Londres kartoizkoa da

Irakurri berri dut Unai Elorriaga idazlearen azken eleberria, Londres kartoizkoa da. Egia esan, nahasita samar utzi nau. Ondo hasi nintzen berau irakurtzen, hari nagusiari jarraika:

  • Arratsaldero igotzen da Phineas, bere lagunekin, hamazazpigarren teilatura, handik bakarrik ikusten baitira herriko bi sarrerak batera: errepidea eta tren-geltokia. Itxaroten daude, izan ere, uda honetan iritsi beharko lukeen norbaiten zain…

Halako batean baina, beste istorio bat agertzen da, zerikusirik ez duena hari nagusiarekin, nahiz eta berau ere erakargarria egiten den. Amaieran, ordea, ezusteko jauzi batez, hari biek bat egiten dute. Eta ni, txundituta: eta hau zertara dator?

Azken artifizioak lekuz kanpo utzi nau, bistan da. Ezin erabakirik nago egilearen jenialtasuna izan ote den ala laprastada. Zuetariko inork irakurri du?

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

6 erantzun Londres kartoizkoa da-ri

  1. egilea: Luistxo

    Eibartarrak zerrendan egon zen mezu-truke bat, baina ez dut haria ondo hartu, ze nik ez dut irakurri liburua.

  2. egilea: Julen

    Aurreko astean amaitu nuen liburua.

    Egia da nahasgarria suerta daitekeela haria, baina nire ustez loturak pixkanaka-pixkanaka ematen dira eta ez bukaeran deblauki. Bale, bukaeran nabarmenagoak dira loturak, baina pista zehatzak daude bidean.

    Bestetik, ez nuke esango laprastada denik. Edo, Unaiez gain, ezagutzen duzue liburu bat idazteko psikiatria-adituengana jotzen duen idazlerik?
    Bere istorioei beti darie halako surrealismo kutsu bat, azkenerako normala eta guzti egiten zaizula.

    Azkenik, irakurri dut Eibartarrak zerrendako haria eta, zer nahi duzue esatea, nire iritziz maitasuna inoiz baino nabariagoa da; ez, noski, bikote-harremanen ikuspegitik.
    Ze Phineasek Sora beste inor baino gehiago maite du. Eta teilatuko lagunen artean ere badago betiereko afektu moduko bat.
    Egia da sexurik ez dela ageri eta, aldi berean, konturatu naiz zomorro eta intsektuekiko joera alboratu dela (oker ez banago, katuak bakarrik agertzen dira orain).

  3. egilea: Nahikari

    Pasa den astean erosi nuen, baina ez dut denborarik izan. Irakurtzen dudanean nire iritzia emango dut. Halandabe, azaroaren 29an Getxon izango dugu Irakurzalearen Txokoan.

  4. Joxe Aranzabal egilea: Elena Laka

    Nik irakurri nuen, Joxe, eta ezingo nioke zuk planteatutako zalantzari erantzun. Irrikaz nengoen bukaerara iristeko, istorio biak nola bilbatuko ziren ikusteko, eta halako batean ezustekoa.

    Pentsatu nuen orduan liburuan zehar pista gehiago emango zirela bukaerara iristeko, aurretik ihes egin zidatenak,eta guztia hasieratik berrirakurtzeko premia sartu zitzaidan. Baina aurrerago izan beharko, orain gertuegi daukat.

  5. egilea: Joxe Aranzabal

    Bat nator Beñat Sarasolak liburu honen gainean Berria egunkarian esandako gehienarekin (2009.10.11):

    • Nolanahi den, aitortu behar dut nobelaren amaiera ez dudala batere
      gogoko izan. Borobilegia suertatu zait, zirrikiturik gabea, eta uste
      dut kontraste handiegia egiten duela nobelaren ordurarteko jite
      ezegonkor eta zalantzazkoarekin. Baina horrek bainoago, liburuaren
      interpretazio orokorrean dituen inplikazioek arduratu naute. Izan ere,
      amaierarekin, nobela guztian zehar lehenengo planoan kokatzen den
      diktadura eta bere ondorioak bigarren maila batera alboratuta geratzen
      dira, halako irakurketa psikologista bat gailentzen delarik.
      Istorioaren ebazpena, hala, ez da espero zitekeen bidetik gauzatzen,
      eta literatura jolas gisa funtzionatzen badu ere, ikuspuntu
      etiko-politikotik, ene aburuz, dezente zalantzazkoa da. Bere arrisku
      guztiekin, Londres kartoizkoa da-n aurkitzen dugun diktadura
      azaltzeko modu alegorikoa argia eta berritzailea egin bazait ere,
      azkeneko biraketa horri eragozpen handiak ikusi dizkiot.
  6. egilea: patxi lurra

    Neuk azkenean irakurri dot elebarria barriki, gogoratu naz post honetaz eta hona neure eritxia: Asko gozatu dot liburua, pasarte batzuetan galtzen nintzala sentidu arren. Ganera, borobiltasunarena edo gauzak lotzearena guztiz gustukoak izan ditut, eta amaierak asetu nau zalantza barik. Unaik liburuaren amaieran eskertzeko atalean zerrenda luzea argitaratu dau,  liburua egin bitarteko urteetan beragaz berba egin daben pertsona guztiak. Jeniala!

    Halandabe, Unai Elorriagaren liburuekin bardinketa kuriosoa gertatu jat: “SPrako tranbia” eta “Londres…” gozatu ditudan bitartean, “Van Hofft” eta “Vredaman” ez ditut ondo harrapatu eta amaitu barik laga ditut biak ala biak. Bardinketa desegiteko bosgarren lan bat irakurri nahi dot, antzerkirako egindako liburu bat elebidunez kaleratu dauana…

Utzi erantzuna Elena Laka(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude