Horrelako leku batean ikasi nahiko nuke

Captura de pantalla 2016-06-16 a las 22.39.10

Gaztea banintz, eta unibertsitate-ikasketak aukeratu beharko banitu, nahiko nuke Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi Mondragon Unibertsitatean, Aretxabaletako campusean zehazkiago, liluratuta nago-eta zein interesgarri bihurtu duten ikasketa-prozesua nire lankide ohiek.

Goienako bideo hau ikusteak sendotu du nire iritzia, aurretik lankide ohiei entzunda nekien arren ikasturte honetan aldaketa sakona egin dutela irakasteko moduan.

Bideoan ikusi ditut 2. mailako ikasleak buru-belarri lanean, taldetan, pozik eta emozio puntu batekin, atzo zen-eta estrenatzekoa eurek sortutako telesail baten lehen kapitulua. Neure artean: “Bigarren mailan daude eta dagoeneko egin dute programa oso bat telebistarako! Hori bai balentria!”.

Lan-sekuentziak

Hemen dago aldaketa handiaren gakoa: lan-sekuentziak. Amaia Pavon irakasleak Atabala blogean esplikatu duen moduan, “ikasturtea ez da ikasgaika edo materiaka antolatu, aldiz, ikasleak proiektu edo sekuentzia bakarrean jardun dira hiru, lau, bost edo sei astez, eta guztira, ikasturtea, hainbat lan sekuentziez osatuta egon da”.

Gero esplikatzen du berak eta Idoia Astigarragak koordinatu duten sekuentzia: Entretenimentuzko programa bat sortzea telebistarako. Sei aste behar izan dute ikasleek lan-sekuentzia hori osatzeko, eta emaitza da “Bota erronka” izeneko saioa, zortzi astez Goiena Telebistak emango duena, 2. mailako talde bakoitzak atal oso bat egin behar izan baitu.

Merezi du Amaia Pavonen artikulua arretaz irakurtzea, hortxe dago-eta iraultzaren gakoa, eta horrek esplikatzen baitu ikasleen inplikazioa eta erakutsitako maila. Amaiak horrela amaitzen du bere azalpena:

Duda barik, lan-martxa gogorra izan da ikasle zein irakasleontzat, denok ere nekatu samar amaitu baitugu sekuentzia. Eguneroko lan-dinamikak ere badu nondik hobetu, datorren ikasturterako birplanteatu behar diren jarduerak egon badaudelako. Hala eta guztiz ere, egon diren emaitza bikainak kontuan hartuta, eta ikasleen gogobetetze maila ikusirik, arrakastatsua izan da lan-sekuentziaren lehenengo saiakera.

Izango dute, bai, zer hobetua datorren ikasturterako, baina, kanpotik ikusita, erabat erakargarriak egin zaizkit bai metodologia eta baita emaitza ere. Horregatik diot neuk horrelako leku batean ikasi nahiko nukeela. Zorionak nire lankide izandakoei eta ikasleei, lan ederra egin dutelako, ezinago interesgarria!

Kategoria: Hezkuntza Etiketak , , , , , , , , , , . Gorde lotura.

2 erantzun Horrelako leku batean ikasi nahiko nuke-ri

  1. egilea: Amaia Pavon Arrizabalaga

    Joxe, eskerrik asko egin duzun ekarpenagatik! Atabalan idatzitako artikulua idatzi nuen lan-sekuentziaren amaieraren hustuketa gisa eta berriz ere diot, sekulako esperientzia izan dela ikasle zein irakasleontzat. Taldea erabat inplikatu da proiektuan eta nola ez, haien motibazioa ezinbestekoa izan da horrelako emaitza bikainak jasotzeko. Zorionak, beraz, denoi!! Hobetzen jarraituko dugu datorren ikasturtean 🙂

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko zuei, Amaia, hain ausartak izateagatik eta zuen lanaren emaitzak partekatzeagatik. Horrela ikasita, ni neu oso gustura joango nintzateke zuengana ikastera. Besarkada bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude