Atzo Espainiako hedabide handiek iragarri ziguten Espainiako gobernuak norabide aldaketa egin duela zelan kudeatu Madrilen sorturiko ebola krisia. Aurrerantzean, Ana Matok barik, Soraya Saenz de Santamaria gobernuko presidenteordeak koordinatuko ditu krisia eta krisi-batzordea, atzo bertan eratutakoa helburu horrekin.
Ondorioak hasi dira igartzen gaurko egunkarietan. Saenz de Santamariak agintearen hariak mugitu, eta lortu du —egun batetik bestera, eta ebola krisiak txarrera egin badu ere, zeren gaur 16 lagun baitaude ospitaleratuta Madrilen, atzo baino pare bat gehiago—, presidenteordeak lortu du ebola ez izatea egunkari handienen foko nagusia, ez behintzat krisiaren alde negatiboak agerian jartzeko.
Gaurko egunkari handiek bi berritasun dakartzate: batetik, berandu bada ere, Espainiako gobernuak erreakzionatu egin du (albiste positiboa). Bestetik, egunkariek dioskue badirela beste gai batzuk ebola krisia bezain inportante edo inportanteagoak, adibidez, Caja Madril eta Bankiako zenbait zuzendarik zelan erabili zituzten txartel beltzak dirua barra-barra xahutzeko. Horretan El Correo da gaur adibiderik nabarmenena.
Hortaz, oraingoz ez dakigu Espainiako gobernuak zer egingo duen krisia bideratu eta konpontzeko, baina sumatzen dugu hariak mugitzen hasi dela bere diru laguntzen menpe bizi diren hedabideek aktualitatearen fokoa beste nonbaiten jar dezaten. Beldur naiz dena ez ote den izango operazio bat komunikazioa kontrolatzeko.