Besamotz

Zuetariko batzuk konturatuko zineten hiru bat egunean ez dudala ezer idatzi blogean. Ezin izan dut. Ezker besoa, besaburua hobeto esanda, erabat minduta nuen, eta ez nintzen gauza ez lo egiteko, ez janzteko, ez autoa gidatzeko, eta ezta idazteko ere. Orain bai, hobeto nago-eta.

Joan den ostiralean kaxa bat botila ur jaso nuenean igarri nuen tarrateko txiki bat ezker besaburuan. Hala ere, nik aurrera etxeraino, bi besoak hartuta bainituen. Egunetik egunera, baina, mina areagotuz joan zen, ia besamotz geratzeraino. Egun horietan lankideek eraman behar izan naute lanera —besteak beste, karrera amaierako bi proiektu nituen zuzendu beharra halabeharrez—, eta han, gaitzerdi, ia geldirik egoterakoan, nahiko ondo moldatu nintzen, denbora gehiena irakurtzen, eta oharrak eskuz idazten, eskuineko eskuarekin.

Asteazken eguerdian Arrasateko Ospitalera joan nintzen, larrialdietara, Ramon anaiak lagunduta. Han, aspaldiko lagun batek hartu gintuen, Juanra Arando mediku elorriarrak. Berak esan zidanez, ez nuen ezer hautsirik, ez eta kaltzifikaziorik ere. Tendinitis bat nuen, eta bere iritziz, onena zen infiltrazio bat egitea minduta nuen besaburuan. Eta halaxe egin ere.

Tendinitisa

Asteazkenean bertan, ilunabar aldera, hasi nintzen hobeto sentitzen. Eta ostegunean, atzo, ausartu egin nintzen autoa hartzera. Apur bat trakets, baina moldatu nintzen. Eta gaur, ederto egin dut lo, eta hemen nago, ordenagailuaren aurrean, aprobetxaturik Gipuzkoan jai dugula.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

4 erantzun Besamotz-ri

  1. egilea: patxi lurra

    Juanrak hori esan baldin baeutsun, ziur aski holan izango da, Traumaz asko daki eta. Eguaztenean neu be guardian egon nintzan berton, baina neure zerbitzuan, 2. solairuan.

    Ondo osatu!

    PD Burura etorri jat Tapia eta Leturiaren abesti zoragarri hura: “Maitea hi haiz nere besamotza…”

  2. egilea: Edorta

    Aupa Joxe.
    Nola egin duzu, gaixo-pakete oso bat erosi ala banaka?
    Belarriarena lehenengo orain soinburua…zaindu zaitez.
    Faltan bota zaitugu.
    Noizko intxaurren hiztegia?

  3. egilea: Iturri

    Aupa:

    Edortak dioen bezala gaixo-paketea hartu duzula dirudi. A zer zortea, gizona!

    Dena den, paketea zuk erosi duzula jakinda, besteak lasaiago gabiltza.

    Animo eta eutsi goiari.

  4. egilea: Joxe Aranzabal

    Bada ez dakit nola egin dudan hainbeste gauza harrapatzeko. Badakizue: “txakur ahulak, arkakuso asko”. Horrelako zerbait gertatzen zait niri.

    Baina pozik nago, Juanrak asmatu bai, asmatu zuen, eta ni hobeto nabilelako. Mila esker zuen animoengatik. Besarkada bat.

Utzi erantzuna Iturri(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude