Teknologia berriak hezkuntzan

Teknologia berriek gero eta egiteko handiagoa dute irakaskuntzan. Askotan hori uste izaten dugu, behintzat. Hortik zehar oso garbi daukate, eta hasiak dira liburuak agertzen gai horren inguruan. Hona hemen bost, interesgarriak:

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Ama hil da

Paula biak: 7 hilabete eta 90 urte

Urtarrilaren 11n ama hil zitzaigun, Paula Mendizabal, 90 urte zituela, Arrasateko Ospitalean. Bi egun lehenago, joan den asteazkenean, tronbosi batek lurreratu zuen, tronbosi bortitzegia medikuen esanetan, eta hark eraman zuen. Hiru egun izan dira emozioz beteak, bi ospitalean eta bestea beilatokian eta elizan. (Argazkian, Paula Mendizabal, besoetan Paula Alberdi duela, bere birbiloba, 2007an amaren 90. urtebetetzea ospatu genuenean, Esteñibar baserrian).

Uritteko dama
Horrela deitu dio Mikel Irizarrek bere blogean gure amari, izenburuan aipatzen duela jaio zeneko baserria, Gellao auzoan, Eskoriatzan. Izan ere, gure ama baserri batean jaio zen, hamabi neba-arrebaren artean laugarrena. Zaharrena ez izan arren, “bera zen gure bigarren ama, agindu egiten baitzigun, baina ondo aginduta”, egun hauetan gure izeko batek esan digun moduan. Hori zen, hain zuzen, gure ama, lider natural bat, ia eskolatu gabea izan arren (“guk erdaraz jakin ez, eta maisuak euskaraz ulertu eta entzun gura ez, horrela ibili ginen gu eskola urte apur haietan, negargarri”), sen berezia baitzuen arazoei aurre egiteko. Ausarta, praktikoa, indartsua eta diziplinatua zen. Eta guapa.

Gerra denboran neskame ibili ondoren Azkoitia aldean, Julian Aranzabalekin ezkondu zen, Angiozarko soinujole gazte bat, ajustadore moduan zebilena Unión Cerrajeran, Mondragoen, eta hantxe jarri ziren bizitzen, Musakola auzoan. Garai latzak ziren, gerra ondorena, eta gogor egin behar izan zuten lan bost seme-alaba aurrera ateratzeko. Horiek hazi ahala, berriz, moldatu beharra tokatu zitzaien seme-alabek eurek etxera zekartzaten haize berrietara: neskak unibertsitatean ikastea, ezkondu barik bizitzen jartzea…, eta hor ere Paula izaten zen zubia, enpatia gehien lantzen zuena.

Behin erretiroa hartuta eta seme-alabak etxetik joanda, beste bizitza bat hasi ziren senar-emazteak, askoz ere lasaiagoa, eta seme-alaben ondorengoak gozatzen. Aita hil zen arte, laster hamar urte. Orduan amak erabat berrantolatu zuen bere bizitza: independentzia balioesten zuen, eta bakarrik bizi nahi izan zuen, bere aspaldiko etxean. Paseatu egiten zuen egunero, paseatzerik ez zegoenean bizikleta estatikoan ibiliko zen, egunero gimnasia apur bat egingo zuen etxean, bazkaria prestatuko zigun Fatimari eta bioi, eta asteburuetan Begoñaren etxean edo Fatimarenean ibiliko zen, hango ortuari eta mahatsondoei errepasoa ematen. Inoiz ez zen superwoman bat izan, bazituen arazoak belaunetan, bihotzean, begietan…, baina izugarri ondo zekien kudeatzen bere egoera.

Azken orduak
Horrela iritsi zen joan den astera. Lau egun falta zirenean bere urtebetetzerako, 91 urte egingo zituen urtarrilaren 15ean, lurrean aurkitu genuen bere gelan, tronbosiak jota. Ondoan sentitu gintuenean, saiatu zen zerbait esaten, baina ezin. Orduan, atzamarrak erabili genituen elkarrekin komunikatzeko: guk galderak egin, eta berak atzamarrei eraginez erantzun.

Behin ospitalean, medikuek esan ziguten zein zen egoera: tronbosi batek hartu zuen amaren burua, eta erabat blokeatu garunaren eskuin aldea. Ez zegoen atzera bueltarik. Hala ere, lehen orduetan, amak entzun egiten zigun, eta eskuin eskua erabili zuen gure eskuak hartu eta bere aurpegian sentitzeko (gogoratzen, Larraitz?). Bere inguruan geunden, eta banan-banan sentitu gintuen. Halako batean, iluntze aldean, gurutzearen zeinua egin zuen hainbat aldiz: prest zegoen joateko. Ordu batzuk geroago, koman sartu zen, harik eta ostiral arratsaldean, 14:35ean azken arnasa eman zuen arte. Kandela baten antzera itzali zen, sufritu barik.

Hiru egun, gogoratzeko
Pozik nago egun hauetan aukera izan dudalako amaren ondoan izateko. Une hunkigarriak bizi izan ditugu, ama azken segundora arte ahalegindu baitzen gurekin komunikatzen eskua erabilita, maitasunaren beste aurpegi bat bizi izan dugu, berba asko egin dugu heriotzaz eta bizitzaz, hobeto ezagutu dugu elkar, gure arteko gaztetxoenak ere alboan izan ditugu, lagunen eta ezagunen elkartasun beroa jaso dugu… Denbora apur bat beharko dugu hor bizi izandakoa pausatu eta barneratzeko.

Patxi Lurra ezagutu dut
Bai, ama hil zeneko egunean ezagutu nuen Patxi Lurra blogaria, goiz hartan Iñaki Peña doktorea egokitu zitzaigun-eta amaren zaindari. Amaren gelan agurtu genuen elkar. Gero, berriz, ama aztertuta, argi eta gozo esan zigun ama zelan zegoen. Ordurako bagenekin, baina eskertu genizkion argibideak. Gazte eta sentibera ikusi nuen Patxi Lurra, bere idatzietan agertzen zaigun gisara, eta nire familiaren izenean eskertu nahi diot azken orduan eman zigun laguntzagatik.

Eskerrik asko denoi
Mila esker fakultateko lankideei, aukera eman zidatelako egun horiek ospitalean egiteko, eskerrik asko, halaber, Arrasateko Ospitaleko mediku eta erizainei, anbulantziakoak barne, gure ama hain ondo zaintzearren, gure eskerrik beroenak beilatokira eta elizara agertu zineten guztiei, baita Azkoiti eta Tolosatik ere, eta esker mila Amarauna irratsaioko lankideei, Euskadi Irratian. Maite zaituztet.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 28 iruzkin

2007an irakurritako liburuak

Orain liburu bat irakurtzen dudan bakoitzean, idatzi egiten dut Google Docs plataformaren barruan sortutako kalkulu orri batean. Horri esker, urtea amaitutakoan, badakit zer liburu irakurri ditudan urte horretan. Iazkoak, hauek izan ziren:

  • Kontu-jaten. Arantxa Iturbe. (Alberdania)
  • Beñat dardo. Joxan Oiz. (Susa)
  • Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia. Mark Haddon. (Igela)
  • Mailuaren odola. Aingeru Epaltza. (Elkar)
  • Ihes betea. Anjel Lertxundi. (Alberdania)
  • La agonía y el éxtasis. Irving Stone. (El País)
  • 1.280 arima. Jim Thompson. (Igela)
  • Markak. Gernika 1937. Bernardo Atxaga. (Pamiela)
  • Bideak, aldapak eta bihurguneak. Juan Luis Zabala. (Elkar)
  • Peaceful soldadua. Michael Morpurgo. (Alberdania)
  • Amaren eskuak. Karmele Jaio. (Elkar)
  • Portukoplak. Kirmen Uribe. (Elkar Lekuko)
  • La canción de los misioneros. John le Carré. (Areté)
  • Creating Pages with iWork. David Morris. (Peachpit Press)
  • Egunero hasten delako. Ramon Saizarbitoria. (Erein poltsiko)
  • Filipinetan bizi den idazlearen kontuak. Joxemari Iturralde. (Pamiela)
  • Biblioteca personal. Jorge Luis Borges. (Alianza Biblioteca Borges)
  • La magia de escribir. J.A. Marina, M. de la Válgoma. (Plaza&Janés)
  • Western Basque Festival. Miel A. Elustondo. (Susa)
  • Minority Language Media. Mike Cormack & Niam Hourigan. (Multilingual Matters)
  • Pijama marradunaz jantzitako mutikoa. John Boyne. (Alberdania)
  • Pereirak dioenez. Antonio Tabucchi. (Igela)
  • Gu, nafarrok. Xabier Zabaltza. (Alberdania)
  • Emakume ezezagun baten gutuna. Stefan Zweig. (Igela)
  • Festa aldemeneko gelan. Mariasun Landa. (Erein)
  • Perfumea. Patrick Süskind. (Alberdania)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 5 iruzkin

8. probintzia, 17. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 17. saioa. 2008ko urtarrilaren 6an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Hamazazpigarren saioan honako gai hauek jorratu ditugu:

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Kanon digitalaren zitalkeria

Espainiako Parlamentuak kanon digitalaren legea onartu du, SGAEk proposatuta. Gaizki sentitu naiz gehiegikeria horrekin. Hemendik aurrera, CD bat, DVD bat, pendrive bat edo horrelako aparailu bat erosten dudan bakoitzean, zerga bat ordaindu beharko dut, kanon bat, “badaezpadan kopiarik-edo egiten badut”. Hori oso logika makurrean oinarritzen da:

1. Lapurrak omen gara
Lehenengo eta behin, pentsarazi nahi digute lapurrak garela musika, bideoak edo bestelako informazioa kopiatzen dugunean guk erabiltzeko. Zinera goazenean edo DVD bat alokatzen dugunean film bat ikusteko, iragarki bat erakusten digute, Espainiako gobernuarena, eta hor esaten digute filmak edo musika kopiatzea lapurreta egitea dela. Mezu horiek bidaltzen dizkigutenek inoiz ez digute esaten larregiko dirua kobratzen digutela disko batengatik edo film batengatik, baina horrela da. Teknologia berriek argi erakutsi dute gaur egun film bat DVD batean kopiatzea edo abesti batzuk CD batean kopiatzea oso merkea dela, eta, beraz, ez dagoela zertan kobratu kobratzen dizkiguten kopuru handiak. Denok dakigu disko eta film horiekin sekulako margenak dituztela, larregizkoak. Horregatik, jende askok, milioika pertsonak, uste dugu hori lapurreta bat dela, legeak babestutako lapurreta bat.

2. Berdin ordaindu behar dugu, kopiak egin edo ez egin
Behin erruduntasun kulpa sartu digutenean, esaten digute: “seguru asko, erabiliko duzunez aparailu hauek legez kanpoko kopiak egiteko, guk, badaezpada, zerga bat kobratuko dizugu bekatua egin aurretik”. Hori da logika. Bush presidente amerikarrak erabili zuen logika berbera Irak inbaditzeko. Hori aberrazio hutsa da. Zenbait kasutan, zoritxarreko kanon horrek garestituko du produktua %20, baina beste zenbait kasutan baita %40 ere.

3. Hala ere, ez digute kopiarik egiten utziko
Baina hor ez da bukatzen kanon digitalaren logika makurra. Izan ere, zerga bat kobratu ondoren susmagarriak izateagatik, gero ez digute kopiarik egiten utziko, segituko dutelako diskoak eta DVDak saltzen kopien kontrako babesarekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Posta kontuak, bateratuta

Gabonak hasi aurretik, bateratu egin nituen posta elektronikoan dauzkadan kontuak Gmail zerbitzuan. Orain, etxean nagoenean ez daukat zertan joan fakultateko webgunera nire laneko posta begiratzera, eta lanean nagoelarik, ez noa Euskaltelera, kontsultatzeko zer iritsi zaidan etxeko postara. Gmail ireki, eta hor daukat posta guztia, lanekoa eta etxekoa. Bikain.

Bi webgune topatu ditut, gainera, Gmail power users eta How to become a Gmail Jedi Master, eta hor irakasten dute zelan atera etekinik handiena Gmail zerbitzuari. Beraz, hor ari naiz ikasten, Gmail hobeto erabiltzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Hasiera ona

Ondo hasi naiz urte berria. Oñatitik bueltan, goizeko 01:15ak izango ziren, ordenagailura igo eta sarrera labur bat idatzi dut Wikipedian Will Richardson pedagogo estatubatuarrari buruz.

Goizeko 11:00etan, berriz, ondo-ondo jantzi, eta arineketan egitera joan gara Bego eta biok. Sekulako hotza egiten zuen, baina primeran egin dugu joan-etorria. 37 minutu izan dira, gogoangarriak.

Orain Esteñibarrera goaz, Fatima arrebaren baserrira, Urteberriko bazkaria egitera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Urteberri on!

2007 urteari ordu batzuk baino ez zaizkio geratzen. Laster Oñatira egingo dugu, hantxe ospatuko dugu-eta gaurko gaua. Zuek ere, ahal duzuen eta itxurosoen igaro. Besarkada bat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

8. probintzia, 16. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 16. saioa. Abenduaren 30ean egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Hamaseigarren saioan honako gai hauek jorratu ditugu:

  • Zelan egin blog bat gutxika-gutxika.
  • Zertaz hitz egin den 2007an euskal blogosferan.
  • Bi blog aipagarri: Filoblogia eta De Rerum Natura.

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Vancouverko haur haiek

1983an bi haur zaindu nituen Vancouver hirian, Kanadan: Clif eta Dave. Azken aldiz orain hiru bat urte ikusi nituen, Euskal Herrira etorri zirenean, hemendik Santiago Bidea hasi nahi zuten-eta.

Orain jakin dut Clifek film bat egin duela Guatemalan, kooperatiba bateko kafea sustatzeko, bidezko merkataritza tarteko. Davek, berriz, antropologia ikasketak amaitu eta buru-belarri sartu omen da musika talde batean, Japandroids, zeinak kritika nahiko onak jaso baititu Vancouverren bertan. Sormen handiko mutilak dira orain, beren gurasoak bezala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina