Koldo Bigurik azpimarratu du artikulu interesgarri batean, Nola esaten da euskaraz…?, euskararen corpus lexikoaren normalizazioak aurrerapauso nabarmenak egin dituela azken urteotan, batez ere alor formaletan. Baina ez dela berdin gertatzen bizitzaren eguneroko kontuetan, adibidez, etxean. Eta hitz batzuk jartzen ditu adibide gisa, neurtzeko berauak zelan erabiltzen ditugun, euskaraz ala gaztelaniaz:
- Lanpasa: felpudoa.
- Izerditzeko jertsea: sudadera.
- Garbitzeko makina: labadora.
- Mikrouhin-labea: mikroondasa.
- txapinak: zapatillak.
- Plater-ikuzgailua: lababajillasa.
- Tapiza: alfonbra.
- Lanbasa: fregona.
- Tiraderak: kajoiak.
Egia esan behar badut, gurean horietako bat bakarra erabiltzen dugu euskaraz: mikrouhina (labea aipatu barik). Gainerako berbak esateko, gaztelaniaren maileguetara jotzen dugu: felpudoa, sudadera, kajoia… Eta bigarren aitorpena: artikulu horretan jakin nuen felpudoa lanpasa esaten dela euskaraz eta fregona, lanbasa. Ez bata eta ez bestea, sekula entzun barik nituen.
Gure kasuan zergatik erabiltzen ditugu gehiago maileguak euskarazko hitzak baino? Ez nuke jakingo ziur esaten. Batetik, akaso, ahozkoan joera handiagoa dugulako maileguak erabiltzeko. Bestetik, hitz horietako gehienak gaztelaniaz esaten ikasi genituelako. Eta, hirugarrenik, familia giroan ez dugulako agertu nahi pedante moduan, “plater-ikuzgailua”-eta erabilita.
Arrazoi duzu Joxe. Aipatzen dituzun hiru joera horiek dira, nire ustez ere, etxeko gauzak maileguzko hitzekin izendatzeko zergatiak.
Ni neu lanbasa hitza Lekeitioaldean entzunda nuen eta erabiltzen dugu. Baita ere garbigailua labadoraren ordez eta plater garbigailua hitzak.
Niri ere, garbigailu hitza askoz ere gertuagoa egiten zait ikuzgailu baino. Horrekin saia gaitezke.