Lawrence Lessig irakasleak ederto azaltzen du Remix liburuan zelan gramofonoaren aurretik kultura RW erakoa zen, alegia, Read/Write, gaurko geek-en hizkuntza erabiltzeagatik. RW kulturan, jendea etengabe ari zen abestien bertsioak egiten, horretarako ahotsa eta musika instrumentuak erabilita. Gramofonoak, diskoak eta enparauek, berriz, RO kultura ekarri zuten, alegia Read/Only kultura, non jendeak kontsumitu egiten baitu kultura, modu pasiboan, berau sortu edo birsortu barik.
Gurean oso garbi ikusten dut bereizketa hori. Esteñibar baserrian, Elorrion, Irizartarrak eta Aranzabaldarrak elkartzen gara. Irizartarrak RW eran ulertzen dute musika, etengabe ari baitira euren gogoko abestien bertsioak egiten, ahotsak edo instrumentuak erabilita: gitarra, alboka, trikitixa, panderoa, txirula edo gaita. Aranzabaldarrok, ostera, gozatu egiten dugu musika, baina beste modu batean, berau entzunda. RO petoak gara.