Martin telesaioa

A zelako eguna!
Atzo Donostian izan ginen, ETBk Miramonen dituen estudioetan, ikusten zelan grabatzen zuten Martin telesaila. Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 16:00ak bitartean, tremendo pasatu genuen, batez ere Miren alabak eta Leire bere lagunak.

Pertsonaia berriak, bestelako egoerak, umorea barra-barra… Izan genuen, bai, zerekin entretenitu. Dagoeneko zain gaude datorren denboraldiko atalak noiz iritsiko. Mila esker telesaila egiten duen taldeari, denbora guztian etxean bezala sentiarazi gintuen-eta.

Flickr-en ipini ditugu han ateratako argazkiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Azkoaga enea hotela, Eskoriatzan

Azkoaga enea hotela
Atzo arratsaldean inauguratu zen Azkoaga enea hotela, xarma handiko hotel bat Eskoriatzaren bihotzean, herriko plazaren ondoan. 14 logela dauzka, oso ondo diseinatuta, jangela bat eta taberna. Baita terraza txiki bat atzealdean, Bolibar errekatxoaren ondoan. Atzo egun osoan egon zen zabalik hotela, herritarrek ikus zezaten. Lanean, berriz, bihar hasiko dira, abuztuaren 1ean.

Zorte handia opa diot Balen Gomez Kerexetari, badakit-eta zelako apustua egin duen Azkoaga enea etxearekin, sasoi batean bere familiarena izandakoa. Mendraka txakolinarekin erakutsi duen iaiotasuna zerbaiten adierazgarri baldin bada, Azkoaga enea hotelak bide oparoa izango du. Flickr-en dituzue aurkezpeneko argazkiak.

tagzaniapaste
Azkoaga enea hotela, Eskoriatzan map – Tagzania

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Oporretan

Bai, joan den osteguna ezkero oporretan nago: berandu jaiki, goiz erdian kafesne bat hartu Xaranean, John le Carré idazlearen azken eleberria irakurri, Tourra ikusi… Horrela hasi ditut oporrok, lasai. Aurrerago izango dut hori baino lan ganorazkoagorik, baina hori etorriko da. Bitartean, zuek ere gozatu atsedena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Goiena, bidegurutzean

Joan den uztailaren 17an, Eusko Jaurlaritzak lizentzia bat eman zion Goiena Telebistari, aurrerantzean eskualde telebista moduan lan egin dezan. Albiste pozgarria, inondik ere, 1989an Arrasate Telebista sortu zenetik lehen aldiz, euskarazko telebista legezkoa izango baita Debagoienean.

Hala ere, orain arte legezkotasuna ez da izan erabakigarria. Zazpi urtez, Goienak ortu eder bat izan du gobernatzeko, Debagoiena, eta bera izan da ortulari bakarra ibarra modu sistematikoan lantzen. Orain, ostera, beste hiru telebista (eta komunikazio talde) iritsiko dira Debagoienera, eta ortuak beste hiru ortulari izango ditu, nork harrapatu zati handiagoa lur eremu berean.

Eskerrak 2000. urtean Debagoieneko eta Aramaioko hedabide lokal euskaldunek bat egin zuten eta gaur egun Goiena taldea sendotuta dagoen. Horri esker, gaur gaurkoz Goiena bera dago egoerarik onenean egoera berriari aurre egiteko: esperientzia dauka ibarra lantzen, ezagutzen ditu informazio iturriak, talde bat du eskarmentu handikoa, ondo landuta dauka publizitatea, sinesgarritasuna du eta benetako talde multimedia gisa lan egiten du.

Aurrerantzean, zer?
Etorri berriak baina, berehala hasiko dira lanean beren lekuak indartzeko: kendu nahi izango diote publizitatea Goienari, seguruenik langileren bat edo beste ere harrapatuko diote, eta baliteke horietako talderen bat, Vocento adibidez, aurrerantzean talde multimedia gisa lanean hastea ibarrean, uztartuta DVren erredakzioa eta bere tokiko telebistarena.

Hemendik aurrera, debagoiendarrek lau telebista lokal izango dute aukeratzeko. Beraz, Goiena ezingo da lokartu pentsatuz bere tokia ziurtatuta dagoela, edo jendeak bera aukeratuko duela euskara hutsean dagoelako. Aldiz, borroka egin beharko du bere ortuaren zatirik handienari atxikitzeko. Eta horretarako, denetan onena izatea beste erremediorik ez du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Agregatzaile ala batzaile?

Aurreko batean argitaratu nuen glosarioan agregatzaile hitza erabili nuen, aurretik beste askok erabili duten moduan. Orduan Ibaik galdera bat egin zuen erantzunetako batean:

  • Ez al dago “agregatzailea” izendatzeko beste erarik? Erdarakada izugarria iruditzen zait… eta gainera zatarra.

Nik orduan erantzun nion ez nuela ezagutzen agregatzaileren pareko hitzik. “Nazioartekoa da, eta, besterik agertu ezean, nik hori erabiliko dut”. Izan ere hitz hori aggregator hitz ingelesetik baitator, eta ez agregador espainoletik. Baina handik gutxira Anjelek erantzun zuen, eta hona ekarri dut erantzuna, hasierako eztabaidari argia egin diezaiokeelako:

  • Hona agregatzaile batek betetzen dituen lanak: aurkitu, jaso, bildu; elkartu; sakabanaturik zeudenak, antolatu eta elkarren ondoan jarri; erantsi… Hiztegian bada horiek guztiak biltzen dituen aditz bat: Batu: aurkitu. Batu: jaso, bildu. Batu: elkartu. Batu: sakabanaturik zeudenak, antolatu eta elkarren ondoan jarri. Batu: erantsi “Batzaile” hitzak, esanahiari dagokionez, primeran ordezka dezake “agregatzaile”. Polita den ala ez, estetika gaitzetsi gabe ere, nik uste dut halako hitzek praktikoak eta argiak izan behar dutela. (…) Hor dauzkagu boto-batzailea edo ontto-batzailea bezalako hitzak. Udalakoak astaputz-batzaileak omen dira Azkuek dionez… “Nik egunero begiratzen diot aurki batzaileari”.

Egia esan, nik ez nuen berba horren berririk, baina Anjelek emandako arrazoiak pisuzkoak iruditzen zaizkit. Zuek zer diozue?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 7 iruzkin

Slide

Egun hauetan beste aplikazio bat aurkitu dut, egokia diapositiba paseak egiteko: Slide. Aukera ematen du argazkiak Flickr-etik edo beste argazki zerbitzutik jasotzeko, edo norberaren ordenagailutik. Aurkezpenak ere hainbat hauta daitezke, gustuen arabera. Berau frogatzeko, iazko argazki sorta bat aukeratu dut, Gabonetan ateratakoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

HUHEZIren historia, Xtimeline aplikazioan

Herenegun izan nuen Xtimeline aplikazioaren berri Sustatun. Xtimeline da aplikazio bat antolatzeko historiak, biografiak, etab., modu kronologikoan. Bertan txerta daitezke testuak, argazkiak, audioak eta bideoak. Gustatu, eta probatu egin dut. HUHEZI fakultatearen historia egin dut euskaraz eta gaztelaniaz, eta laster beste bat egingo dut, ingelesez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Aurki.com, 8. probintzia ikusmiran

2005ean Anjel Lertxundik artikulu gogoangarri bat idatzi zuen Hitz beste bere blogean: Blog, blog!, eta hor jotzen zuen Internet euskararen 8. probintziatzat, halakoa baita, Lertxundiren iritziz, Interneten garrantzia gure hizkuntzarentzat.

