Asteburu hau Soria aldean igaro dugu, Tierras Altas lurraldean, ikusi nahi genuen-eta Santa Cruz de Yanguas herritxoan abuztuaren 25era bitartean irekita dagoen erakusketa, erromatar garaiko 12 hilarriz osatua, nahiz eta bertan 44 hilarriren argazkiak eta transkripzioak erakusten diren, denak inguru haietan aurkituak, haietako zenbaitetan euskarazko izenak agertu baitira.
Larunbat eguerdian iritsi ginen Santa Cruz de Yanguasera, eta zorte handia izan genuen, erakusketa-aretora sartu eta bertan aurkitu baikenuen Eduardo Alfaro Peña arkeologoa, erakusketa eta berorren atzean dagoen ikerketa-lanaren egile nagusia. Hogei lagunen aurrean, orduantxe hasi zen azaltzen erakusketaren nondik-norakoak.
Atentzioa eman zidan Alfarok transmititzen zuen pasioa gaiaren inguruan, eta zelako naturaltasunez hitz egiten zuen hilarri haietako zenbaitetan aurkitu diren euskal jatorriko izenen inguruan, horien artean Sesenco dela argiena, gaur egungo zezenko hitzaren parekidea.
Alfaroren ustetan,orain azaleratu diren euskara arkaikoaren aztarnak lotuta egon litezke orain bi mila urte, udako bazkaleku oparoen bila Errioxa aldetik Tierras Altas inguruetara joaten ziren ganaduzaleekin. Haietako batzuk bertakotu egingo ziren, eta hildakoan, beraien jatorriaren seinaleak agertu ziren familiartekoek egindako hilarrietan, latinezko mezu eta izenekin batera.
Alfarok kontuaren ikuspegi arkeologikoa erakutsi zuen, azpimarratuta zientziaren beste adar batzuen laguntza beharko dela hilarri horiek adierazten duten mundua argitzeko, tartean hizkuntzalaritza. Adierazi zuenez, EHUko zenbait espezialista ari dira euskal konexioa aztertzen.
Erakusketaren antolatzaileek esan zigutenez, Euskal Herritik jende dezente ari da hurbiltzen erakusketa ikustera, eta horretan zerikusi handia izango du, seguruenik, Juan Martin Elexpuruk egin duen zabalkunde lanak.
Asteburua biribiltzeko, Tierras Altas lurraldean ibili gara, batez ere Yanguas eta San Pedro Manrique herrietan, eta baita Arnedillon ere, Errioxako ondoko bazterrean. Asteburu betea izan da.
Oharra: Blanca Urgellek honako ohar guztiz pertinentea egin dit Twitterren, eta uste dut merezi duela hona ekartzea:
“Idazkun garrantzizkoak dira Akitaniako idazkunetako hizkuntzarekiko kidetasun eta ezberdintasunengatik. ‘Euskara’ baino, hobe genuke ‘akitaniera’ deitzea, edo agian ‘baskoiera’ hobeto, hots baskoien hizkuntza. Geroko euskara bera ez dela adierazteko, alegia, euskara ere denborarekin (asko) aldatu dela. Bestela, gaztelania edo frantsesari “latina” deituko bagenie bezalaxe da”.