Espainia, Espainia!

Norbait geratzen bada ez dakienik zer den “patriotismo constitucional”
dontsua, ikustea besterik ez du datorren igandean Eurokopako finala
Cuatro telebista katean. Nik atzo ikusi nituen bai partida aurretikoen
zati batzuk eta baita partida bera, eta ez dut zalantzarik:
nazionalismo atzerakoi, zakarra eta mugagabearen adibiderik
negargarrienak izan ziren.



Cuatro

Cuatro aprobetxatzen ari da Eurokopa katearen audientziari aupada bat
emateko. Kateak, gainera, oso azti erabili du Espainiako taldearen
kolore bat, gorria, horren inguruan kanpaina oso bat antolatzeko,
Espainiarena ez ezik, katearen kolore korporatiboa ere horixe delako,
gorria.



Cuatro parafernalia oso bat antolatu du partida bakoitza berotzeko,
batez ere zuzeneko emanaldiak Madrilgo kale batean, musika eta guzti,
eta hor denetarik egiten dute, baita vudu ere, partida aurretik
“indargabetzeko” aurkaririk arriskutsuenak. Atzo, esate baterako,
orratzak sartu zizkioten Arshavin izeneko panpin bati buruan eta
hanketan, denen barreen artean (hantxe zen, bide batez, Mariano Rajoy
ere, gonbidatuta, barre leloarekin, zeini ez baitzitzaion iruditu
ikuskizun hura baztergarria zenik beste herriekiko, nahiz eta panpin
hark Errusiako bandera eraman buruan).



Sortu zenean, kalitateko telebista moduan eskaini ziguten Cuatro, baina
beste inork baino muturrerago bultzatzen ari da nazionalismo
irrazionala. Espainiako selekzioaren partidak bertan ikustea sufrikario
hutsa da, batez ere entzuten denagatik: esatariek hitz egiten dute
irratia egiten ariko balira moduan, askotan gutxiesten dute aurkaria,
bat ere arrazoi barik, eta goraipatzen dute neurri barik talde
hori-gorria. Txarrena da jarrera horiek pegatu egiten direla, eta,
beldur naiz, halako batean gu ere ez ote garen hasiko horrelako
astakeriak egiten Euskadiko selekzioaren alde.



Letiziaren amarrua

Eurokopa jokatzen den estadio gehienetan pantaila erraldoi bat edo bi
egoten dira, eta kamera horietan partida bera ematen dute. Hori
dela-eta, publikoa bera agertzen denean pantailan, jendeak denbora
izaten du maiz bere burua ikusteko lauki handian, eta zenbaitek hori
aprobetxatzen du kamerari agur egiteko.


Atzo, berriz, ikusi genuen horren aldagai interesatu bat. Une batean,
Asturiasko printze-printzesak agertu ziren pantailan. Letizia ohartu
zenean pantailan zeudela (esfinge baten moduan zegoen jarrita, zurrun
eta serio), oratu egin zuen bere senarra besotik, eta hari pega-pega
geratu zen, maiteminduen gisan. Kazetari eta aurkezle ohiaren
esperientzia eta erreflejoak, printzesaren zerbitzuan. Cuatroko
kazetariek horrela saldu nahi izan ziguten, justu Letiziak berak nahi
izan zuen bezala, “begira zein maiteminduta dauden!”, baina gu ez ginen
erori amarruan.



Espainiako selekzioa

Atzo Espainiak jokatu zuen azken urte hauetan lehiaketa ofizial batean
seguruenik jokatu duen partidarik onena, batez ere bigarren zatian.
Txapelketa honetan hiru taldek liluratu naute denen gainetik: Portugal
(Txekiaren kontra), Herbehereak (Frantziaren aurka) eta Errusia
(Herbehereen kontra), denak kanporatuak orain. Atzo, berriz, Espainiak
jokatu zuen sekula ez bezala. Bejondeiola. Igandekoa baina, zaila da
aurreratzea, partida bakoitza oso bestelakoa izaten baita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 5 iruzkin

7.500 blog inguru daude euskaraz

Gaur egun 7.523 blog inguru daude euskaraz, orain urtebete baino 2.059
gehiago. Orduan
esan genuen bezala,
blog horiek guztiak ez daude bizirik. Euskarazko
blog horiei aplikatzen badiegu David Sifryk Technorattin erabiltzen
zuen neurria, blog horien %55 bakarrik leudeke bizirik, alegia, azken
hiru hilabeteotan behin gutxienez zerbait argitaratu dutenak. Kasu
horretan, esan beharko genuke 4.137 blog inguru daudela bizirik.

Kopuru
horietara iristeko, arakatu ditugu hiru esparru: blog komunitateak,
blog plataformak eta hortik zehar dauden blogak, beste plataformetan
barreiatuta, hala nola, Blogger, WordPress, TypePad eta La Coctelera,
besteak beste.

Blog komunitateak
Gogoan izan blog komunitate bat dela blogari talde bat, biltzen dena erakunde baten aterpean, komunitate bat
sortzeko. Kasu horietan, blogariek errespetatu behar izaten dituzte
komunitatearen arauak. Faroa, adibidez, Goiena.net blog komunitatean dago. Blog komunitate hauetan 746 blog aurkitu ditugu.

Blog komunitateak
Blog kopurua
Eibar.org
32
Goiena.net
146
Uztarria.com
29
Berria.info
10
Baleike
10
EHU
220
Deustuko Unib.
50
Mondragon Unib.
6
Jakintza Ikastola
150
Larrabetzu
13
Atxukale
4
Gaur8
5
Eskohitza
17
Dobera blogak
20
eitb24
19
Guebs
15
GUZTIRA
746


Blog plataformak
Aintzat hartu blog plataforma dela aplikazio bat, eta horren bidez edonork sor dezake blog bat, hiru pauso
emanda: ireki kontu bat, eman zure datuak eta aukeratu eredu bat. Blog plataforma horietan aurkitu ditut 6.377 blog euskaraz.

Blog plataformak
Blog kopurua
Blogari.net
1.752
Blogak.com
2.609
Mundua.com
500
Nireblog
1.496
Mahatsorriak
20
GUZTIRA
6.377


Gainerakoak
Kopuru horiei beste 400 gehitu dizkiet, hortik zehar, beste
plataformetan dabiltzan euskal blogariak kontuan hartzeko. Horrela
iritsi gara hasieran emandako datura: 7.523 blog. Hala ere, kontuan
izan kopuru horri beroarenak kendu behar zaizkiola, Sifryk
proposatutako bidetik, eta orduan geratuko garela 4.137 bat blogekin,
zelan edo halan euskaraz ari direnak.

Datuak biltzen lagundu diguzuen guztiei, mila esker.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 9 iruzkin

Gizakom bloga piztu dugu berriro

2005eko apirilean sortu zuen Mondragon Unibertsiatearen Huhezi
fakultateak Gizakom izeneko bloga, helburu batekin: informazioa
zabaltzea fakultate
honetako Giza Zientzien inguruan. Bi urtez, txintxo elikatu genuen
bloga, harik eta Huhezik webgune berria plazaratu zuen arte. Harrezkero, lo
egon da.



Hemendik aurrera, berriz, Web 2.0 irakaskuntzan, gai hori landuko dugu
Gizakom blogean: gure ikasleekin izandako esperientziak, beste toki
batzuetan jasotakoak, irakurgai interesgarriak… Kontua da gure
irakasleek izan dezatela beste erreferentzia bat, eta bertan aurki
dezatela informazioa eta ideiak zelan mamitu teknologia berri hauek
irakaskuntzan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

8. probintzia, 39. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 39. saioa. 2008ko ekainaren 22an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

boomp3.com

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Procrastination

“Ez geroko gerotan geratu”,
zioen Axular handiak behin eta berriro Gero famatuan. Gaur egun,
berriz, bada gauzak atzeratzeari alde onik aurkitzen dionik.
Anglofonoek procrastination deitzen diote horri, gauzak atzeratu edo
geroratzeari. Gaztelaniaz ere procrastinar agertzen da hizkuntza
akademiaren hiztegian. Bada, begira zelako esaldi polita idatzi duen
John Maeda blogariak procrastination hori dela-eta:

  • (Gauzak)
    geroratzea funtsezko faktorea da sorkuntza prozesuan. Geroratzearen
    kostua areagotzen denean, areagotu egiten da orobat pentsamendu erabat
    berriak agertzeko aukera. (Necessary procrastination)

Egia
da azken orduko ukitu horiek, aurkezpen edo hitzaldi batean egiten
ditugunak, aberatsak izaten direla oso, beharbada adrenalinaren
laguntza izaten dutelako. Beraz, bada bizitzarik Axular baino harago.

Oharra: testuan agertzen diren procrastination guztiak zuzendu egin ditut, hasierako testuak bigarren r barik idatzi nituen-eta. Eskerrik asko TZT lagunari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 5 iruzkin

Nire burua etiketatan

Nire etiketak
Hartu ditut del.icio.us zerbitzuan ditudan etiketak, eta sartu egin ditut Wordle aplikazio aurkitu berrian. Honek aukera ematen du etiketak nahi erara antolatzeko, baita hitzen koloreak eta letratipoak ere. Apur bat jolastu ondoren, goikoa irten zait.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Aldatu egin da gure irakurtzeko modua?

Will Richardson pedagogoari irakurrita, jakin dut Nicholas Carr idazleak artikulu bat idatzi duela The Atlantic aldizkarian, Is Google Making Us Stupid? (Googlek lerdoak egiten gaitu?), eta artikulu horretan hausnarketa egiten duela, besteak beste, zelan aldatu den egilearen beraren irakurtzeko modua. Hona hemen hausnarketaren zati bat, modu librean euskaratuta:

  • Azken urteotan irudipen desatsegina izan dut baten bat katxarreatzen ibili dela nire garunetan, zirkuitu neuronalak berrantolatzen, oroimena birprogramatzen. Nire adimenak ez du hutsik egin —hori uste dut, behintzat—, baina aldatzen ari da. Dagoeneko ez dut pentsatzen lehen egiten nuen eran. Eta hori igartzen dut batez ere irakurtzerakoan. Lehen erraza egiten zitzaidan murgiltzea liburu batean edo artikulu luze batean. Narrazioak edo argudioen gorabeherek harrapatu egingo zuten nire arreta, halako moldez non ordu luzeak igaro nitzakeen prosaren ibilbide luzeetan barrena. Gaur egun, ostera, ez zait horrelakorik gertatzen. Orain, bizpahiru orrialde irakurrita, hasten naiz arreta galtzen. Urduri jartzen naiz, galdu egiten dut haria, eta hasten naiz beste zerbaiten bila. Sentitzen dut borrokan nabilela arreta testura itzultzeko. Lehen era naturalean egiten nuen irakurketa sakona, borroka latza bihurtu da.

Egia esan behar baldin badut, pantailaren aurrean nabilenean, niri ere horrelako zerbait gertatzen zait. Hala ere, oraindik ez dut galdu gustua liburuak patxadaz irakurtzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

8. probintzia, 38. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 38. saioa.
2008ko ekainaren 15an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

  • Ikasgela eta
    teknologia berriak eta elkarrizketa Maite Goñiri.
  • Zertaz hitz
    egin den euskal blogosferan.

boomp3.com

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Eskaria Euskadiko Kutxari

Zenbat aldiz izan ditugun arazoak CajaLaboralNet erabilita, baina sekula ez dugu ezer egin horren gainean. Gari Araolaza blogariaren pilota partidaren berri izan ondoren, berriz, ni ere animatu naiz gutun bat bidaltzera gure bankura, kontuan har gaitzaten Firefox erabiltzaileok. Hauxe:

Euskadiko Kutxako lagunak,

Lerro hauen bidez jakinarazi nahi dizuet CajaLaboralNet ez dela ondo ikusten Firefox nabigatzailearekin, nik erabiltzen dudan nabigatzailearekin. Eta eskatu nahi nizueke, mesedez, egokitzeko zuen webgunea Firefoxekin ere normal lan egiteko.

Izan ere, inguru honetan Firefox erabiltzaileak %20 inguru gara, hamarretik bi, eta horietako asko, kooperatibistak, ni bezala.

Proposamen hau aztertu eta irtenbide bat emango diozuelakoan, eskerrik asko zuen arretagatik.

Joxe Aranzabal

Postdata: Firefox erabiltzaileek nahi baduzue horrelako gutun bat bidali Caja Laboralera, idatzi hona: Cajalaboral.Net(abildua)cajalaboral.es

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Gazteek ez dutela idazten?

Oso gustura hartu dut Consumer Eroski aldizkariaren paperezko bertsioa erabat euskaraz. Beti izan da aldizkari ona, eduki interesgarriekin, baina orain balio handiagoa du niretzat, euskaraz iristen zait-eta. Esku artean dudan alean, honako hitz hauek esan ditu Ana María Vigara gazte hizkeraren ikertzaileak:

  • Internet zoragarria da. Komunikazioaren mundua irauli du, eremu guztietan, gainera, baita eremu pertsonalean ere. Gazteek, adibidez, sekula ez dute idatzi gaur adina; baina gaur, ez dute idazten lehengo tokietan, ez lehen bezala, eta ez lehengo euskarrietan ere. Hain zuzen, horitxe bereizten ikasi behar dugu: mezu elektroniko formal bat idaztea ez dela lagun bati idaztea bezala, mezu elektroniko bat idaztea ez dela Messengerrez aritzea bezala, mezu elektroniko bat idaztea ez dela azterketa bat egitea bezala, eta idaztea ez dela hitz egitea. Lortzen badugu hori garbi eduki dezaten, nola ez dira horretara egokituko; gizakiok gaitasun harrigarria dugu zernahitara egokitzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina