Ihes betea

Tendinitis bat tarteko, etxean egin behar izan ditut egun hauek, eta atzo arte zelan ezin nuen ordenagailurik erabili, eskuin sorbalda bainuen minduta, egunok baliatu ditut Anjel Lertxundi idazlearen azken liburua irakurtzeko, Ihes betea.

Egun gogoangarriak izan dira niretzat, liburua ere halakoxea izan da-eta, eta berau irakurtzea, abentura ederra. Werner eleberriko protagonista parafraseatuz, “liburua izan dut ordu luzeen entretenigarri eta betazalen erregarri”.

Beldurra sentitu dut ikusita sektarismoak zelan egiten duen habia protagonistaren baitan, ia oharkabean. Bihotza estutu zait irakurri ahala Werner gazteak eta bere lagunek Sebastian gazteari eragindako umiliazioak, zergatik eta judua izateagatik. Errukitu egin naiz protagonistak bere judutasunaren berri izan duenean. Nik ere triki-traka egin dut harekin Triesteraino eta patuak eraman duen lekuetaraino. Sentitu dut John Le Carré idazlearen hainbat lan irakurtzerakoan bizi izandako intriga, hain ondo bilbatua dago-eta Ihes betea,  eta gozatu egin dut Anjelen prosa.

Ez dakit gehiegi esatea ote den, baina esango nuke Anjel Lertxundiri irakurri dizkiodan liburuetan, hauxe dela biribilena, gehien bete nauena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Hillary 1984

Ezezagun batek sutan jarri du hauteskunde kanpaina AEBetan, zeren YouTuben eskegi duen bideoak, non konparatzen duen Hillary Clinton senataria George Orwell idazlearen Anaia Handiarekin, sekulako ikus-mina eragin baitu sarean, dagoeneko milioi bat lagunek baino gehiagok ikusi dute-eta bideoa.

Bideoa egiteko, ezezaguna oinarritu da 1984an Apple enpresak egindako iragarkian, non Anaia Handia IBM baitzen eta askatzaileak Macintosh ordenagailuaren berri ona baitzekarren. (Bideo hura, bidenabar esanda, Ridley Scott zine zuzendari artean gazteak egin zuen). Nahiz eta remake honen azken irudiak dioen “BarackObama.com”, Illinoisko senatariaren taldeak ukatu egin du beraiek egin izana horrelakorik.

Bistan da, bideoak eztabaida piztu du hedabideetan. Izan ere, adituak aztertzen hasi dira, besteak beste, zenbateraino eragin dezaketen boto emaileengan horrelako edukiek, kanpaina antolatzaileen kontroletik kanpo eginak, eta zelan erantzun beharko luketen hautagaien taldeek eraso anonimo arrakastatsuei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Segapototik blogera zuzenean

Ez da berria, lehendik ere bidal zitekeen-eta informazioa nahiz argazkiak sakelako telefonotik blogera —hortik zetorren moblog berba, “mobil blogging” adierazten zuelako—, baina orain Sony Ericsson konpainiak telefono bat atera du hori ezin errazago egiten duena Blogger plataformarekin. Ikusi bideoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

USAToday.com

1982an paperean sortu zenean, hautsak harrotu zituen USA Today egunkariak, eta eragin handia izan zuen, batez ere egunkarien diseinuari dagokionez. 25 urte geroago, berriro hautsak harrotu ditu, oraingoan egunkari digitala birdiseinatu duelako.

Orduan bezala, orain ere uste izatekoa da eragin sakona izango duela beste egunkari handien edizio digitaletan, egin dituen aldaketak esanguratsuak izan dira-eta. Edizio berrituak aukera eskaintzen du sare sozialak egiteko eta azpimarratu egiten ditu irakurleen iruzkinak eta elkarlana.

Aldaketak
Aurrerantzean, irakurleak hau guztiau egingo du egunkari berrituan, nahi izanez gero:

  • Eskaneatu beste albiste batzuk zuzenean USAToday.com-en.
  • Ikusi zelan irakurleak ari diren erantzuten albisteei.
  • Gomendatu albisteak eta iradokizunak beste irakurle batzuei.
  • Iruzkinak egin zuzenean albisteetan.
  • Parte hartu eztabaida foroetan.
  • Idatzi film edo musika kritikak.
  • Argazkiak bidali.
  • Hobeto komunikatu egunkariko langileekin.

Helburua
Egunkariko arduradunek garbi izan dute zer bilatzen zuten aldaketa horiekin:

  • Guk gura dugu irakurleek arin eta erraz uler dezaten mundua euren inguruan, eta horretarako, eskaintzen diegu eguneko albisteen panorama zabalagoa eta konektatzen ditugu beste irakurle batzuekin, eurok laguntzeko aldi berean hobeto ulertzen gertaerak.

Aldaketek kritika zorrotzak ekarri dizkiete, ausartegiak omen direlako, baina sareko adituek txalo handia eman diote birdiseinuari, ikusi baitute ederki egokitzen dela Interneten dinamika berrietara. Eta edizio digitalaz hitz egiten ari gara.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Sagarrak Euzkadin

Erosi eta irakurri. Horixe egin dut Inazio Mujika Iraolaren azken liburuarekin: Sagarrak Euzkadin. Baina ez naiz pozik geratu. Argitalpena oso zaindua da, hor ez dago aitzakiarik, Alberdaniak oso lan txukuna egin du, baina mamiak ez nau bete.

Eta sentitzen dut, zeren oraindik gogoan nuen Inaziok Eguarri Abestia liburuaren sarrera gisa idatzi zuen kontakizuna, hura ere egiazko datuetan oinarritua, non kontatzen baitzuen Ander Arzelus Luzearren etxeratzea gerraostean, hainbat urte eginda espetxean. Kontakizun hark harrapatu eta hunkitu egin ninduen, baina honek hotz utzi nau.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Ning, sareak zure neurrira

Bi aste pasatxo izango dira Ning sortu zenetik (txineraz “bakea” esan nahi omen du), webgune bat aukera ematen duena giza sareak sortzeko, doan. MySpaceri kikiltzeko modukoa irizten dionarentzat, han gai baten inguruko sareak erraldoiak izaten baitira, Ning izan daiteke irtenbide egokia, hor sareak norberaren neurrira sor daitezke-eta. Gina Bianchini onlineko marketin exekutiboak eta Marc Andreesen Netscape nabigatzailearen sortzaileak sortu dute Ning.

Antza denez, Ning sortzaileek izugarri sinpletu dute bidea sare bat sortzeko, eta Blogger, Blogak.com edo Blogari.net plataformetan blog bat sortzea bezain erraza izan daiteke orain sare bat sortzea Ning horretan. Bertan era guztietako sareak aurkitu ditut: liburuzainak, Albert Goren jarraitzaileak, Sao Pauloko gautxoriak, Battlestar Galactica telesaioko jarraitzaileak, enplegu bilatzaileak…

Hor sartzen den jendeak bere profilak sor ditzake, argazkiak igo, lagunekin harremanetan jarri, aldibereko mezuak bidali, bloga sortu, foroetan parte hartu, etab.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Frantzia hiritar kazetaritzaren kontra

J.D. Lasicari irakurri diot hamasei urte igaro direnean polizia talde batek Rodney King harrapatu eta sekulako jipoia eman zionetik, Frantziako Konsttituzio Kontseiluak lege bat onartu duela, eta horren bidez kriminalizatu egingo duela bortxazko irudiak grabatzen edo emititzen dituen edonor, non eta ez den kazetari profesionala.

Poliziaren bortxakeria filmatzen duenak edo irudi horiek argitaratzen dituzten webguneetako jabeek 5 urteko kartzela zigorra jaso dezakete eta 75.000 euroko isuna. Liberté, fraternité, egalité.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Ezjakintasuna ala utzikeria?

Egun hauetan Luis Haranburu Altunaren liburu bat irakurtzen ari naiz, Euskararen Doluminak, Elea argitaletxeak plazaratua, eta hor  aurkitu dut halako jarrera baztergarria euskararentzat, batez ere teknologia berriekin lotuta. Ale bat:

  • Euskaltzale askok begiratzen du penaz euskararen gabezia egungo kulturaren arlo askotan. Interneten euskara oso “txiki” ikusten da, baina ez liguke horrek beste munduko konplexurik gureganatu behar; izan ere, kulturaren esparru horietan egotea euskararentzat ez da hil edo biziko kontua. Euskarak baditu lehenagoko lanak eta beharra azken teknologien puntan egotea baino. Euskarak beharrezkoa du beste esparru apalagoetan gotortzea. Euskarak eguneroko bizitzaren ildoan behar du gotortu bere iraupena eta ez dio inportarik izan behar Google-ko atarietan urriago izateak. (26. or.)

Badakigu gaur egun euskara txikia dela Interneten, nola baitzen Unamunoren garaian irakaskuntzan, eta iruditzen zait Luis Haranburu Altunak ez duela harrapatzen sarearen garrantzia. Bihar-etzi gauza mordoa egingo ditugu Internet bidez, eta hor erabiltzen diren zenbait teknologia ezinbestekoak izango dira eguneroko bizitzan. Beraz, begitantzen zait euskarak egon behar duela hor, GPSetan auto gidariak gidatzen, ordenagailuetan ahozko aginduak ulertzen, aldibereko hiztegi multimedietan, etab., hor egonda, ziurtatuko dugulako gurekin segituko duela eguneroko kontuetan.

Horra baina, ez da inor iristen bat-batean hori lan jarraitu baten emaitza baita. Eta horra iristeko beste pauso batzuk eman behar, hala nola Xuxen zuzentzaile ortografikoa, Euskalbar hizkuntza baliabideak eta euskal librezale askok egin dituzten ekarpenak. Hain zuzen ere, euskara uztartu egin behar da teknologia berriekin eta Internetekin, “eguneroko bizitzaren ildoan behar du(elako) gotortu bere iraupena”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

MUren trailerra, herriz herri

Alberto Ormaetxearen ondoan
Iaz autobus bat izan zen. Aurten, berriz, trailer bat, bereziki prestatuta erakustoki moduan. Iaz Koldo Mitxelenaren aurrean egotea suertatu zitzaidan. Joan den larunbat goizean, ostera, Anoeta futbol zelaiaren aurrean izan nintzen, Susana eta Miren lankideekin. Hantxe atera genuen argazki hau, Alberto Ormaetxea Realeko jokalari eta entrenatzaile ohiari egindako monumentuaren alboan.

Datorren astean Elorrion izango naiz berriro, martxoan trailerra herriz herri ibiliko da-eta Hego Euskal Herrian, Mondragon Unibertsitatearen berri ona zabaltzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Agur, Valdecilla!

Atzo Valdecilla Ospitalean izan ginen, Santanderren, orain hamaika hilabete hitzartutako kontrola egiten. Bi albiste on ekarri genituen handik:

1. Aurrerantzean ez dut joan beharrik izango Valdecillara, Galdakaok hartuko baitu berriro ni zaintzeko ardura. Horrela, hiru urte eta erdiko aro bat amaituko da, hezur-muinaren transplantea egin zidatenetik Valdecillak zuen-eta ni zaintzeko ardura nagusia. Agur, beraz, Eulogio Conde doktoreari eta bere laguntzaileei, eta gure eskerrik beroena denbora horretan eskaini diguten arretagatik.

2. Berriro ikusi genituen Ramon eta Edurne Usurbilgo lagunak. Ramoni hezur-muinaren transplantea egin zioten nirekin batera orain hiru urte eta erdi, eta aspaldi elkar ikusi barik geunden. Erabat aldatuta aurkitu nuen, meheago eta ilearekin. Edurne ikusi nuelako itxaron gelan sartzen, bestela, Ramon bera bakarrik ikusiz gero, ezagutu ere ez. Gu baino sarriago joaten dira Valdecilla Ospitalera, baina ondo dihardute.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin