Goio Aranak aurkikuntza polita eta esanguratsua egin du Euskadi Irratiak oraindik orain atera duen iragarkian. Niri, berriz, beste zerbait etorri zitzaidan burura Euskadi Irratiaren iragarkia ikusi nuenean Nabarra aldizkariaren orrietan, Euskadi Irratiak oraindik ere arazoak dituela bere publizitatean Maite Artolari aitortzeko dagokion lekua: lehen planoa.
Iaz beste iragarki bat atera zuen, eta han, lehen planoan Manu Etxezortu eta Susana Mujika agertzen ziren, goiz parteko irratsaioetako gidariak, eta atzean esatari tropel anonimo bat. Kartel hark bi akats zituen nabarmen: ez ziren agertzen han zeudenen izen-deiturak, eta ezkutatu egiten zuen ia erabat Maite Artola, garai hartan irratiak zeukan ondasunik interesgarriena.
Aurtengo iragarkian hiru lagun baino ez dira agertzen: Ainhoa Etxebeste Goizak Gaur albistegietako esataria lehen planoan, Manu Etxezortu Goiz Kronika saioko gidaria tartean, eta beste bien atzean, Maite Artola, Mezularia gidatzen duena.
Iragarki horrek aurrekoaren bi akats konpondu ditu: erakusten du zer izen eta zer irratsaio egiten dituzten argazkikoek. Eta, bigarrenik, Maite Artola aurrerago ekarri du Euskadi Irratiaren ordezkari moduan, nahiz eta hor ere hirugarren planoan erakusten duen.
Iragarkiaren argi-ilunak
Euskadi Irratiak arazoren bat du Maite Artolaren aurpegia, zeinek ekarri baitio beste estilo bat irratiari zorrotza, serioa eta patxadatsua, irratiaren marka moduan azaltzeko. Hori barruko ezinikusiek eraginda baldin bada, malo.
Nik Maiteri ikusten dizkiot gauza onak eta txarrak. Diozu serioa eta patxadatsua dela, eta nik hori asko maite dut. Baina zorrotza, zorrotzegia da aukeran, eta, entrebistak edo galderak egitean, niri zakarregia iruditzen zait. Ez beti, baina bai askotan. Galdera “konprometituak” egiten ditu, eta etzaio inporta entrebistatzen duen pertsona estu eta larri jartzea, baina hori, birtute bat izanik, makurra bihurtu daiteke muturrera eramanez gero. Hala ere, bere birtutek pisu gehiago dute izan ditzakeen makurrak baino. Profesional ona da inondik ere.
Nire gusturako, Arantxa Iturbe falta da argazki horretan.
Urteak daramatza irratigintzan, lehen goizean (behin) eta orain arratsaldean, beti maila itzelean. Ez nau aspertzen: alderantziz, irratira pega-pega eginda izaten nau askotan, eta mikroaren aurrean urteak eman baditu ere, bere freskotasuna lehenengo egunekoa bezalakoa da.
Bestetik, Euskadi Irratiak literaturari eskaintzen dion begiradarik hurbilena eta benetakoena berea da: liburuak irakurri egiten ditu, sekula ez dio idazle bati elkarrizketa egingo, aurretik liburua irakurri gabe. Hori eskertzekoa da garaiotan.
Ez dut uste iragarkiak kontuan hartzekoak direnik. Azken finean, Euskadi Irratiari ordutegi nagusiko saioak promozionatzea komeni zaio batez ere, eta irratiko prime-time-a goizez da. Beraz, normala da Maite Artola bigarren maila batean agertzea.
Baina bide batez, esan dezadan niri ere asko gustatzen zaidala bere estiloa.
Nire ustez Euskadi Irratiak aurpegiak, ahotsak, izarrak behar ditu.
Nik ez dut COPE entzuten, Jiménez Losantos baizik. Ez dut Ser entzuten, Iker Jimenez baizik. Ez dut Monda Cero entzuten, Carlos Herrera baizik. Ez nuen Herri Irratia entzuten, Mariano Ferrer entzuten nuen.
Eta hori nahi dut. Ahots bat. Izar bat. Badakit beti hor egongo dena.
Aupa, lagunak! Bat nator Unairekin: Euskadi Irratiak izarrak behar ditu. Tropelaz batera, izarrak, benetako izarrak, irratiaren aurpegia izango direnak. Nahi badute albistegietako norbait izatea izar hori, aldatu egin beharko dituzte informatiboak, orain oso inpertsonalak baitira, eta bizkorregiak. Goiz Kronikak ere izan zuen aro oparorik, baina gaur erori samar ikusten dut nik.
Arantxa izan liteke irratiaren aurpegia, Julen, badauka eduki beharrekoa, baina orduan hartu beharko luke orain daukan baino pisu handiagoa programazioan. Nik apusturik garbiena egingo nuke Maite Artolaren alde, berak ekarri baitio irratiari haize freskoa. Zorrotza da, Jokin, horretan bat gatoz, baina ez dut uste gaiztoa denik bere lanean.
Nik horrela ikusten ditut gauzak Euskadi Irratiari dagokionez. Noski, entzule baten iritziak dira, eta ez nuke nahi irratian inor haserretzerik, baina niretzat publizitatea nola enfokatzen den inportantea da, horrekin irratia mezu bat bidaltzen ari zaigulako, batzuetan mezu okerra. Besarkada bat denoi.