berriak.
  15. Eskaini iradokizunak, FAQ edo laguntza.
  16. Informazioa eguneratu zure webgunearen azken berrikuntzei buruz.
  17. Informazioa eskaini proiektuen gainean.
  18. Nola kudeatu krisiak.
  19. Azaldu zelan bezero batek erabiliko lukeen zure produktu bat.
  20. Hobekuntzak zure produktuetan.
  21. Hitz egin zure etxeko animaliaren gainean.
  22. Feedbacka bezeroengandik.
  23. Informazio trukea.

Nire gusturako, gehiegitxo lerratua enpresa ikuspegirantz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Zer moduz ipotxak?

Saridun jatorrak
Abenduaren 13an Goio Aranak eta Mikel Iturriak iPod txiki bana irabazi zuten Sustaturen 5. urteurreneko jaian, Mondragoen. Egun hartan pozik bai pozik abiatu ziren etxera, ezusteko opariarekin, nola etxeratu baitzen kontent Mikel Alvarez, hura ere iPod handi batekin poltsikoan. Baina zer moduz joan zaizue ipotxekin lagunak? Erabiltzen duzue? Aldatu egin dizue musika entzuteko modua?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 6 iruzkin