Frantzisko Xabierkoaren besoa, Kanadan

Harriduraz ikusi dut CBC Kanadako Telebista publikoan urtarrilaren 3an hasita, eta hilabetez, ustez Frantzisko Xabierkoa misiolari jesuitaren eskuin besoa dena zelan erakutsiko duten 14 herri eta hiritan, Kanadako zortzi probintziatan, erlikia sakratu gisa. Hango Eliza Katolikoak espero du 70.000 bat lagun hurbilduko direla beso usteldu gabea gurtu, ukitu eta ikustera.

Harriduraz diot, erlijioa ulertzeko era horiek Erdi Aroarekin lotzen ditudalako, garai bat non gauzarik harrigarriena ere erlikia sakratutzat saltzen baitzen, inolako froga barik. Harriduraz, horrelako gauzek atzeraka eragiten didatelako. Eta harriduraz Eliza Katolikoak bere horretan segitzen duelako, erlijioaren alderik fetitxistena bultzatzen, baita Kanada bezalako herrialde aurreratu batean ere.

Kategoriak Erlijioa | Etiketak , | Utzi iruzkina

Aurten 40 pelikula euskaratu ditut

2017 urte oparoa izan da niretzat euskarazko azpidatzien produkzioari dagokionez, sekula baino film gehiago euskaratu baitut. Iaz 18 itzuli banituen, aurten 40, doblea baino gehiago.

Kontuan izanda aurten Open Data Euskaditik film mordoa iritsi behar zirela, denak berri-berriak, erabaki nuen aspaldiko filmak euskaratuko nituela, konpentsatzeko-edo film berrien oldea. Hau da zerrenda:

  1. Michael Collins
  2. Girl with a Pearl Earring
  3. Casablanca
  4. Witness
  5. Road to Perdition
  6. The Man Who Shot Liberty Valance
  7. The Jazz Singer
  8. Butch Cassidy and the Sundance Kid
  9. The Graduate
  10. Frankenstein
  11. Forrest Gump
  12. Samsara
  13. Under Sandet (Land of Mine)
  14. Schindler’s List
  15. Bronenosets Potyomkin / Battleship Potemkin
  16. Singin’ in the Rain
  17. Sunrise: A Song of Two Humans
  18. The Searchers
  19. Chelovek’s kino-apparatom
  20. Tokyo Monogatari
  21. La Passion de Jeanne D’Arc
  22. Amadeus
  23. Persona
  24. The Silence of The Lambs
  25. L’Atalante
  26. Some Like It Hot
  27. Das Cabinet Des Dr. Caligari
  28. 8½ (Otto e mezzo)
  29. The Gold Rush
  30. Á bout de souffle
  31. Ordet
  32. The Immigrant
  33. Lady Macbeth
  34. Banshun
  35. Shichinin no samurai
  36. Au hasard Balthazar
  37. L’Avventura
  38. Le Mépris
  39. Apocalypse Now
  40. The General

Aldi baterako atsedena hartuko dut, irakurri ere egin nahi dut-eta, aurten apur bat baztertuta izan dudan zaletasuna.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Analfabetoentzat, azpititulurik ez

Egun hauetan Born a Crime liburua irakurtzen ari naiz, Trevor Noah komediante eta telebista-aurkezle hego afrikarrarena. Bera izatez mulatoa da —krimen izugarria apartheid garaian, aldi hartan debekatuta baitzeuden arraza desberdinen arteko sexu-harremanak—, eta liburuan bere haurtzaroa kontatzen du, oztopoz betea. 2015a ezkero, Trevor Noah-k The Daily Show telebista saio satirikoa aurkezten du AEBetan, arrakasta handiarekin. Hantxe, Trumpen mailu bihurtu da.

Kontua da bere liburuan aipatzen duela haurtzaroan zelan ikusten zituzten telebista-saioak, batzuetan bikoiztuta, eta besteetan soinu originalarekin. Bitxia iruditu zait, eta hona dakarkizuet:

Hazten ari nintzela, AEBetako telesaio-errepikapenak jasotzen genituen gure kateetan: “Doogie Howser”, “M.D.”; “Murder, She Wrote”; “Rescue 911”, William Shatner-ekin. Horietako gehienak bikoiztu egiten ziren afrikar hizkuntzetara. “ALF” afrikaans hizkuntzan zegoen. “Transformers”, xhoseraz. Baina nahi bazenuen saioak ingelesez ikusi, amerikar audio originala irratiz ematen zen, aldi berean (simulcast). Zure telebista mututu, eta hura entzun zenezakeen. (Hirugarren kapitulua: Trevor, egizu otoi)

Bistan da, apartheid garaiko beltzentzat ez zegoen aukerarik pelikulak-eta azpitituluekin ikusteko, gobernuak indarrez bermatua baitzuen gehienak analfabetoak izatea.

Kategoriak Azpitituluak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Setsuko Hara

Setsuko Hara, Banshun filmeko fotograma batean.

Azken aldi honetan Yatsujiro Ozu zine zuzendari japoniarraren bi film euskaratu ditut: Tokyo Monogatari (Bidaia Tokiora) eta Banshun (Udaberri berantiarra). Eta bietan emakume aktore batek eman dit atentzioa: Setsuko Hara. Irakurtzen hasi haren inguruan, eta jakin dut Japonian mito bat izan dela, eta oraindik ere badela. Hainbeste, ze “Betiereko birjina” deitzen baitzioten, sekula ez zen-eta ezkondu.

Ozu hil zen urte berean zinema utzi eta Kamakuran jarri zen bizitzen, Ozurekin egindako film asko errodatu ziren lekuan, Tokiotik gertu. Mende erdiko bakartasuna igarota —aldi hartan Harak apenas eman zuen elkarrizketarik—, orain bi urte hil zen Setsuko Hara, 2015ean, 95 urte zituela.

Sennen Joyû (Milurteko emakume aktorea) anime filma, berau ere euskaratuta, neurri batean Setsuko Hararen bizitzan dago inspiratuta.

Kategoriak Azpitituluak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Lady Macbeth

Orain dela gutxi ikusi dut Lady Macbeth filma, iaz plazaratua eta XIX. mendean kokatzen dena, baserri giroko Ingalaterran. Iluna eta gogorra egin zitzaidan, baita ederra ere, batez ere hango filmografia. Horregatik erabaki nuen hango azpidatziak euskaratu eta Azpidatziak.com proiektuaren katalogoan jartzea.

Ez harritu Oscar sarien hurrengo edizioan Florence Pugh aktoreak izendatzen badute emakume aktore onenaren sarirako, ezta irabazten badu ere, gaur egun ezezaguna izan arren.

Kategoriak Azpitituluak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Primerako teklatua iPaderako

Egia esan, orain arte oso gutxi erabili dut iPada idazteko. Erosi nuenean Ulysses aplikazioa Macintosherako, orduan ere erosi nuen aplikazio bera iPaderako. Ordenagailuan dezente erabili dut, baina iPadean, oso-oso gutxi. Eta arrazoietako bat uste dut izan dela teklatu falta: luze idazteko ez naiz konpondu teklatu birtualarekin. Bestea, etxean Mac eder bat daukadala, eta hantxe egiten dudala lanik gehiena.

Atzo, berriz, idazle profesional bati irakurri nion berak dena idazten duela iPad Pro batean, haririk gabeko teklatu batekin. Orduan gogoratu nintzen nik ere baneukala horrelako teklatu bat, orain pare bat urte erretiratu nuena. Kaxatik atera, pilak aldatu, eta lotu egin nuen, bluetooth bidez, nire aspaldiko iPadarekin. Uste baino errazago, Youtuben ikusitako pare bat bideori esker.

Behin ekipo biak prest —iPada eta teklatu haririk gabekoa—, hasi nintzen tekleatzen, atsegin handiz, teklatu hau oso ona delako. Aurrerantzean uste dut dezente erabiliko dudala iPada idazteko, eta dena teklatu fisikoari esker.

Kategoriak Idazkuntza | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Erdu, amante

Joan den apirilean, Under Sandet filma euskaratu berritan, ondoko mezu hau idatzi nuen Google+ gunean. Lau hilabete geroago, pentsatu dut blog honetan hobeto egongo dela.

Goizalde Landabaso kazetariaren artikulu gogoangarri hau gogoan, “Erdu, amante”, esaldi hori erabili dut Under Sandet filmean. Goizaldek horrela zioen aipatu artikuluan: “Umetan, bera txikia zela entzundako berbak esaten zizkigun (amak): “erdu, amante”. Hitz soil bi ondo iltzatuta daramatzadanak. Samurtasun ikaragarria sortzen zait entzuten dudanero. Beti itzultzen gara zentimetro gutxi genuen sasoira. Iloba gazteenarekin hasi da ama bere haurtzaroko berbak ekartzen. «Erdu, amante», esaten dio iloba txikiari guri esaten zigun legez. Duela egun gutxi batzuk, baina, «ven, cariño» entzun nion. Harritu nintzen. Amak kontatu zidan umearekin jolasten ari zela parkean beste amama bat hurbildu zitzaiola zerabiltzan berba horiek «euskara txarra» zirela esanez. (…) Orain filma euskaraz dago, Goizalderen amak egindako ekarpen eta guzti.

Kategoriak Azpitituluak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Word-etik kanpo bada bizitza

Argazkiak: Juanan Ruiz

Gaur Karmele Jaio idazleak ariketa zaila egin du Berria egunkarian: erakutsi du zelan idazten duen, eta horretarako zelako baliabideak erabiltzen dituen. Bi bereziki: koaderno bat oharrak-eta egiteko, eta Microsoft Word testu-prozesatzailea. Ariketa zaila diot, zeren idazle askok ez dute nahi izaten horrelako informazioa ematerik. Horregatik, eskertzen diot Karmeleri bere esperientzia kaleratu izana. Oso gustura irakurri dut erreportajea, Amagoia Ibanek sinatua, eta gorde ere, gorde dut: formatu digitalean, Diigon, eta paperean, badakit-eta behin baino gehiagotan irakurriko dudala.

Karmele Jaio idazle ona da, bere liburu ia guztiak irakurri ditut, eta hasi zenetik eman zidan atentzioa zelako ahalmena zuen, hain gazte izanda, besteen pentsamenduetan eta barne-munduetan sartzeko, bereziki pertsona nagusiena. Beraz, bihoa harekiko dudan miresmena, aurrera egin aurretik.

Word eta kaosa

Goian aipatu dudan erreportajeak izenburua zuen “Kaosa ere kolokan”. Eta kaosa etorri zait burura, ikusi dudanean Karmelek zelan gordetzen dituen bere idatziak Word dokumentuetan. Berak konpontzen du kaos hori dokumentuak karpetetan txukun-txukun gordeta, datak erabilita. Horrela irabazten dio Karmelek kaosari.

Hala ere, pena apur bat eman dit horrelako idazle bat borrokan ikustea Word bezalako programa batekin, gaur egun badaudelako beste programa batzuk, nire ustez askoz ere egokiagoak lan hori egiteko, bereziki idazleentzat diseinatu direlako.

Gaur goizean bertan, lau txio idatzi ditut jarraian, hemen azaldutakoaren berri ematen, eta gauza bera egin dut Facebooken. Arratsaldean, berriz, pentsatu dut hobe dela blog sarrera bat idaztea, gauzak hobeto esplikatzeko.

Scrivener eta Ulysses

Azken aldian bi aplikazio kaleratu dira, Scrivener eta Ulysses, bereziki idazleentzat diseinatuak. Euskal idazleek jakin beharko lukete horien berri, nire ustez badago-eta bizitza Wordetik kanpo.

Desberdinak izanda ere, aplikazio bi hauek zenbait ezaugarri partekatzen dituzte:

  1. Dena leku batean dago. Sarri askotan ez dugu jakiten non gordetzen ditugun idatzitako dokumentuak. Batzuk karpeta pertsonal batean daude, beste batzuk Dropbox-en, harako hura Google Driven, eta beste haiek, kanpoko disko gogorrean. Buruko-min galanta izaten da aspaldi idatzitako dokumentu bat berreskuratzea. Hori ez da gertatzen Scrivener edo Ulyssesen, horiekin, idazlan guzti-guztiak bertan daudelako. Bilaketa, hortaz, ezinago errazak izaten dira.
  2. Dena dago sinkronizatuta. Idazle batek ideia bat baldin badauka gauean, eta horren berri apuntatzen badu Ulyssesen, mesanotxeko iPadean, hurrengo goizean, bere mac ordenagailura doanean, hantxe ikusiko du, ideien karpetan, edo idazleak utzi duen tokian. Gauza bera gertatzen da iPhonarekin. (Bide batez, esango dut Scrivener erabil daitekeela Mac, iOS eta Windows sistemetan. Ulysses, ostera, Mac eta iOS sistemetan).
  3. Idaztearen plazerra. Badakit idaztea lan zaila dela askotan, bakardadean egindakoa, baina bai Scrivenerren eta baita Ulyssesen ere, ahaztu egiten zara negrita, kurtsiba eta gainerako kontuekin, eta zentratzen zara idazten, bestelako distrakzio horiek desagertu egiten dira-eta.
  4. Kudeaketa erraza. Scrivenerren eta Ulyssesen ezinago erraz kudeatzen da idazlana: zatiak uztartu (nahiz eta fisikoki bata bestetik oso urrun egon), zatitu eta mugitu di-da egiten da, eta inoiz ez da galtzen lan osoaren perspektiba.
  5. Esportatu, di-da batean. Programa horiek markdown formatua erabiltzen dutenez, idatzitako lanak hainbat formatutan esporta daitezke: testu laua, HTML, docx, epub, PDF…

Aukeratzekotan, zein?

Nik biak dauzkat, Scrivener eta Ulysses. Jon Salaberri liburua, adibidez, Scrivenerren hasi nintzen antolatzen, baina izan nuenean Ulyssesen berri, berau erosi eta bertara pasatu nuen dena, eta hantxe amaitu nuen. Liburua bera, Ulysses erabilita argitaratu nuen, hiru formatutan: epub, mobi eta pdf.

Nik Ulysses erabiltzen badut ere, konturatzen naiz Scrivener egokiagoa izan daitekeela lan luzeak-eta idazteko. Honek karpeta bat dauka proiektu guztietan, “Ikerkuntza” izenekoa, oso-oso erabilgarria bertan gordetzeko idazlan bat hasi aurretik gorde nahi diren elementuak: argazkiak, pdf dokumentuak, web orriak…

Karmele Jaiok eta beste idazle askok hitz egin beharko lukete Ana Malagon eta Eneko Bidegain idazleekin, esate baterako, hauek Scrivener erabiltzen baitute beren idazlanak idatzi eta kudeatzeko. Seguru nago aplikazo berriekin, askoz ere errazagoa litzatekeela kaosa menderatzea.

Kategoriak Literatura | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Netflixen eragina azpidatzien erabileran

Orain bi aste pasatxo Danimarkan izan ginen astebetez (badakizue, jubilatuen gauzak), eta egun batean, Kopenhagen ginela, elkartu ginen Interactive Denmark erakundean lan egiten duen pertsona batekin. Harekin denetik hitz egin genuen, baita azpidatzien inguruan ere. Haren ustez, Danimarkako agintarien politika bai filmak eta baita telesailak ere bertsio originalean ematekoa, danierazko azpidatziekin, oso ona izan da daniarrentzat, belarria izugarri egin zaie-eta beste hizkuntzak ikasteko. Esan zuenez, daniarrak dira eskandinaviarren artean ingelesa hobetoen egiten dutenak. Guk ere egiaztatu genuen zein ondo egiten duten, ingelesez galdetutako guzti-guztiek ingelesez erantzun baitziguten, ezin hobeto.

Hala ere, kezkatuta agertu zen gure solaskidea, orain Netflix harpidetza bidezko zine banatzailerik handienak aukera ematen duelako pelikula eta telesail guztiak danierara bikoiztuta ikusteko, eta daniar asko hasi omen da aukera hori baliatzen. Gure solaskidearentzat hori ez da ona, aukera horrek eten egin dezakeelako urteetako joera, eta, bere ustez, epe luzera daniarrak galtzen irten daitezkeelako.

Kategoriak Azpitituluak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Dantzaria ez zen dantzari hura

Singin’ in the Rain filmean dantzek eta kantuek garrantzi handia dute, zerbaitengatik aditu askok diote berau dela inoizko film musikalik onenetakoa. Hala ere, aktore nagusien artean, bazegoen bat, Debbie Reynolds, ez zetorrena dantzatik, aurretik gimnasta izan baitzen. Hori zela-eta, neskak dezente sufritu zuen film hura errodatu bitartean.

Debbie Reynoldsek bere memorietan kontatu zuenez, errodaje-egun batean, Gene Kelly (pelikulako zuzendarietako bat, aktore nagusietako bat, dantzari printzipala eta koreografoetako bat), musikaletako fenomeno hura haserretu egin zen berarekin, eta sekulako errieta egin omen zion, iraintzeraino. Egun hartan, edo biharamunean, Fred Astaire aktore eta dantzari mitikoa agertu zen estudioan, bisitan, eta aurkitu zuen Debbie Reynolds negarrez piano baten pean. Entzunda zer gertatu zitzaion, Fred Astairek laguntzea eskaini zion neskari bere numero dantzatuetan. Geroago, Kellyk onartu zuen egun hartan ez zela ondo portatu Reynoldsekin. Harritu ere egin zen ondoren Reynoldsek ez ziolako hitza erretiratu.

Antza denez, egun oso bat behar izan zuten Good Morning izeneko dantza grabatzeko, goizeko 08:00etatik, gaueko 23:00etara. Bertan parte hartu zuen Gene Kelly, Donald O’Connor eta Debbie Reynolds hirukoak. Eguna amaitutakoan, Debbie Reynoldsen hankak odoletan omen zeuden.

Urteak igarota, Debbie Reynoldsek aitortu zuen bere bizitzako gauzarik gogorrenak izan zirela Singin’ in the Rain grabatzea eta bere umeez erditzea. Ume horietako bat izan zen Carrie Fisher, Star Wars filmeko Leia printzesa ahanztezina, zeina hil baitzen 2016ko abenduaren 27an. Debbie bera biharamunean hil zen, ezin gainditurik alabaren heriotza.

Kategoriak Zinea | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina