Aitor Sarasua eta Arrasate Telebista

(Argazkia: Arrasate Press, 51. zenb., 1990eko otsailaren 16a)

Larunbat eguerdian Aretxabaletan izan nintzen, Aitor Sarasua zenaren jaioterriko lagunek antolatutako omenaldian parte hartzen, hilabete-edo lehenago deitu baitzidaten ea nire testigantza emango nuen, labur, Aitorrek Arrasate Telebistan izan zuen rolaz.

Pozik joan nintzen, eta are poziago etxeratu, ikusita zelako arrastoa utzi zuen Aitorrek bai Aretxabaletan eta baita Itsasun ere. Ekitaldiak une hunkigarri asko izan zituen, barre egitekoak eta negar egitekoak, baina lagundu zidan Aitorrez nuen irudia zabaltzen eta osatzen.

Zirriborro bat eraman nuen prestatuta, baina ikusita zelan zihoan ekitaldia, erabaki nuen zirriborroaren lehen partea ez aipatzea, laburtze aldera. Hemen, berriz, idatziz prestatutakoa jarriko dut:

“Kontatu behar dudan hau, Aitor Sarasuarekin lotutakoa, 1990ean hasten da. Horregatik, testuingurua azalduko dizuet, denok koka gaitezen noizko kontuez ari garen.

1990

  • Euskaldunon Egunkaria sortu zen.
  • Negu Gorriak musika-taldea plazaratu zen.
  • Jon Enbeitak irabazi zuen Araba-Bizkaietako bertsolari txapelketa.
  • Golkoko gerra hasi zen, Bush aitak zuzendu zuena.
  • Nelson Mandela kartzelatik irten zen, bertan 27 urte igarota.
  • Alemania biek bat egin zuten.
  • NASAk Hubble espazio-teleskopioa bidali zuen espaziora.
  • Greg Lemondek irabazi zuen Frantziako Tourra.
  • Miren Amuriza bertsolaria, Asier Illarramendi futbolaria, Alaine Agirre idazlea eta Nagua Alba politikaria jaio ziren.
  • Remigio Mendiburu eskultorea, Joseba Elosegi politikaria eta Leonard Bernstein musikaria hil ziren.
  • AEDk Arrasate Telebista sortu zuen.

Urtebete pasatxo Arrasate Press sortu ondoren, AED elkartea herri telebista bat sortzekotan zebilen, Arrasate Telebista, eta 1990ean prestakuntza lanak nahiko aurreratuta zebiltzan.

  • Antena bat jarri zen Murugainen, eta, hari esker, Arrasate ia osoan eta Aretxabaletako zati batean ikusiko zen telebista berria.
  • Arrasateko Udalak lanak hasi zituen Ospitale zaharra izan zedin ATBren egoitza.
  • Hartutako lau teknikari gazteak IMIren bulegoan hasi ziren lanean, Arrasate pasealekuan.
  • Talde eragileak casting bat egin zuen Monterron kultura etxean, aukeratzeko nork aurkeztuko zituen albisteak. Azkenean, lau lagun aukeratu genituen: Koldo Rodriguez, Begoña Garai, Miren Bengoa eta Aitor Sarasua. Lehenengo hirurak, ikastola-irakasleak; laugarrena, berriz, artean ikaslea. Koldo izango zen aurkezle titularra, bigarren Begoña, eta Miren nahiz Aitor errekamaran geratuko ziren, premiazko egoeretarako.

Aitor Sarasuak orduan 22 urte zituen, eta Ingeniaritza ikasten ari zen Eskola Politeknikoan: egun erdiz ikasten, eta egun erdiz lanean, Aretxabaletako enpresa batean. Hala ere, oso prestu agertu zen hautaprobarako, beti laguntzeko prest.

Guztira hiruzpalau albistegi aurkeztuko zituen Aitorrek, beti azken orduan abisatuta, hari deitzeak esan nahi baitzuen besteek kale egin zutela. Oso lanpetuta ibiltzen zen, baina deitu genionetan, beti esan zigun baietz. Eta halakoetan, ATBn genbiltzan guztiok, lasai geratzen ginen, bagenekien-eta Aitorrek oso ondo aurkeztuko zuela, horretarako dohain berezia zuelako.

(Argazkia: Arrasate Press, 99. zenb., 1991ko martxoaren 15ean)

Horregatik, beti egon naiz oso eskertuta Aitor Sarasuarekin, beti izan genuelako laguntzeko prest. Bera hil zenean, Euskal Herritik kanpo nengoen, eta Twitterren jakin nuenean hil egin zela, sekulako atsekabea hartu nuen. Etxera itzuli bezain laster, arakatzen hasi nintzen Arrasate Press zaharretan, banekielako pare bat aldiz-edo atera genuela Aitorren berri. Baita aurkitu ere. Nire omenaldi txikia izan zen bi argazki horiek Twiterren ateratzea, euskaltzaleek jakin zezaten Aitorrek zenbat lagundu zigun Arrasate Telebistaren lehen urte haietan.

Eta gaur ere, horregatik etorri naiz hona. Zor niolako”.

Bukatzeko, argazki bat edo gehiago eskatu nion familiari taula gainetik, osatzeko Aitorren gaineko sarrera Wikipedian.

Goienak informazio gehiago eskaintzen du, bai eguerdiko ekitaldiaz, eta baita arratsaldean kiroldegian egindakoaz.

Kategoria: Oroimenak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude