Santa Susannako H(asier)

Hasier Etxeberria kazetari eta idazlearen heriotzak urruti harrapatu ninduen, Benidormen, hantxe igaro ditugu-eta bederatzi egun, eguzkitan. Albistea jakin nuenean erabaki nuen, txio bat salbu, ez nuela ezer idatziko etxera itzuli arte. Izan ere kanpoan nagoenean gero eta gehiago kostatzen baitzait ordenagailuaren aurrean jartzea, besteak beste ez dudalako horrelakorik aldean eramaten.

Buelta etxean, gogoratu nahi dut zelan 2002an, Sustatun idatzi nuenean minbizia diagnostikatu zidatela, Hasierrek idatzi zidan erantzun bat, izen arraro bat erabilita, Santa Susannako H., hilabete bat lehenago gure familiak Bartzelonako probintzian elkartu baitziren astebetez, Santa Susanna herriko hotel batean. Bazekien, beraz, nik eta neure familiak urlertuko genuela nork idatzia zen erantzuna, argi utzita, aldi berean, artean ez zuela nahi publiko egiterik han idatzi zuena. Hauek izan ziren Hasierren hitzak:

Lasai Joxe, bost urte ditxuk neuri ere eztarrian alien bat aurkitxu zidatela eta buruan hik orain aipatzen ditxuan mamuak erabili nituala. Nirea ez zuan linfomia, nirea kartzinomia zuan, beste izen beldurgarri horietako bat. Apellidua ere, gaitza: Versicolor. Bizpahiru ebakuntza eta gero, hemen nabik salto eta brinko, asmoa ere bai halaxe segitzeko. Egixa nahi badok, esango dixat egun hartatik aurrera bizitzak beste neurri bat daukala eta denboraren iragaiteak beste balio bat. Ez jakixat zelan esan, baina orain "biziago" nagok. Akaso ez da ondo egongo honakoa esatea, edo akaso zaila izango dok ulertzeko, baina gauza ederra dok gaitza ere, minik ez bada, bizitza azpimarratzeko balio baijok. Ikusiko dok zelan aldatzen diren gauzen eta parajeen koloreak ederraren aldera (hasi haiz, ez dok?), zaratak musikaren menera, gogoetak zelan agertzen diren sekula baino argiago, sekula baino gozoago. Astirik ez dok edukiko aspertzeko, astirik ez alferrekorako. Dana izango dok urre aurrerantzean, dana zoragarri eta dana gozagarri. Karramarroa maitatuko dok, barearen ibilia entzungo, txuntxumela urrutitik usainduko. Euria denean euri delako eta lehor denean lehor delako, beti izango dok eguraldi on. Ikusiko dok. Barkatuko didak agerian nire izena ezkutatzen bajuat. Heuretzat eta hireentzat, baina, agerian nagok: Santa Susannako H. nok. Ez harritu, beraz, eta alimo eta besarkada bat.

Harrezkero, hainbat aldiz elkartu ginen, eta, aldi bakoitzean, elkarri galdetzen genion zer moduz. Azken gaixoaldian ere, idatzi nion bere artikulua irakurri ondoren, eta baita berak prestu erantzun ere. Pozik nengoen ikusita sarri txiokatzen zuela, eta ZuZeu agerkarian ere bazebilela. Horregatik, jakinda ere edozein unetan gerta zitekeela, pena izugarria hartu nuen, jaso nuenean alabaren whatsapa esanez Hasier hil zela.

Gazte joan haiz, Hasier, baina ez esku hutsik. Hire lana geratzen zaiguk, eta hire oroimena. Bejondeiala.

Kategoria: Lagunak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Santa Susannako H(asier) bidalketan

  1. Pingback: Hasier Etxeberria hedabideetan (eguneratua) • ZUZEU

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude