Barriola-Irujo: partida ederra

Gozatu ederra hartu genuen atzo Barriola-Irujo pilota partida ikusten. Hamar lagun ginen telebistaren aurrean, eta ia denak Abelen alde. Gozatu genuen, hortaz, horren garaipena, baina batik bat partidaren ederra, tanto asko ikusgarriak izan baitziren.

Abelek ondo irabazi zuen lehia, une askotan Irujoren baliabideak erabilita, bolea eta sotamano batik bat. Estu hartu zuen iazko txapelduna, eta aurre egin zion ausarki. Lau t’erdikoan tanto batengatik galdu zuen, baina atzokoan, irabazi egin zuen, eta ondo irabazi, gainera.

Igartzen da gaurko mezu hau erabat dela subjektiboa, baita pilotarien izen-deiturak erabiltzerakoan ere: erraz irteten zait Abel esatea, alegia Leitzako pilotariaren izena, zeinak nolabaiteko hurbiltasuna adierazten baitu, baina Juan barik, Irujo irteten zait, deitura, zerbait hotzagoa. Aitortzen diot Irujori pilotari handia dela, seguruenik gaur egungo onena, baina ez zait bat ere gustatzen haren jenio erru-banatzailea. Zilegi bekit, beraz, nire zorionik beroenak ematea Abel Barriolari, merezi du-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Insignis pinua eta bizkaiera

Aspaldi nerabilen buruan (behin Joan Mari Torrealdairi ere aipatu nion, eta hark, baietz), eta atzo berriro etorri zitzaidan burura, Arrasateko pinudi sartu berriak ikusterakoan: Insignis pinua hedatuta dago batez ere bizkaiera hitz egiten den eremuetan. Zergatik ote?

Kategoriak Sailkatugabeak | 6 iruzkin

Borramarka Anaiak, jo eta ke lanean

Irakurri berri dut Bernardo Atxagaren azken liburua, Markak. Gernika 1937, Pamiela argitaletxeak orain dela gutxi kaleratua. Bertan Atxagak batu egin du han eta hemen barreiatuta zegoen informazioa eta zenbait hausnarketa utzi dizkigu, ahantz ez dezagun 1937an Gernikan gertatutakoa. Ekarpen esanguratsua bonbardaketaren 70. urteurrenerako.

Liburu hau irakurrita, bi gauza geratu zaizkit gogoan. Batetik, zenbat zor diogun George L. Steer kazetari hegoafrikarrari, zeinak, oso gazte zela, idatzi baitzuen The Times egunkarian zer gertatu zen Gernikan, oso estilo bizi eta zehatzarekin. Bigarrenik, Atxagak Borramarka Anaiak deitzen dien horiek —horrela deitzen die Gernikan gertatutakoaz gezurra hedatzen ari direnei—, oraindik ere lanean dihardutela kupida barik.

Justu liburua irakurri berritan, joan den larunbatean egokitu zitzaidan El cocidito madrileño entzutea, Radio Euskadin. Eliza katoliko espainiarraren irratiak —neofaxismo espainiarraren habia—, COPEk, sekulakoak eta bost esan zituen Gernikako bonbardaketaz (alemanek bonbardatu zutela Gernika, Francok ezer jakin barik; bonbardaketaren ondorioz ez zirela hainbeste hil; euskal nazionalismoak erabiltzen duela bere mesederako, eta gogoan ez ditudan gauza mordoa, benetan okaztagarriak).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Iruzkin 1

Iragarki sailkatuak Goiena.net-en

Askorentzat oharkabean etorri da Goiena.net-en azken zerbitzua: iragarki sailkatuak. Erne, hala ere, oso zerbitzu ahaltsua da-eta. Atal horrek jasotzen ditu orain arte Goienkariak argitaratzen zituen iragarki sailkatuak, Debagoienari buruzkoak denak.

Sailkatuak izeneko zerbitzua atalka dator sailkatuta: etxebizitzak, garajeak, lokalak, lana, irakaskuntza, motorra, animaliak eta denetarik. Eremuari dagokionez, Debagoiena hartzen du, alegia, Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Oñati, Antzuola, Elgeta eta Aramaio.

Zergatik garrantzitsua
Bi arrazoirengatik da garrantzitsua zerbitzu hori:

  1. Aukera ematen diolako erabiltzaileari berak sortzeko iragarki bat, doan, ezer ordaindu barik.
  2. Iragarki hori Goiena.net-en agertzeaz gainera, agertuko baita astean birritan Goienkarian, paperezko bertsioan. CodeSyntax enpresaren ekarpenari esker, transmisio hori, sareko bertsiotik paperera artekoa, automatikoki egingo da, kazetariek beste ezer egin beharrik gabe. Horrela esan dit Iban Arantzabal Goienako Telematika arduradunak.

Debagoienako bizilagunak eta bertara datozenak konturatzen badira zerbitzu horren ahalmenaz, berau izugarri hazi daiteke, jendearen erabiliaren erabiliaz. Horren eraginez, gainera, komunitatea indartu egin liteke. Iruditzan zait izan daitekeela Craiglist zerbitzuaren antzeko aplikazioa euskaraz.

Besteontzat ere, interesgarria
HUHEZIn ohartu gara zerbitzu horren indarraz, eta gure webgunean loturak sortu ditugu Goiena.net-eko sailkatuetara horretara —hemen eta hemen—, gure ikasleek berau erabil dezaten etxebizitza bilatu eta osatzeko, lana bilatzeko edo beraiek nahi dutena egiteko.

Zorionak berriro ere Goienari, asmatzen ari da-eta aro berrira egokitzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Zapaburu-euskara

Idazkera liburuan Pello Esnalek eta Joxe Ramon Zubimendik zapaburu-euskara aldarrikatzen zuten, alegia, mezua, aditza eta lotura-hitzak aurrean dituena (208. or.). Zizare-euskara, berriz, etenik gabeko euskal prosari deritze; besteak beste, subjektuaren eta aditzaren arteko etenik gabeari (209. or.). Biak aldarrikatzen zituzten kazetaritza-euskara argia lortze aldera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Messiren gola, iragarki

Ezinezkoa? Messi

Astebete baino gutxiago behar izan du Adidas etxeak Messi jokalariaren gol ikusgarria iragarki bihurtzeko.  Horrelaxe irakurri dut e-cuadernon. “Imposible is nothing” leloa erabili du, eta testu bat, zeinek gutxi gorabehera markatzen baitu jokalariak baloiarekin egindako ibilbidea. Halaxe dio testuak:

  • Zer da zehazki ezinezkoa? Inork ez uste izatea egin daitekeenik? “Ezinezkoa” pentsatzea aitzakia bat da hemen geratzeko, bestek harrapatzen uzteko. Segundu zatiki bat da, zure aurkariak behar duena zuri baloia lapurtzeko. Ikusten? Azken batean ez zen hain zaila, ezinezkoa besterik ez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 5 iruzkin

Arrasate-Oñati lasterketa

Agindutakoa betetzeko unea iritsi da. Ondo bidean, maiatzaren 12an Arrasate-Oñati lasterketa egingo dut, 11 km inguru. Hiru aste ditut apur bat prestatzeko. Hala ere, ez pentsa aurre aldean ikusiko nauzuenik. Sasoi batean tropelaren erdi inguruan ibiltzen nintzen, baina 12an atzean egingo dut lasteketa, orain askoz ere mantsoago korritzen baitut.

Aurten Arrasate-Oñati lasterketak zilarrezko ezteiak beteko ditu. Beraz, zalaparta handiagoa ibiliko da lasterketaren inguruan. Seguru nago egun polita izango dela. Zuetariko baten bat animatzen bada bertan parte hartzera, Garibai kalean ikusiko dugu elkar, Arrasaten, arratsaldeko 18:30etan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 9 iruzkin

Otitisa

Kanarietan katarro latza harrapatu nuen, eta horren azken ondorioa izan da otitis bat, infekzio bat ezker belarrian, zeinak eduki bainau ohean hiru egunean. Tarte horretan egon besterik ezin izan dut egin, belarriko minak ez baitzidan uzten bestelako ezer egiten, adibidez irakurri edo hemen idatzi. Antibiotikoen laguntzarekin, aste honetan lanera itzuliko naiz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Maria San Gil

PPren Euskadiko lehendakaria kazetarien aurrean agertu da gaur esateko minbizi bat duela bularrean, ebakuntza egin diotela, tratamenduan segitzen duela, eta, hori dela eta, denboraldi batez desagertu egingo dela plaza publikotik. Besarkada bat, Maria, eta osatu lehenbailehen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Michelangelo Buonarroti

Aste Santuko oporretan liburu bat irakurri dut, La agonía y el éxtasis, Irving Stone idazle amerikarrarena, non kontatzen baita Michelangelo Buonarroti Berpizkundeko artistaren historia. Esperientzia zoragarria izan da: liburua amaitu bitartean ez dut onik izan, han, Tenerifeko hotelean.

Lehendik ikusiak nituen Michelangeloren hainbat obra artearen historia ikasterakoan, baina ez nekien zelan sortu zituen eta zelakoak pairatu behar izan zituen artelan horiek egin bitartean. Gizon handi bat sentitu dut lerro artean, gai inguruko gizatxar guztiak gainditzeko, berak gehien maite zuena egite aldera, artea sortzea, horretarako askotan txirotasunik gorrienean bizi behar bazuen ere. Gizon ona, bestalde, leiala eta bizkorra. Jenio bat.

Txalo handi bat Irving Stone idazlearentzat, kontakizuna oso ondo bilbatua baitago, idazle onek bakarrik dakiten bezala. Aukerarik baduzue liburu hau irakurtzeko, aprobetxatu. Nik irakurritako alea El País egunkariak argitaratua da, eta dagoeneko alde egin du nire eskuetatik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina