Eta orain, zer?

Gogo handiz erosi nuen Ignazio Arregi jesuita eta kazetari euskaldunaren liburua, Eta orain, zer?, baina liburuan aurrera egin ahala, erabat gogogabetu nintzen, nire ustez benetakotasuna falta zaio-eta liburuari. Ignazio Arregi oso diplomatikoa da, eta liburu honetan mugatu da bere ibilbidearen ikuspegi aseptiko bat ematera. Ez du alperrik aipatzen Austriako filosofo bat, zeinak esan bide zuen “zabaldu behar ez den zerbait baldin badakizu, hobe duzu inori ez esatea” (109. or.)

Liburuan zehar esaten dituen gauza asko eta asko hutsalak iruditu zaizkit, orotariko kontuak. Une bakan batzuk salbu, faltan sentitu dut zintzotasun handiagoa abadearen eta kazetariaren barrenak erakusteko. Eta izan da bat ere gustatu ez zaidan konturik, adibidez, zelan azaltzen dituen eliza katolikoaren barruko pedofilia kasuak —“Ipar Amerikako zenbait apaizen pedofilia”, berak titulatu duen moduan— hemen azaldutakoa baino askoz ere larriagoa nire ustez, eta ez bakarrik AEBetan:

  • Beste iskanbila handi bat sortu zen 1990. urtean, Ameriketako Estatu Batuetan hain zuzen ere. Aspaldiko arazoa zen baina bat-batean zabaldu zen Ipar Ameriketan eta mundu osoan. Asko izan ziren neska-mutikoekin joko lizunak egin zituzten apaizak eta baita gotzainen bat ere tartean. Ordura arte ezkutuan zegoen ustelkeria hori, plazaratu egin zen eta berehala hasi ziren prozesuak, bortxakeria horien egile izandako zenbait apaiz eta gotzainen aurka. Berez, Estatu Batuetako gotzainen artean bazen kezka aspalditik, arazo honetaz, eta agindu batzuk erabakita zeuzkaten aurretik ere. Baina zenbait gotzainek ez zituzten agindu horiek betearazi, korapilo horiek apaizekin isilean konpontzea hobe zela uste zutelako beharbada. Zalantzarik gabe, une larri hau aprobetxatuz, Elizaren aurkako kanpaina egin zen. Baina orduko zenbait txostenetan ageri zen bezala, Elizatik kanpo ere pedofilia kasu asko zegoen. Orduan jakin zenez, familia barruan egiten dira pedofilia kasurik gehienak. Baina, familia barruan gertatutako horiek ez dira plazaratzen. Bestalde, kristau ez diren beste elizatan ere gertatu ziren honelakoak. Baina kalte handi haien truke diru bila zebiltzanek errazagoa zuten diru hori eliza katolikoan lortzea beste eliza edo erakundeetan baino. (103-104 orr.)
Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

3 Responses to Eta orain, zer?

  1. egilea: Aitor

    Ematen du zerbait potoloa esatera doala pedofiliari dagokionez eta azkenean betiko argudio petraletan erortzen da. Eliza bere burua autojustifikatzen, askoz gehiago ezin da espero Vaticanoko komunikazio buruetako bat  izan denarengatik.

    Elizak “martir” rola bere adn-an dauka. Azkenengo 1700 urtetan Kriston basakeriak egin edo/eta bermatu arren beti pentsatuko du, edozein egoeratan, bera dela biktima. Gizateriaren historioan paradoxa  handienetakoa ote?

  2. egilea: Goio Arana

    Bai zera, “Ipar Amerikako zenbait apaizen pedofilia”! Agerikoa da mundu osoan ematen den arazoa dela.

    Hemengo kontuak, oraindik, ez direlako azaleratzen hasi…

  3. egilea: Bea

    Ados diozutenarekin. Hala ere, nik pasarte batzuk oso gustura irakurri ditut: Loiola irratiko kontuak-eta… Orain: amorragarria benetan egin zaidana da akatsez jositako idazkera hori… Jolin!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude