Orain astebete Amazon.com liburu denda birtualak iragarri zuen ireki egingo zuela Alexa web biltzailea, horrela, nahi duten programatzaileek eraiki dezaten Alexaren gainean beraiek sortutako bilatzaileak. “Euskaltzaindiak” beste horrenbeste egin lezake Orotariko Euskal Hiztegiarekin.
Web biltzailea elementu ezinbestekoa da bilatzaile bat sortzeko, zeren software horrek irakurri eta indexatu egiten baititu milaka milioi webgune. Ondoren, bilatzaileak bilatu egiten du hark sortutako aurkibidea. Alexa bezalako software bat sortzea izugarri garesti da, eta denbora mordoa behar da horretarako. Orain, berriz, edozeinek erabil dezake Alexa, Amazonek oso gutxi kobratuko baitio erabilitako gigabyte bakoitzeko. Halaxe dio Business 2.0 aldizkariak.
Erabaki horrekin, Amazonek askatu nahi du jende askoren sormena eta garatu bere teknologia, lehia gogorrean Google, Yahoo! eta Microsoft enpresekin.
Amazon.com liburu dendak nola, Euskaltzaindiak ere beste horrenbeste egin lezake Orotariko Euskal Hiztegiarekin. Sarean ipini hiztegi osoa modu irekian, nahi duenak nahi dituen soluzioak asma ditzan, herritarrok erabil ditzagun, doan ala kobratuta.
Euskaltzaindiaren txanda
Horrelako erabaki batek ateak irekiko lizkioke sormenari, eta euskaldun guztiok irabaziko genuke, modu batean edo bestean, etekin handia aterako genioke-eta OEHri. Bestela egitea, alegia, denon diru gehiago eskatzea soluzio itxi bat asmatzeko, Euskalterm dagoen moduan, iruzurra egitea izango litzateke.