Ia hogei urte neraman Gustavoren berririk gabe. Googleri eskatu nion laguntza, eta hark eman. Baina ez nago seguru aurkitu dudan pertsona hori nire Gustavo den, edo beste bat. Dena hasi zen 1985ean, Israelen. Han, Mishmar Hanegev kibutzean Gustavo ezagutu genuen, mutil bat argentinarra, beste judu askorekin antzera hara joan zena Israel ezagutu eta hebraiera ikastera. Gustavo mutil garaia zen, ile luzearekin, atsegina, berba errazekoa, peronista, eta Maradona zale amorratua. Lagun onak egin ginen.
Handik urtebetera-edo, bera Frantzian zegoela eta gu Euskal Herrian, deitu egin zigun. Ezkondu egin behar zen eta, nola bere familiatik inor ez zen etorri behar ez zuten-eta onartzen ezkontza, eskatu zigun ea Bego eta biok joango ote ginen Nice hirira, orduan gu baikinen berarentzat familia bakarra, emaztegaiaz gain. Noski, joan ginen, eta ni izan nintzen Gustavoren aitaponteko bere ezkontzan. Hiru bat egun igaro genituen elkarrekin Nicen, oso politak.
Harez gero, baina, ez dugu elkarren berririk izan. Joan den astelehena arte. Gustavoz gogoratu, eta erabaki nuen haren izen-deiturak idaztea Googlen, ea zer gertatzen zen. Eta zerbait gertatu zen, alafede:
Galdetu Googleri
- Aurkitu nuen pdf bat, non Gustavo aipatzen zen, bere izen-deiturekin. Han esaten zuen moduan, Gustavo hori multinazional bateko buru zen Buenos Airesen, eta pdf hartan agertzen zen berari egindako elkarrizketa bat, komunikazioaren gainean.
- Berriro Googlen, idatzi nuen konpainia horren izena, eta Buenos Aires. Hara! Hantxe agertu zen Gustavo, korbata eta guzti, ile motz eta gogorrarekin. Sudurra eta aurpegiera antzekoa zuen, baina ezin seguru esan bera zenentz.
- Idatzi nion mezu bat, webgune hark aukera ematen zidan-eta hari zuzenean idazteko. Esan nion nola ezagutu nuen Gustavo, nolakoa zen, nola izan nintzen haren aitaponteko Nice hirian, etab.
- Mezua bidali eta ordubetera, postontzian nuen erantzuna. Ezin bizkorrago, kontuan hartuta enpresa bateko buru batek bidalia zela. Halaxe zioen:
- Lamentablente no soy yo. Vivi en isarel hace 20 años (en un kibutz) pero no te conozco, no me case en Nice y no soy fanatico de Maradona. El unico otro Gustavo ( ) que conozco hace 20 años que no lo veo y no tengo contacto alguno con el ni manera de contactarlo. Me fije en la guia telefonica y, al menos en Buenos Aires, no figura. Buena suerte en tu busqueda!
Erantzuna, berehalakoan
Berak dio ez dela guk bilatzen dugun Gustavo, baina aitortzen du 1985ean Israelen izan zela, kibutz batean. Kointzidentzia asko dira: bi pertsona, herrialde berekoak, izen-deitura berdinekin, eta urte berean Israelen izatea, kibutz batean. Eta batak bestearen berri ez izatea.
Oraindik ez dut oso garbi pertsona hori gure Gustavo den edo ez. Bi aukera daude:
Bera da, ala ez da?
- Ez da Gustavo, berak dioen moduan. Haren izen-deitura berdinak ditu, baina ez da bera. Gerta liteke.
- Gure Gustavo da, baina erabaki du urte haiek, eta orduko lagunak, iraganeko kontua direla. Bera orain enpresa bateko buru da, beste gauza batzuk esaten ditu, eta beste bizimodu bat darama, erabat bestelakoa. Beraz, ez zaio interesatzen berriz harremana egitea gurekin.
Bata zein bestea izan daitezke egia. Ni, behintzat, pozik geratu naiz, Googlek esperientzia polita eskaini didalako bilaketa horretan.
Bigarren aukeran “erratu zara” batekin nahiko zuen, eta azalpen gehiagorik gabe moztu. Ni lehenengoarekin geratuko nintzateke eta bilatzen jarraitu.
Duela aste batzuk nik berdin egin nuen aspaldiko lagun batekin eta kontaktuan jarri gara 15 urte beranduago
itxaso
Horixe egin beharko dut, Itxaso, pentsatu berak egia dioela, eta segi nire Gustavoren bila, aurkitu arte. Mila esker.
Gustavo