Gaur burruka latza izan dut neure buruarekin #hitzokei bat sortzeko, alegia, hitz baten definizio bihurritu eta umoretsua. Bart gauean, Joan Mari Irigoien idazlearen azken liburua irakurtzen ari nintzela, Pistolak eta epistolak, bertan “Pederostia” hitza irakurri nion, eta berehala pentsatu nuen hitz hori #hitzokei egokia izan zitekeela gaur goizean lantzeko, gogoan bainuen Granada inguruan oraintsu lehertu den azken pederastia kasua eta Euskal Herrian oraindik ere gai horren inguruan dagoen isiltasuna. Pederostia hitzari hainbat bertute ikusten nizkion: harridura sortzen du, eliza iradokitzen du eta, aldi berean, amorrua adierazi.
Lehenbiziko lana izan da hiztegietan begiratzea, ikusteko zelan definitzen duten pederastia hitza. Hirutara jo dut: Euskal Hiztegia, Ibon Sarasolarena; RAE, Espainiako Hizkuntza Akademiarena; eta ingelesezko Wikipediara. Hitza horrela dator definituta:
- Pederastia: Gizonen eta gaztetxoen arteko sexu harremana. (Euskal Hiztegia)
- Pederastia: Abuso sexual cometido con niños. (RAE)
- Child sexual abuse: or child molestation is a form of child abuse in which an adult or older adolescent uses a child for sexual stimulation. (Wikipedia)
Euskarazko definizioa ez zait egokia iruditu, bertan ez baita agertzen abusu edo gehiegikeria zantzurik, berau irakurrita ematen baitu gizonen eta gaztetxoen arteko sexu harreman hori librea dela, inolako indarkeriarik gabe. Gaztelaniazkoa ondo egonda ere, egokiena Wikipediarena iruditu zait, azaldu egiten du-eta zertan den sexu abusua. Hortaz, erabaki dut hirugarren definizio horren gainean eraikitzea #hitzokei bat, beti ere kontuan izanda Twitterrek jartzen duen muga, hitz kopuruari dagokionez.
Lehen ahalegina
Goizeko 10:00ak aldean, argitaratu egin dut Twitterren lehentxoago idatzitako definizioa:
- PEDEROSTIA. Abade katoliko zenbaiten artean zabaldutako sexu gehiegikeria, zeinaren bidez helduak erabiltzen baitu haurra berotzeko #hitzokei
Bigarren ahalegina
Lehen ahalegin horrek ez nau bete, eta behin eta berriro irakurri dut. Bi arazo ikusi dizkiot. Batetik, sexu gehiegikeria oso atzean geratu zait, eta horrek zaildu egiten du definizioa bat-batean ulertzea. Bestetik, definizioaren bigarren zatia nahasia ikusi dut, ez baitu ondo azaltzen zertan den sexu abusua. Hori dela-eta, erabaki dut aurreko definizioa ezabatu eta beste bat idaztea, hauxe:
- PEDEROSTIA: Sexu abusua, abade katoliko zenbaiten artean zabaldua. Horren bidez, helduak haurra erabiltzen du bera berotzeko #hitzokei
#hitzokei ekimena
Markos Gimeno blogariak sortu zuen #hitzokei ekimena 2009an, bertan euskal komunitateak hitz berriak sor zitzan, Twitter erabilita. Dagoeneko 4.455 definizio sortu dira #hitzokei traola erabilita, 343 lagunek idatziak.
Ez bakarrik hitzokei.tximinia.net biltegian, Tribual jokoan ere agertuko da zure #hitzokei hori, Joxe. Baina bigarren saioa, ez lehenbizikoa, ze bai Tximinia.net-eko makinak (Julen Ruiz programatzaileak egina), zein Tribual-eko sistemak eskatzen dute sintaxi zehatz bat, era honetakoa:
ZERAKO ZERA: definizioa #hitzokei
Bi puntuak ezinbestekoa dira terminoa eta definizioa bereizteko. Zure lehen saiakeran, behintzat hemen jarri duzun bezala, puntu arrunt bakarra jarri duzu bereizle.
Eskerrik asko, Luistxo, ez nekien-eta bi puntuko baldintza hori. Kasu honetan ondo irten da, bigarrena ondo joan delako, baina aurrerantzean kontuan izango dut hori.