Pokastina, inoiz baino errazago

Joan den hilean Steve Jobsek agindu zuen Applek laster eskainiko zuela pokastina iTunes programan, eta baita enpresa horren ipotxetan ere, hau da, musika jogailuetan. Esan eta egin: atzoz gero iTunes programak eta iPod jogailuak posible egiten dute, inoiz baino errazago, saretik hartutako irrati programak entzutea, entzuleak nahi duen unean eta tokian. Goienako jerifalteek nahi dutena esango dute, baina (RSSk eta) pokastinak aldatu egingo dute nola entzungo dugun irratia. Eta hobe dute prest egotea. Nola egiten den

Applek atzo bertan jakinarazi zuen berria, iTunes programak eta iPod jogailuak eskainiko zutela pokastina. Hori irakurri bezain laster, Applen webgunera joan, eta jaitsi egin nuen iTunes programaren 4.9 bertsioa. Nik mac ordenagailuarentzako bertsioa aukeratu nuen, baina badago Windowsentzako bertsioa jaisterik.

Behin iTunes jaitsita eta instalatuta, programatik bertatik iTunes Musika Dendara joan, eta pokastinen menua ikusi nuen, iTunesek berak eskaintzen duena: 3.000 inguru feed aukeran. Apur bat kuskuseatuta, hirutan egin nuen harpidetza: ABC News, kate horretako Nightline irratsaioa, eta Bostongo irrati publikoa. Ondoren, sartu egin nituen podcasting izeneko atal berrian, ipotxean bertan.

Gaur goizean, berriz, sinkronizatu egin dut ipotxa nire ordenagailuarekin, eta iTunes programak automatikoki berritu du ipotxaren softwarea, ni konturatzeke. Ondoren, kopiatu egin ditut aukeratutako feedak ipotxan, eta kitto!

Ipotxa aldean hartu, eta paseatzera joan naiz, Argineta aldera. Elorrio inguruko berdeguneak gozatzen nituen bitartean, entzun egin ditut feedak, argi eta kalitate handiarekin. Gozamen hutsa izan da.

Pokastina Adam Curryk ezagutarazi zuen 2004an, eta beronen bidez edozeinek —afizionatua izan, nahiz irrati profesionala— sortu ahal ditu audio artxiboak, irratsaio baten tankerakoak, jendea harpidetu dadin eta entzun ditzan ordenagailuan eta edozein mp3 musika jogailutan (ez derrigorrean ipotx batean), nahi duen unean eta tokian.

Gaurko honetan AEBetako irratsaioak entzun ditut, baina gustura entzungo nituzke Euskadi Irratiak, edo beste edozein euskal irratik, egindako pokastinak, interesgarriak izanez gero, behintzat. Berriro diot: uste dut bai gure irrati publikoak, eta baita pribatuak eta lokalak ere, euskaradunez ari naiz, sartu egin behar direla lehenbailehen esparru horretan, eta moldatu garai berrietara. Denok irabaziko dugu, eurek eta guk.

Zer da pokastina?

BBC, esate baterako, iaz hasi zen pokastina erabiltzen, urtearen amaieran, In Oour Time irratsaioarekin. Orduan 70.000 lagunek jaitsi zuten irratsaioa. Hori ikusita,, gaur egun BBCk dozenaka irratsaio eskaintzen ditu pokastin bidez.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude