Eguzkitan irakurritakoak

Ni ere harrituta etxeratu naiz, ikusita Benidormen egindako bederatzi egunetan lau liburu irakurri ditudala. Etxean ezin aldendu ordenagailutik, eta oporretan, aldiz, hurbildu ere ez ordenagailura. Irakurraldi luze horietan badute zerikusia autobusean egiten ditugun orduek: 10 joateko, eta beste horrenbeste bueltatzeko.

Jarraian, iritzi laburra emango dut liburu bakoitzaren inguruan. Aurreratuko dut, hori bai, laurak irakurri ditudala gustura:

  1. Utopía para realistas. Rutger Bregman kazetari holandarrarena. Oso ondo idatzita dago, eta erraz irakurtzen da. Izugarri gustatu zait, plazaratu dituen utopiak (oinarrizko errenta unibertsala, 15 orduko lan-astea, mugarik gabeko mundua eta meritokrazia, besteak beste) utopia horiek oso ondo arrazoituta daudelako, ez dira pajeo hutsa. Gainera, utopia horietako batek —mugarik gabeko mundua— sekulako erronka planteatzen digu euskaldunoi: zelan ziurtatu mugarik gabeko mundu batean, non produktuak ez ezik, pertsonak ere libre mugitzen diren batetik bestera, zelan ziurtatu, diot, euskaldunok eta euskarak iraungo dugula.
  2. Txistu eta biok. Juan Luis Zabala kazetari eta idazlearena. Oso gustura hasi nintzen irakurtzen, baina une batean, euskal kulturaren gainbehera eta protagonistaren harekiko desatxikimendua esplikatu beharraren esplikatu beharraz, iruditu zitzaidan egilea korapilatu egin zela, edo ni korapilatu ninduela. Hala ere, pozik nago Juan Luis Zabala itzuli delako sorkuntzaren esparrura.
  3. Potosí. Ander Izagirre kazetari eta idazlearena. Egileak 12 urteko neskatila bat aukeratu du, Alicia, berau Potosiko meategietan lan egiten duena, horren bidez esplikatzeko meategi horien eta, hedaduraz, Boliviaren historia, mendi horietan pilatu baita herrialde horren aberastasuna, pobreziarik gorriena eta biolentziarik gogorrena. Oso ondo idatzita dago. Irakurri, berriz, bihotza uzkurtuta irakurri nuen, halakoa baita hango desmasia. Erabat gomendagarria.
  4. Las pequeñas memorias. José Saramago idazlearena. Bere haurtzaro eta gaztaroko memoriak, prosa zoragarriarekin idatzita. Ander Izagirreren liburua irakurri ondoren, hau leitzea izan zen Bálsamo Bebé, nahiz eta liburu honek ere badituen pasarte gogorrak. Izango da Saramagok maitasunez begiratzen diola bere haurtzaroari.
Kategoria: Liburuak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude