Urte luzez erabat atzenduta izan ondoren, negu honetan ziklo-krosa berraurkitu dut, ez ohiko zirkuituetan, baizik eta Youtuben. Eta ikusi dudana izugarri gustatu zait.
Lasterketa batek ordubete inguru irauten du, baina emozioz betea izan liteke, Munduko Kopako karreretan behintzat. Indarra, estrategia, oztopo ikusgarriak, berauek gainditzeko trebetasuna, lastertasuna, istripuak, akatsak, joko mentala… Elementu horiek guztiek egiten dute ikusgarri ziklo-krosa.
Eta zorte apur batekin, txirrindulari handien arteko lehia. Neguan ikusi ditudan lasterketetan batez ere gozatu dut Mathieu Van der Poel eta Wout Van Aert handien arteko lehiaz, ahaztu barik Thomas Pidcock, Eli Iserbyt, eta Belgikako tropela.
Eta zer esan Munduko txapelketaz, Ostenden jokatu berri dena? Niri ikusgarria iruditu zait, bai emakumezkoen mailakoa, bereziki hori, eta baita gizonezkoen artekoa ere. Eta itsas bazterreko irudiak, zoragarriak, Chariots of Fire filmeko irudiak ekarri zidaten gogora. Oro har, berraurkitze ederra izan da.
Ikusgarria eta ederra, benetan.