Upelak ala petrolioa, zer garestitu da?

Evo Moralesek hautsak harrotu ditu nazioartean, Boliviako petrolio enpresak nazionalizatu egin ditu eta. Euskadi Irratiak atzo esan zuenez, erabaki horrek “petrolio upela” garestitzea ekarri du, bi dolar. Horren arabera, upelak garestitu dira, eta ez petrolioa. Beste hedabide batzuetan, berriz, entzun eta irakurri genuen petrolioa garestitu dela. Merkatua nola dabilen ikusita, horixe da logikoa, petrolioa garestitzea, eta ez upelak. Orduan, zergatik nahaspila?

Nahaspila sortzen da ez dugulako garbi zer den upel petrolioa eta zer petrolio upela, edo, bestela esanda, garai batean Sustatun piztutako eztabaidara itzuliz, botila ardoa eta ardo botila. Esaten badugu iazko uzta txarraren ondorioz “botila ardoa” garestitu dela, badakigu ardoa garestitu dela. Baina irakurtzen badugu “ardo botilak” garestitu direla, orduan ondorioztatu beharko dugu kristal produkzioa okertu egin dela, eta hortik botilak garestitzea.

Beraz, Evo Moralesen erabakiak ekarri du, ondorio moduan, “upel petrolioa” garestitzea. Has gaitezen, beraz, pentsatzen nola aprobetxatu, ahalik eta ondoen, energia.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Erantzun bat Upelak ala petrolioa, zer garestitu da? bidalketan

  1. egilea: Jabi

    Planteatzen duzun eztabaida filologikoa aparte utzita, nik galdetzen dut zergatik garestitu behar duen petrolioa herri batek bere ondasuntzat hartzeak. Edo are larriagoa, Irango presidentearen adierazpen batzuek… Ondorioz petrolioa garestitzen duten enpresa horiexek jasoko dute garestitze horren ondoriozko onura. Nire analisia da enpresa horiek, aitzakiak erabiliz, petroleoaren salneurria ezartzen dutela nahierara.

Utzi erantzuna Jabi(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude