Egia da, jaun-andreak: Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) formatu digitalean dago oraintxe bertan, nahiz eta Ibon Sarasolak behin eta berriro esan eta azkenengoz Sautrela saioan, joan den larunbatean, hiru urte gehiago beharko direla OEH orain urtebete bukatu zen, berez hiztegia formatu digitalera pasatzeko. OEH formatu digitalean dago, eta, nahi izatera, sarean ipin daiteke bost minutu baino lehenago.
Digitala, definizioz, zenbakien bidez adierazten da. Horixe dio Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegiak. Eta nola ordenagailu guztiek zenbakiekin egiten duten lan, beraietan landutako produktuak digitalak dira. Horixe dio Robin Williams adituaren Jargon hiztegi teknikoak. Horrek esan nahi du ordenagailuetan gordetzen den guztia digitala dela: testu bat, argazki bat, marrazki bat, audio zati bat, bideo bat Artikulu hau berau, Faroan argitaratu aurretik ere, nire ordenagailuan gordeta zegoela, gai digitala zen. Orobat, OEH guztia formatu digitalean dago, berau egiteko ordenagailuak erabili direlako. Nire aurretik Jabi Zabalak ere ederki azaldu zuen hori erantzun batean.
OEH sarean ezartzea bost minutuko kontua izan daiteke. Euskaltzaindiak di-da egin lezake hori, horrela erabakiko balu. Eta erabaki zoragarria izango litzateke, geroko gerotan eta luzamendutan ibili gabe hiru urte gehiago itxaron beharra horixe baita, denon eskura ipiniko luke-eta sekulako altxorra.
Orotarikoaren fruituak
Eta nola Ibon Sarasolak lan mardula egin baitu Zehazki hiztegiarekin, zeina, egileak horrela esanda, oinarritu baita Orotarikoan, hala egin dezakete beste askok altxor horretan oinarrituta. Luistxo Fernandezek dagoeneko aurreratu ditu zenbait lan ildo. Eta gero besteok, merkatuak alegia, erabakiko dugu lan horiek onak diren edo ez. Nik, adibidez, erosteko asmoa dut Zehazki hiztegia. Eta, geroago ere, prest egon naiteke beste batzuen lanak ere erosteko.
Adar jotze galanta izango litzateke OEH diru publikoarekin egin eta gero, lau urte behar izatea dagoeneko bat joan da, bobilis-bobilis, lau urte eta diru publiko gehiago, hori denon eskura ipintzeko. Eta are adar jotze handiagoa Euskaltzaindiak era mugatuan ipiniko balu sarean, Euskalterm dagoen bezala, hitzez hitz kontsultatzeko moduan bakarrik, horrela urteak atzeratuko bailuke, alferrik, OEHn oinarritutako ikerkuntzaren eta produktuen zabalkundea.
Entzun, Euskaltzaindia
Euskaltzaindiak ez du diru publiko gehiago behar, ez eta hiru urte gehiago ere, OEH sarean jartzeko bere osoan. Gaur bertan egin lezake hori. Nik ere horixe eskatzen diot.
ez al da posible presio egitea aberastasun hori publiko egin dadin?
internetez halako zerbait antola al daiteke?
Nik uste dut kopia piraten beldur direla, badakizu, kalean beltzak OEHren CDak saltzen, Bisbal eta Bustamanteren CDen alboan. Oso arriskutsua litzateke hori, euskara mafien eskuetan, auskalo zein helburu zikinekin: pedofilia, droga trafikoa, prostituzioa.
Hobeto dago giltzapean.
Nik ingelesa ikasteko, http://www.dict.org web orria erabiltzen dut. Bertatik zenbait hiztegitan kontsulta daiteke hitz bat, aldi berean. Eta askotan pentsatu dut horrelako zerbait eduki beharko genukeela euskeraz ere, datubase bat non era errazean kontsulta daitezkeen hitz baten adierak zenbait hiztegitan, sinonimoak, erabilera adibideak, zalantzak…
Softwarea eginda dago, orain euskaltzaindiaren borondatea falta dugu. Baina jakina, hori egiteko agian komenigarria izango litzateke OEH-ari lizentzia libre bat ematea.
Nik aipaturiko OEHren deribatibo posibleak guztiz hipotetikoak dira, eta ez dute ezta errealistak izateko asmorik. Nik neuk, jakina, ez dut garapen gehigarri aberatsik asmatuko jakintza horri baliorik eransteko, baina beste batzuek egingo luketela uste dut.
Bestalde, OEH digitalaren oinarrian, susmatzen dut neurri batean gure literaturaren historia osoa dagoela digitalizatua, erreferentzia bilaketak eta gurutzaketak horri esker egin ahal izan dituztela.