Siesta

Astelehenean Loiun izan nintzen, aireportuan, bi ikasle jaso behar
nituen-eta Herberehetakoak, gurera baitatoz Erasmus egitasmoaren
barruan. Neska eta mutila dira, jatorrak oso, eta jakin-min handikoak
Euskal Herriaren gainean. Paraje menditsuak eman zien atentzioa,
Euskalduna eta Guggenheim inguruen ederrak eta eguraldi onak.



Galdera asko zituzten niretzat: euskara, borroka armatua…, baina
harrigarriena bukaeran egin zidaten, Arrasatera iristen ari ginela:
egia da hemen mundu guztiak siesta egiten duela? Hori zekarten buruan,
nonbaiten irakurrita seguruenik. Espero dezagun lau hilabete hemen
eginda, beste irudi bat eramango dutela euskaldunoi buruz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Bukatu da, akabo

Bukatu dira, bai, oporrak. Ondo ibili gara, lasai, apur bat bidaiatuz eta asko irakurriz. Abuztuaren erdi aldean, ostera, hazizurriak izan ditut, paperak. Eskuin masaila handitu zitzaidan apur bat, belarri aurrea, seguruenik nire tratamenduak eraginda. Hala ere, nahiko oharkabean pasatu ditut, ondorio txarrik barik. Laster ahaztuko ditugu kontu horiek, lanean hasi bezain laster. Gaurtik aurrera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Antonio Caballero

Atzo Galdakaon izan nintzen, ospitalean, kontrol eguna nuen-eta. Itxaroten nengoela, aspaldiko ezagun bat agertu zen itxaron gelan, Antonio Caballero, 87 urteko gizon bat, orain bost urte eta erdi gurekin egoten zena kimio saioak hartzen, bera leuzemiak eta ni linfomak jota geundela.

Argalduta aurkitu nuen Antonio, baina itxura onarekin. Beti bezain berritsu eta baikor, nahiz eta azken aldi honetan ospitaleratuta egon den, arazo fisikoekin.  Granadan jaio zen, eta gogor egin behar izan du lan bere familia aurrera ateratzeko. Erretiroa hartu zuenetik, berriz, eta orain gutxira arte, txinpartak atera dizkio ortuari Galdakaon bertan, han bizi da-eta aspaldi honetan.

Benetan poztu nintzen Antonio berriro ikusteaz, niretzat eredugarria izan baita erakutsi duen ausardia gaixotasunari aurre egiteko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Urrezko domina Berriari

Apur bat berandu nabil, baina Berria egunkaria zoriondu nahi dut Olinpiar Jokoek iraun duten sasoian atera duen gehigarriagatik, paperezko edizioan beti ere. Oso ondo egina iruditu zait, eta interes handiz irakurri dut.

Egunkaria bera baino hobea iruditu zait: diseinu garbia, tipografia ona, kolore egokiak, argazki zoragarriak eta kronika interesgarriak. Zorionak, beraz, gehigarria egin duten guztiei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Agur Bloglines, ongi etorri Reader

Bizpahiru urtez ibili naiz Bloglines informazio batzailea erabiltzen, baina orain pare bat hilabete kontu bat ireki nuen Google Reader batzailean, probatzeko. Eta behin probatuta, erabaki dut hemendik aurrera Google Reader erabiliko dudala, arrazoi nagusi batengatik: Google Reader-ekin denbora aurreratzen dut, informazioi iturriak bizkorrago bistaratzen ditut-eta, batez ere feedak modu laburtuan jasotzen ditudanean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 5 iruzkin

Ukiezinak

The world is flat liburuan, Thomas L. Friedman kazetariak ukiezinak aipatzen ditu, mundu lau batean lana bermatuta izango luketenak, horien lana ezingo bailitzateke automatizatu, aldatu edo eraman munduko beste toki batera, beste batek hobeto edo merkeago egin lezan. Eta ukiezinen artean “jende berezia” aipatzen du, hala nola Michael Jordan, Madonna, Elton John eta J.K. Rowling. Merkatu global bat dute euren lanetarako, eta soldata globalak jasotzen dituzte.

Berehala pentsatzen jarri naiz ea Euskal Herriak ote duen horrelako jende berezirik ukiezinen artean, eta izen hauek etorri zaizkit gogora: Iñaki Lopez de Arriortua, Bernardo Atxaga, Pedro Miguel Etxenike, Miguel Indurain, Rafael Moneo eta Koldo Saratxaga.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Bilatzaile optimizatzaileak

Teknologia berriak lanbide berriak ari dira sortzen etengabe. Adibidez, bilatzaile optimizatzaileak.

Horien lana da aztertzea etengabe bilatzaile handienek (Google, Yahoo! eta MSN, besteak beste) zer algoritmo darabiltzaten bilaketen emaitzak sortzeko, eta ondoren diseinatzea marketin eta web estrategiak, kokatzeko nor bere konpainia sailkapenen goi mailan. Bilatzaile optimizatzaileen lanak eskatzen du sintesi bat matematika eta marketinaren artean.

Zergatik izan daitezke garrantzitsuak bilatzaile optimizatzaileak? Eman dezagun liburuak erosi nahi dituzula. Beraz, Googlera zoaz, eta bertan idazten duzu “books”. Hor agertuko zaizkizu Barnes & Noble eta Amazon, besteak beste. Baina lehendabizi agertzen denak aukera gehiago izango ditu zure arreta jaso, eta bertan eros dezazun. Eta hori milaka aldiz errepikatzen bada, dirutza ederra izan daiteke enpresarentzat.

Hala ere, Shari Thurow adituak dioen moduan, hobetu nahi izanez gero webgune baten sailkapena bilaketen emaitzetan, modurik onena da eskaintzea eduki eta produktu baliagarriak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Lurra laua da

Begoña arrebaren etxean izan naiz hiru egun, eta han nengoela, liburu bat aurkitu nuen, La tierra es plana, justu egun batzuk lehenago nik erositako beste baten itzulpena: The world is flat.

Hasi nintzen irakurtzen, eta harrapatu egin ninduen, oso ondo idatzita baitago. Liburu horretan Thomas L. Friedman kazetariak —The New York Times egunkarian idazten du nazioarteko arazoez— azaltzen du teknologia berriek zelan zelaitu duten mundua, gaur egun gero eta jende gehiagok du-eta aukera lana edo informazioa partekatzeko munduko beste edozeinekin.

Beraz, lehen 150 orrialdeak gaztelaniaz irakurri nituen. Orain, ostera, ingelesez ari naiz, etxeko alea irakurtzen. Lehen aldia izango da, seguruenik, liburu bera bi hizkuntzatan irakurtzen dudala irakurraldi berean, kasu honetan zati bat gaztelaniaz eta bestea ingelesez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Emakumea bere bakardadean

Maribel Moreno txirrindulari espainiarrak positibo eman du Pekinen. Bakarrik geratu da, horrelakoetan gertatzen den bezala. Thriller askotan bezala, agente sekretu bat harrapatzen dutenean: prestatu eta bidali dutenek ez dute ezagutzen.

Kasu honetan ere, txirrindularia prestatu eta bidali zutenak berehala agertu dira kazetarien aurrean deitoratzeko kirolari espainiarraren jarrera. Estatua, federazioa, agintea lanean jarri dira, Espainiaren izen ona bermatzeko.

Bergauza egin dute Samuel Sanchez eta Contador txirrindulariek, nola bere garaian egin zuten Ullrich, Riis eta beste askok, aitortu aurretik eurak ere dopatu egin zirela. Etsigarria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Arandigoien

Arandigoien
Aste honetan hiru egun igaro ditugu Arandigoienen, Nafarroan. Villatuerta ondoan dago Arandigoien, Lizarratik lau bat kilometrora. Gauak Arandigoien ostatuan egin ditugu. Egunez, berriz, Villatuertako igerilekura edo Lizarrara joan gara, gure lagunekin batera. Egun politak izan dira, beroak eta lasaiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina