Sesame Street

Nahi baduzue zuen seme-alaben ingelesa etxean landu modu entretenigarrian, harpidetu Sesame Street kanalera Miro telebistan, eta 5 minutuko saioak jaitsiko dituzue, jeneralean gai baten ingurukoak, eta oso modu erakargarrian landuak. Konturatu barik, txikiek hiztegia eta ahoskera landuko dute.

Irakasle zaretenek, bestalde, beste horrenbeste egin dezakezue ikastetxeko ordenagailuetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Bikain

Bai. Atzo aurkeztu nuen HUHEZIn Aurki.com informazio batzailearen gaineko ikerlana, eta epaimahaiak bikain eman zidan. Hala ere, sentipen gazi-gozoa atera nuen aurkezpenetik, nahi eta uste baino luzeagoa irten zitzaidalako aurkezpena. Amaitutakoan, uste osoa nuen hor nonbait ibiliko nintzela hasieran erabakitako denboratik, 30 minutu, baina bai zera: 55 minutura joan nintzen!

Bestela, uste dut lan txukuna egin nuela aurkezpenarekin, argia eta ulerterraza izan baitzen. Hori bilatu nuen, eta uste dut lortu nuela. Beraz, alde horretatik, pozik.

Eskerrak eman nahi dizkiot Aitor Zuberogoitia lankideari, bera izan baita nire tutorea lan honetan, eta laguntza handia eman didalako. Baita Iñaki Garcia lankideari, berak gidatu baininduen SPSS programaren bide bihurrietan. Orobat CodeSyntaxeko lagunei, eman didaten laguntzagatik Aurki.com batzailea aztertzeko. Eta, jakina, Alazne Aiestaran, Joseba Azkarraga eta Jon Sarasua epaimahaikideei, aurkezpena bukatutakoan eskaini zizkidaten iradokizun, proposamen eta oharpenengatik.

Laster sarean ipiniko ditut bai ikerlanaren testua eta baita aurkezpena bera ere, nahi duenak kontsulta ditzan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 8 iruzkin

Onkotxipa

Atzo Galdakaoko ospitalean izan nintzen, kontrol eguna nuen-eta. Pozik itzuli nintzen etxera, azterketen emaitzak onak izan baitziren. Berba bat ere ekarri nuen handik: onkotxipa. Jesus Ojanguren medikuak aipatu zidan giza genoma osatu zenetik, minbiziaren inguruko ikerkuntza izugarri aurreratu dela, batez ere onkotxipei esker.

Onkotxipak txip bereziak dira, biotxip edo ADN txipen aldagai bat, bereziki diseinatuak minbizia aztertzeko. Gero jakin dut biotxipak direla beirazko edo beste material bateko xafla txikiak, zentimetro gutxikoak, eta itsatsita daramatela milaka giza gen, ilaratan eta zutabetan eratuak. Erabiltzen dira lagin bateko gen kopuru handiak aztertzeko (odolekoak, ehunekoak edo tumor batekoak) denak batera, eta oinarritzen dira geneen propietate batean, zeinaren bidez beste gen batzuetara itsasten baitira, berdin-berdinak direnean.

Jesusek esan zidanez, bost urte barru gaur egungo ikerkuntzek emaitza ikusgarriak eragingo dituzte, eta horiek erabat aldatuko dute diagnostikoak egiteko modua eta tratamendua bera ere, kasu askotan. Hala bada, hala biz, eta ez bada, ora pro nobis.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Miro: telebista eta bideoa Interneten

Astebete pasatxo nabil Miro telebista probatzen nire ordenagailuan. Hiru laguni ere lagundu diet berau instalatzen, harrigarria iruditu baitzait. Bloglines informazio batzaileak nola, Mirok ere halaxe ekartzen ditu telebista programak edo bideoak nork bere ordenagailura, ondoren konputagailuaren pantailan ikusteko. Jakina, aurretik harpidetu egin behar, RSS bidez, saio edo bideo horietara.

Nire ordenagailuaren pantaila 15 hazbetekoa da, eta hor izugarri ondo ikusten dira Mirok ekarritako saioak, berauek kalitate onez emititzen direnean. Goiena Telebista ere hortxe ikusten dut orain, pantaila osoan, eskertzekoa benetan, nahiz eta, kasu horretan, kalitatea ez den hain handia. NBC telebistaren gaueko albistegia jaisteko, bestalde, 20 bat minutu behar izaten ditut, baina bitartean nik lanean segitzen dut. Horrek ez du etenik.

Miro probatzera gonbidatzen zaituztet, jakinda, gainera, dagoeneko baten batek euskaratu dituela Miroren azala eta hainbat gauza, Miro software librearekin egina baitago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Prostitutek badakite zelan erabili sarea

AEBetan enpresa askok oraindik ez dakite zelan atera etekina sareari. Prostituzioak, ostera, ederto asko baliatzen ditu sarearen baliabideak negozioa egiteko. Halaxe dio BuzzNetworker webguneak artikulu luze batean.

Prostituzioa berezia da, negozio horretan bezeroarekiko harremana zuzena baita. Prostitutek asmatu dute harreman hori lantzen, sarearen baliabideak erabilita: mezularitza, profilak, argazkiak, foroak, txatak…, halako moldez, non komunitateak eraikitzen ari baitira larrua gozatzeko zaletasuna dutenen artean.

Gure artean DV, El Correo eta antzeko egunkari errespetagarriak nola, AEBetan askok Craigslist ezaguna erabiltzen ari dira beren zerbitzuak iragartzeko, sare zentralizatu bat eskaintzen dituena iragarki sailkatuak sarean. Beste zerbitzu batzuk dira escorts.com, zeinek eskaintzen baitu sexua lurraldeka, eta hor erabiltzaileek sor dezakete beren profila, hainbat datu sartuta: jaiotze data, generoa, sexu joera, arraza, garaiera, pisua, tabakoa, edariak, argazkia, etab. Aspd.net, berriz, foro bat da, eta hor bezeroek eta baita zerbitzu emaleek informazioa sartzen dute batzuen eta besteen gainean, halako moldez, non baten batek gehiegikeriarik egiten badu, agerian utziko baititu arrastoak besteen aurrean.

Sarean, seguruago
Prostitutek sarera jo duten neurrian, utzi egin dute kaleko jarduera, askoz ere arriskutsua. “Negozioaren sareko alderdiak konpontzen ez baditu ere prostituzioari lotutako alde negatiboak, —dio artikuluak—hala nola drogak erabiltzea, emakumeen esplotazioa, etab., sortu du ingurune seguruagoa trukean parte hartzen dutenen artean, galbahe moduko bat eraikita, sare bat non jendeak informazioa trukatzen baitu, eta sistema bat non jendeak elkarren artean eragin dezakeen komunitate birtual bat sortuta”. Alegia, munduko bizibiderik zaharrena etengabe ari dela eguneratzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

8. probintzia, 5. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 5. saioa. Urriaren 14an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Boakarren saioan honako gai hauek jorratu ditugu:

  1. Blog motak: pertsonalak, taldekoak, enpresakoak, tematikoak eta fotoblogak.
  2. Zertaz hitz egin den aste honetan euskal blogosferan.
  3. Bi blog aipagarri: Etiam eta Piperrautsa.

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Zorionak Begori eta Esteñibarko mahastizainei!

Zorionak zuri, Bego!

Bego emazteak 50 urte bete zituen atzo, mende erdi. Esteñibar baserrian ospatu genuen urtebetetzea, Elorrion, lagunarte zabalean, atzo mahats bilketa eguna izan baikenuen Esteñibarren. Goizeko 09:30ean hasi ginen lanean eta arratsaldeko 16:00ak arte jo eta su aritu ginen. Lan asko, giro alaia eta emaitza oparoa, mahats asko eta ona jaso genuen-eta.

Argazkian Bego kandelak itzaltzen Miren alabaren aurrean, besoetan Paula txikia duela. Flickr-en ipini ditut atzoko argazkiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Hilaren 17an, ikerlanaren defentsa

Azkenean erabaki dugu noiz egingo dudan ikerlanaren defentsa, udan Aurki.com informazio batzailearen inguruan egindakoa: urriaren 17an izango da, goizeko 10:00etan, HUHEZIn bertan. Aurrez aurre apaimahaia izango dut: Alazne Aiestaran, Joseba Azkarraga, eta Jon Sarasua. Beraiek erabakiko dute egindako lana zenbateraino den baliagarria.

Defentsa horri nahikotasun froga deritzo, irekia da, eta hori gaindituz gero, ateak libre izango ditut doktore tesia egiteko. Lana aurkeztuta, asmoa dut berau sarean jartzeko, nahi duenak irakur dezan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Zelene Aranzabal

Aspaldiko batean Daniela Aranzabalek idatzi zidan Mexikotik, eta galdetzen zidan ea senitartekoak ginen. Herenegun Zelene Aranzabalek idatzi zidan AEBetatik, bera San Antonion bizi baita, Texasen, eta gauza bera galdetzen zidan. Zelenek ere Pedro Aranzabal izeneko birraitona bat izan zuen, eta uste dugu Pedro hori Zaloña baserritik joan zela Aretxabaletatik Mexikora.

Esan diot Zeleneri ere, seguru-seguru ez dagoela esaterik, baina litekeena dela senitartekoak izatea, gure amandrea ere Zaloña baserrikoa baitzen, Mexikora joan zen Pedro Aranzabalen arreba.

Kontua da Pedro Aranzabal andrazale amorratua izan omen zela, eta, Iparragirrek Urugain nola, hark ere ume mordoa utzi zituen Mexikon, bere familia ofizialetik kanpo. Eman ta zabal zazu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Zeinek erabiltzen du Aurki.com?

Egiten badugu erretratu robota Aurki.com informazio batzaileko harpidedunena, hauxe litzateke behin betiko erretratua:

  • Gizona, 36 bat urtekoa, Gipuzkoan bizi da, 20 hilabete daramatza harpidetuta, egun birik behin sartzen da Aurkin eta 15,7 informazio iturritara dago harpidetuta. Sartzen da hor nagusiki euskal informazio iturrien jarraipena egiteko, batez ere euskarari buruzkoa, uste du Aurki.com ispilu egokia dela sarean dagoen euskarazko produkzioarena eta laguntzen diola informazioa hobeto antolatzen, nahiz eta uste duen hala-hola dagoela antolatua. Oro har, konforme dago Aurki.com-ekin, baina berau darabil beste informazio batzaile baten osagarri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin