Atzo ikusi nuen, lehen aldiz, nolakoa den Maite Artola kazetaria. Telebistan. Rikardo Arregi Kazetaritza sarien berri ematen ari zirela. Izan ere, askotan entzun dut haren ahotsa, eta uste dut edozein tokitan ezagutuko nukeela, baina haren aurpegia inoiz ikusi barik nengoen.
Rikardo Arregi Kazetaritza sari nagusia eman diote aurten, eta pozten naiz, merezimendu osoz irabazi duelako. Nire ustez azken bi urteotan Maite Artola izan da baliorik sendoena Euskadi Irratian. Mezularia entzun beharreko saio bihurtu da euskaldun askorentzat, eta horretan zerikusi handia du saioko zuzendariak.
Maite Artola azkarra da, serioa, kapaz edozein isilarazteko alperrik luzatzen ari bada, eta baita barre egiteko ere, egoerak eskatzen duenean, entzuten daki, eta gai da galderak ibilian egiteko, elkarrizketatuaren jardunaren arabera.
Gogoan dut nola, behin, bere tertuliakideak beste norbait ari zirela elkarrizketatzen, haietako batek esan zion elkarrizketatuari, zalantza artean: nik gauza bat esan nahiko nituzke . Eta berehala irten zen Maite: bat ala nituzke?, alegia, labur ala luze hitz egiteko asmoa ote zuen. Askotan egin dut barre ateraldi haren gainean. Nik uste dut, gainera, anekdota horrek ondo erakusten duela nolakoa den Maite: erreflexu onekoa, zorrotza, eta umoretsua.
Bat ala nituzke?
Zorionak, bada, Maite Artolari, eta berak zuzentzen duen taldeari.
Nik ere neukan nolakoa zen jakiteko kuriositatea, hainbeste denboraz entzun eta gero. Saltsa oso ona jartzen du eta zein gustora entzuten dugun!
Arrazoi osoa eman behar dizut. Oso ona iruditzen zait Maite Artola.
Bere momentuan ere idatzi nituen bere profesionaltasunari buruzko lerro batzuk, Hamaika delako blogean.