Larunbatean jakin nuen Errealak entrenatzaile berria duela, Jagoba Arrasate. Ez nuenez ezagutzen —eta nire jaioterriaren izena ere badaramanez—, arretaz entzun nuen haren prentsaurrekoa, hura apur bat hobeto ezagutze aldera. Dena normal zihoan, harik eta, kazetari baten galderari erantzunez, entrenatzaileari entzun nion arte bere burua justifikatzen, bizkaitarra izanda ere, aspalditik duela Errealaren karneta, eta ez dela, inola ere, susmagarria.
Lotsagarria iruditzen zait zenbait hedabidek noraino daramaten probintziakeria, ale gehiago saltzeko. Gure artean kirol globalizaturik baldin badago futbola da, eta hor bai jokalariak (Athleticen salbu) eta baita entrenatzaileak ere edonongoak izan daitezke. Eta inori ez zaio galdetzen ea bere jatorria oztopo izan daitekeen talde bat zuzentzeko, salbu eta bizkaitarrei Donostian eta gipuzkoarrei Bilbon. Hiriburu bietan oraingoz gehien saltzen diren egunkariek badute zerikusi handia jarrera horrekin.
Goitik behera bat nator zeugaz, Joxe. Harro esaten dabe batzuk nazionalistak ez direla, nazionalismoa sendatu beharreko gaixotasuntzat jota, baina bitartean probintzianismo hutsa praktikatzen dabe. Hau da, zerbait murritzagoa, estuagoa eta patetikoagoa.