Urduñan

Asteburu honetan Urduñan izan gara, hotel-bainuetxe batean. Gutizia bat izan da, Begoren eta bion urtebetetzeak ospatzeko. Gau bakarra egin dugu, baina pozik itzuli gara, paraje ederrak sumatu ditugu-eta inguru hartan.

Gasteiz aldetik iritsi ginen “Urduñara,”:http://www.euskalnet.net/kmendibil/orduna_principal.html euripean eta behe lainoak lagunduta. Hala ere, ordeka zoragarriak sumatu genituen inguruan. Hotela eraikin izugarri handia da, neoklasikoa, eta herriko plazan dago. Garai batean aduana hor zegoen, eta bertan kobratzen zitzaien zerga Gaztelatik Bizkaira sartzen ziren jeneroei. Oraindik ere atentzioa ematen du eraikinaren handiak.

Gaur egun hotela eta bainuetxea da behialako aduana. Gure neskek esan zuten bainuetxe gisa ez zela beste munduko ezer, beraiek hartu baitzuten bainua. Hotel bezala, berriz, nota hobea jaso zuen. Hala ere, gau eskasa igaro genuen, kalean sekulako oihuak entzuten ziren, gazte talde bat alboko arkupeetan aterpetu baitzen gauari aurre egiteko.

Bi ostera labur egin genituen Urduñan zehar, biak euripean: bat larunbat gauean, afaldu aurretik, eta bestea hoteletik irtendakoan, beribilera bidean. Herri ederra begitandu zitzaigun Urduña, denboraren joanean apur bat baztertuta geratu baldin bada ere Euskal Herriko komunikabide nagusietatik. Ez dakit zergatik, baina iruditzen zait itzuliko garela paraje haietara, eguraldi hobearekin ere zoragarria izango da eta.

Saiatu ginen Interneten bidez informazioa jasotzen eta erreserba egiten, baina ezin. Aduana hotela, horrela deitzen baita Urduñako hotela, kate baten barruan dago Aisia Hotelak, baina hor sareko kontuak ez dira iristen ezta eskaparate huts izatera ere.

Interneten, eskas

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Erantzun bat Urduñan bidalketan

  1. egilea: Julen

    Inguruan paraje ederrak daude, bai jauna: Nerbioi ibaiaren urjauzia, edo Goiurikoa, zoragarriak biak ala biak.

    Eta mendirako gogoz egonez gero, aukera handiak eskaintzen ditu Urduñak: Txarlazo, Salbada, Tologorri…

    Zer esanik ez, Urduña mendatea pasatu eta, Burgosera sartu-irten labur bat egin ostean, Valderejoko parkerantz bagoaz.

    Aukera ona egin zenuten, Joxe: orain bazter horiek deskubritzea baino ez zaizue falta. Niri ere bai, egia esan.

Utzi erantzuna Julen(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude