Euskadiko Lan Elkartuko Kooperatiben Federazioari gertatu zaio Euskal Herrian erakunde askori gertatzen zaien gauza bera, euskara erabiltzen dutela, sinbolo gisa, itxurak gordetzeko. Eta horrelakoetan, igarri, nola ez. Diseinu enpresa bati eman enkargua kartelak egiteko, han inork ez daki euskaraz, sekulako hanka sartzea egiten dute baina nola inork ez duen kalitate kontrolik egiten euskarazkoan, aurrera doa, banatu egiten da, gure eskuetara iritsi arte.
Gonbita bat jaso nuen atzo, Euskadiko Lan Elkartuko Kooperatiben Federazioak bidalita, abenduaren 14an joan nadin Gasteizera, jardunaldi batzuetara: Ekialdeko herrialdeek eta Europar Batasunaren zabaltzeak Euskadiko kooperatibetan duten eragina. Esku programa ikusi nuenean, ordea, harrituta geratu nintzen; dena hankaz gora, gaztelaniaren hurrenkeran: Buruzko jardunaldia – Ekialdeko herrialdeek eta Europar Batasunaren zabaltzeak Euskadiko kooperatibetan duten eraginari.
Horrelako hanka sartzeak irain bihurtzen dira euskaldunontzat. Inork ez gaitu errespetatzen, ez dugu kalitate kontrol minimorik ere merezi. Erabaki dut abenduaren 14an baditudala gauza garrantzizkoagoak egiteko, Gasteizera joatea baino.
Arrazoia, Joxe. Bestalde, egokitzapen bat egin duzu azalpenean: behar duten hitzei bakarrik jarri diezu maiuskula.
Lagunduko diegu pixka bat? (Orain alferrik, baina tira). Nire proposamena:
Jardunaldia – Euskadiko kooperatibetan nolako eragina duten ekialdeko herrialdeek eta Europar Batasunaren zabaltzeak.
Kartel horretan gastatutako dirua behar den lekura joango balitz Horrelako hankasartzeetan galdu den diru guztia behar den lekuan balego Horrelakoei isunak jartzen hasiko balira (gaizki aparkatutako autoei bezala)
Anjel
Txiripa izan da artikulu hau euskararen egunean atera izana, gaur konturatu bainaiz horrekin. Badugu, bai, oraindik zer hobeturik.
Patxi: alferrik izango da, akaso, baina zure proposamena askoz hobeto dago. Ondo segi biok.