Bi urte geroago, jakin dugu euskal blogosferak dituela 5.464 bat blog, horietatik 3.005, hor nonbait, bizirik. Oraingoz ez dago horiek guztiak batera bistaratzerik. Hala ere, bada toki bat, non ikus daitekeen 8. probintzia horretako ikuspegi bat txit interesgarria: Aurki.com, euskal agregatzaileak gaur egun eskaintzen baititu 572 informazio iturri, 16 ataletan banatuta.

Jakin nahi duenak zer gertatzen den euskararen 8. probintzian, aintzat hartu beharko du Aurki.com euskarazko agregatzailea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

5.464 blog inguru daude euskaraz

Zuen ekarpenei esker, osatu egin ditut hasieran jasotako datuak, eta, horri esker, esateko moduan gaude gaur egun, ia sei urte igarota Sustatu lehen blog euskalduna sortu zela, 5.464 blog ditugula euskaraz. Jakina, blog horiek guztiak ez daude bizirik. Euskarazko blog horiei aplikatzen badiegu David Sifryk Technorattin erabiltzen duen neurria, blog horien %55 bakarrik leudeke bizirik, alegia, azken hiru hilabeteotan behin gutxienez zerbait argitaratu dutenak. Orduan esan beharko genuke euskarazko blogak 3.005 direla, zelan edo halan bizirik daudenak.

Kopuru hauetara iristeko, arakatu ditut hiru esparru: blog komunitateak, blog plataformak eta hortik zehar daudenak barreiatuta, beste plataformetan.

Blog komunitateak
Gogoan izan blog komunitate bat dela blogari talde bat, eta biltzen dira erakunde baten aterpean, komunitate bat
sortzeko. Kasu horietan, blogariek errespetatu behar izaten dituzte
komunitatearen arauak. Blog komunitate hauetan 876 blog aurkitu ditugu.

Blog komunitateak Blog kopurua
Eibar.org 23
Goiena.net 123
Uztarria.com 23
Berria.info 18
Baleike 10
EHU 500
Deustuko Unib. 44
Jakintza Ikastola 110
Aikor 10
Larrabetzu 10
Atxukale 5
Gaur8 5
GUZTIRA 876

Blog plataformak
Aintzat hartu blog plataforma dela tresna bat, zeinaren bidez edonork sor dezakeen blog bat, hiru pauso
emanda: ireki kontu bat, eman zure datuak eta aukeratu eredu bat. Blog plataforma horietan aurkitu ditut 4.488 blog euskaraz.

Blog plataformak Blog kopurua
Blogari.net 2.435
Blogak.com 1.200
Mundua.com 250
Nireblog 588
Mahatsorriak 15
GUZTIRA 4.488

Gainerakoak
Kopuru horiei beste 100 gehitu dizkiet, hortik zehar, beste plataformetan dabiltzan euskal blogariak kontuan hartzeko. Horrela iritsi gara hasieran emandako datura: 5.464 blog. Hala ere, kontuan izan kopuru horri beroarenak kendu behar zaizkiola, Sifryk proposatutako bidetik, eta orduan geratuko garela 3.005 bat blogekin, zelan edo halan euskaraz ari direnak.

Kopuru esanguratsuak dira, inondik ere. Anjel Lertxundiren hitzetan: “historian zehar noiz jardun du hainbeste jendek euskaraz idazten?”. Jabi Zabalak beste modu honetan adierazi du kopuruok eragindako harridura: “nork esango zigun duela lau urte egun hainbeste euskaldun blogari izango ginenik!”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Urrezko ezteiak Lekeition

Ohorezko aurreskua
Egun paregabea igaro genuen atzo Lekeition. Jose Luis eta Gotzone osaba-izekoek ezkondu zireneko urrezko ezteiak ospatu zituzten. Bego emaztearen familiak ohi bezala, ospakizun hunkigarria eta alaia izan genuen atzokoa. Argazkian, Iñaki eta Aitor Larrañaga anaiak ohorezko aurreskua dantzatzen omenduei Lekeitioko parrokiaren aurrean. Gainerako argazkiak, hemen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin