Hondar ahoak eta euskalkiak

Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy, Hondar ahoak telesailean.

Orain astebete, Neskamearen ipuina egun batez alboratu, eta Hondar ahoak ikusten jarri ginen. Ezusteko atsegina izan zen, alde guztietatik. Hala ere, ikusitakoan Iñaki Beraetxe, Josean Bengoetxea eta Sara Cozar, besteak beste, bizkaieraz hitz egiten, komentatu genuen horrek ekarriko zuela soka Euskal Herrian.

Eta horrela izan da. Whatssap talde batean, ia denak oso pozik agertu ziren telesail berriarekin, azpimarratuta zelako berrikuntzak zekartzan. Batek, berriz, behin aitortuta zein gustura ikusi zuen, “baina” bat atera zion telesailari: euskalkiaren erabilera ez zela sinesgarria; bera bizkaitarra izanda, aktore haien euskarak txirriatu egiten zuela. Erantzun egin nion, eta hona ekarriko dut erantzuna, mezuaren jasotzailea aipatu barik:

“Lagun estimatua, Hondar ahoak telesailaren inguruan bat gatoz oso produktu ona dela, eta, kapitulu bakarra ikusita, nabarmendu egin dela gutxik bezala.

Euskalkiaren erabileran, ostera, ez nator bat zurekin. Out of Africa pelikulan, Meryl Streep aktore amerikarrak idazle daniar bat antzeztu zuen, Karen Blixen, eta daniarrek erabiltzen duten ingelesa mimetizatzen zuen. Zuk uste duzu mundu guztiko ikusleoi asko inporta zitzaigula Meryl Streepek zenbateraino mimetizatzen zuen ondo Jutlandiako bizilagunen ahoskera, hangoak baitziren Blixen andrearen leinukoak? Niri, eta niri bezala askori, nahikoa zitzaigun antzematea oinarrizkoa: Karen Blixen daniarra zen, eta ingeles hitz egiterakoan, bazuen azentu bat, daniar gehienek izaten dutenaren antzekoa. Eta iruditu zitzaigun horretan ere, Meryl Streep-ek lan bikaina egin zuela.

Euskarari dagokionez, berriz, tikis-mikis jartzen gara, eta ni lehena. Aitzitik, uste dut hobe dugula zine-zuzendariez edo gidoigileez hitz egiten dugunean, sukaldariez pentsatzea. Haiek erabiltzen dituzte hizkuntza-baliabideak, nola sukaldariek erabiltzen dituzten espezieak eta belarrak: ‘kolorea’ eta ‘zaporea’ emateko azken produktuari, film bat izan edo plater bat.

Alde horretatik, uste dut Koldo Almandozek-eta oso lan ona egin zutela. Ez zen erraza, zeren ondarrutarrez barra-barra eginez gero, gehienok ez genukeen ulertuko. Irtenbidea izan zen pare bat pertsonaia batuaz hitz egiten, beste pare bat ondarrutar neutro samarrez berbetan (hurbiltzeko ikusle gehienei) eta tanta bat “ondarrutar petoz”, marinel beltza, zeina mintzatu zen oso labur, eta, beraz, ez zen problematikoa izan komunikazioaren ikuspegitik.

Alegiya, eta barka biezat berorrek atrebentzia, nik oso gustura ikusi nuela filma bera, besteak beste, ondo harilkatuta zegoelako, enkuadre zoragarriekin, primerako interpretazioekin, eta itsasaldeko kolorea eta zaporea neurrian eskaintzen zituelako. Ondo segi!”

Kategoria: Telebista Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Hondar ahoak eta euskalkiak bidalketan

  1. Bat nator diozunarekin Joxe. Oso gustura ikusi nuen lehen kapitulua eta aktoreak bikain ikusi nituen. Bi azpimarratzearren, Iñaki Beraetxe bera, hark egin behar izan zuen ahalegin berezia kontuan izanik, gainera, euskalkira egokitzeko; eta Nagore Aranburu protagonista.

Utzi erantzuna Eneko Azkarate Laspiur(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude